Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Galipota

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Dena beltza aurkitu genuen Prestige itsasontziaren hondoratzearen ostean. Galiziako kosta beltza geratu zen bitartean, gizarte zibila mugitu egin zen, baina politikariak geldirik geratu ziren. Horietako batzuek «plastilinazko hari txikiak» ikusi zituzten galipotaren ordez.

Igandean 20 urte bete zituen hondamendi horrek. Galiziako kostaldea kaltetzeaz gain, Prestige-k zeraman fuela Kantauri itsaso guztira iritsi zen. Kosta guztia garbitzeko boluntario askoren laguntza behar izan zen. Galiziako gizarteak argi zuen egoera hori errepikatzeko aukera ezin zutela onartu. Sentimendu hartatik jaio zen Nunca Mais mugimendua. Gaur egun, Costa da Morteko hondartzak garbiak daude, baina noizean behin galipot zantzu batzuk agerian geratzen dira.

Azken asteetan Prestige auziaz asko entzun eta irakurri dut. Alde batetik, Xose Manuel Pereiro kazetariak koordinatutako Chapapote liburua aurreko astean hasi nuen. Hori baino lehen,SERen Chapapote: la mancha del Prestige podcasta entzun nuen. Hori gutxi balitz, Carne Cruda podcastak lau kapitulu berezi egin ditu. Momentuz, Prestige, cuando el mundo se quedó mudo saioaren bi kapitulu daude entzungai.

La Sexta kateko Salvados saioak egindako bi atalak ere ikusi ditut. Lehenengoan, 2002. urtean gertatutakoa azaldu zen. Bigarrenean, ondorioak aztertzeaz gain, itsasontziko kapitainaren bila joan dira. Chapapote: la mancha del Prestige podcasteko Manu Tomillo kazetaria ere Apostolos Mangouras kapitainaren bila joan zen, Greziako Ikaria uhartera. Bertan, Mangouras aurkitu zuen, baina ez zuen bere testigantza lortu. Gonzok antzeko egoera aurkitu du. Pertsona askok ezetz esan diote La Sextako saioan agertzeari, baina arrazoiak desberdinak izan dira. Mangouras Prestige-ko aseguru etxeak duen epaiketaren zain dago, besteek ez dute horretaz ezer jakin nahi.

Informazio kanal guztietan zerbait komunean aurkitu dut: manipulazio mediatikoa, Mangouras kapitainari eman zioten tratu txarra, eta erabaki tekniko txarrak hartu zituztenek ez dutela beren akatsa onartu. Atzera begiratu behar dugu hori berriro ez errepikatzeko. Batzuk beltzez zikindu ziren galipota jasotzen, beste batzuek kontzientzia beltza dute oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.