Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Ospatzeko aurrekaria

2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ez dira garai samurrak euskaltzale arduratuarentzat. Begiratu ezker, eskuin, gora, behera. (Ia) denak dirudi mehatxu, kezka iturri. Globalizazio homogeneizatzailea, militantzia ereduaren agortzea, hezkuntza formalaren gaitasun mugatua. Zer esanik ez, arduratu izenondoari nostalgiko edo sumindu gehitzen bazaizkio. Irrati esatarien erregistroa dela, musikari gazteen hizkuntza hautua dela, edo dela zenbait ordezkari publikoren gaitasun urria. Atsekabe eta haserrerako aitzakiak nonahi aurkituko ditu nahi izanez gero. Eta ez da kontu hutsala: ez dago hala —apokaliptiko, larrituta, haserre— lasai bizitzerik; ez eta arazo horiek leunduko dituen taxuzko ekarpenik egiterik ere.

Horregatik da ospatzekoa lorpen eta pauso txiki oro, nahiz eta horrek, behingoz, eszeptikoaren betaurrekoak eranzteko eskatu. Telebista kontuetara ekarrita —horretarako ordaintzen digutenez hemen—, ERCk, BNGk eta EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin egindako akordioan, badira pozteko moduko zenbait kontu. Irakurriko zenituen han edo hemen dagoeneko: batetik, streaming plataformetako edukien %6k gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz egon beharko dute. Eta bestetik, Nafarroa osoan ikusi ahal izango da ETB3.

Neurri zehazgabe batzuk baino gehiago dira. Aurrekari bat da akordioa, oraintsu arte pentsaezina zirudien bide bat zabaltzen duena. (Edonongo) Gobernua osatu edo aurrekontuak onartzeko negoziaketak ez ditugu —edo ez dituzte—, orain artean, euskalgintzatik eragiteko abagune gisa hartu. Hormigoia, trenak eta ulertzen ez ditugun partidak hornitzeko soilik balio zuela zirudien oraintsu arte. Eta orain, badakigu joko politiko aldrebes horretan ere badagoela borrokarako eremua. Eremu bat gehiago.

Eszeptikotasunaren betaurrekoak eranzteko unea dela nioen lehen, baina ez gaitezen, ezta ere, bide instituzionalaren ustezko loriaz mozkortu. Negoziaketotan gai hauek mahai gainean egon badira, ez da alderdi jakin batzuen borondate onagatik (soilik). Herri ekimeneko proiektuek —Pantailak Euskaraz eta abarrek— tira gogor egin dutelako da. Hilabeteak daramatzatelako halako pausoen premiaz kontzientziatzen; sarean zein kalean, espazioak hartu eta aldarrikapenez betetzen. Orain orokorregiak diruditen neurri horiek benetan ospatzekoak izango badira, tiraka jarraitu dutelako izango da. Jarraituko dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.