Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Jaialdiak eta galak

2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
«Niretzat horrelako galak aspergarriak izaten dira» aipatzen zidan Zaragozako lagun batek larunbatean. Berarekin bazkaldu ostean, Feroz sarietara joan nintzen, eta berak argi utzi zidan gala ikusteko intentziorik ez zuela. Niri, aldiz, asko gustatzen zaizkit: Oscar sarietako gala askotan ikusi dut, eta Goya sarietako gala beti egoten da nire egutegian. Sari hauek telebista jazoera garrantzitsuak izaten dira, eta audientzia onak izaten dituzte. Feroz sariak, berriz, ez dira telebistan ikusi, eta Youtuben izan dira ikusgai. Ordu berean konpetentzia gogorra zuen, gainera: polemika piztu duen Benidormeko jaialdia.

Zaragozan, berriz, polemika gutxi egon zen, eta feminismoaren aldeko aldarri asko entzun ziren. Umorea ezinbestekoa izan zen galan zehar, eta Nacho Vigalondorekin bat Paula Pua zegoen; bere txiste eta komentarioak apartak izan ziren. Ane Gabarainek eta Elena Iruretak emakumeek 60 urterekin edozein paper egin dezaketela aldarrikatu zuten, eta Iruretak argi esan zuen akzioko lan bat egin nahi duela.

Cecilia Bartolome zuzendariari ohorezko saria eman zitzaionean omenaldi polita egin zioten eta Leticia Dolerak argi utzi zuen Bartolomeren zinema galdu egin dugula zentsura frankista eta matxistaren ondorioz. Sarituen artean Petra Martinez aktorea ere egon zen, eta bere diskurtsoan masturbazioaren aldarri paregabe bat egin zuen. Martinezek urteak daramatza aktore lanetan, eta asko borrokatu da dagoen tokira iristeko. Bere saria gaueko une garrantzitsuena izan zen, eta publiko guztia altxatu egin zen bera eszenatokira iristen zen bitartean.

Sariei dagokienez, zineman sorpresa gutxi egon ziren. El buen patrón eta Maixabel izan ziren sarituak. Telesailetan, berriz, nire telesail gogokoenak: Venga Juan eta Cardo. Venga Juan-eko aktoreek eta Diego San Jose sortzaileak une barregarriak ekarri zizkiguten, eta irundarrak euskaraz hitz pare bat ere egin zituen.

Horrelako galak beharrezkoak dira ikus-entzunezkoen industriarako, eta kazetarientzako elkargune aparta izaten dira. Gala hauek ez dira guztien gustukoak, baina zinema eta telesailak maite ditugunontzat ezinbesteko hitzorduak dira. Bertan, aldarri feministek indarra hartu dute azken urteetan eta etorkizunean gehiago izango direla deritzot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.