Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Femilistoki

2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoetan, eta bizitzan, ezinbestekoa da kopiatzea. Beste batzuek egin duten hura hartu eta zurera eramatea, ahal dela izaera propioa emanez. Ez dugu aldiro gurpila asmatu beharrik. Han eta hemen defendatzen dudan tesia da, eta ez hitzez bakarrik. Lotsa handirik gabe jartzen dut praktikan ere. Hiru Damatxon Pantomima Full formatua kopiatuz egiten dugun Atzean Zuloa umorezko bideo sorta ikusi besterik ez dago. Pilula horien artean, bada bat Femilistoa izenekoa, erakusten duena zenbateraino geratzen garen gizonok barregarri feminismoaren bandera hartzen dugunean. Bada pertsonaia hortan ni —edo nire traza batzuk— ikusi dituen gertuko lagunik; eta gaur, haien adarjotzerako bazka gehiago dakart hona.

Late motiv saioaren balizko agurra hizketagai da azken egunotan. Andreu Buenafuenteren programak dohain asko izan ditu, baina, denen artean, bat azpimarratuko nuke nik: umorista gazteagoek bidea egiteko erakusleiho paregabea izan da. Zerrenda egiten hasiz gero, ordea, agerikoa da: gehien-gehienak gizonezkoak dira. Azken urte parean hasi dira emakumezko kolaboratzaileei toki gehixeago egiten —Eva Soriano, Carolina Iglesias, Victoria Martin—, eta kasualitatea izango da, baina saioa kentzeko erabakiarekin bat egin du horrek. Eskerrak Espainia mailako hedabideetan beren lekua irabazi duten beste asko ere badiren: Ines Hernand, Susi Caramelo, Henar Alvarez...

Bien bitartean, euskarazko telebistan ez dago umorezko fikzioa egiten duen saiorik. Garai gris samarrotan aringarri faltan gaudela kontuan hartuta, nabarmena da hutsunea. Ariko da, ziur asko, baten bat hori betetzeko formularen bila. Eta, seguru asko, El Terratek Espainian egin dituen formatuetan jarriko du begia baten batek. Baina, ahal dela, kopiatu dezatela azken urteetako joera; edo —eskatzen hasita— izan daitezela erradikalagoak ere. Telebistan —gidoi lanetan edo aktore rolean— umorea egiteko gaitasuna bai baina tokirik apenas duten emakumeak ez dira falta: Nerea Arriola, Intza Alkain, Idoia Torregarai, Mirari Martiarena, Nerea Aranburu, Edurne Azkarate, Bea Elgezabal, Ane Labaka, Maialen Sorzabalbere, Jone Arriola... Ez da haiei saio bat emateko aukera txarra. Ahal dela, ondoan Buenafuenteren gisako aita pontekorik eta —ejem— femilistorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.