Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Kaosa gertu

2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Sukaldean erritmo eta doinu ezberdinak aurki ditzakegu. Tipula pixkanaka mozteko soinua zerbait goxoa prestatuko den seinale da. Lapikoa bor-bor badugu, usain on bat iritsiko da nahiko azkar gure sudurrera. Etxeko sukaldean erritmoak ez du zertan azkarra izan, baina, jatetxe batean sartzen bagara, erritmoa guztiz aldatzen da. Tipula ziztu bizian mozten da eta lapiko askotatik usain desberdinak ateratzen dira.

Erritmo bizi horretan, ordena mantentzea oso garrantzitsua da. Hutsegite batek egoera guztiz alda dezake. Sinkronizazio egoera batetik kaosera segundo gutxian pasatu daiteke. The Bear (Disney Plus) telesailean, kaosa beti dago presente. Chicago iparraldeko bokata taberna bateko sukalde barrua erakusten digu telesailak. Sukaldea aldaketa prozesu batean dago. Jabea hil egin da, eta bere anaiak negozioa hartu du. Jabearen anaia Carmen da, eta ospe eta kalitate handiko jatetxeetan lan egin ostean, bere ibilbideko erronka gogorrenari aurre egin behar dio: familiako negozioa aurrera eraman behar du. Bere gurasoek ireki zuten taberna, eta bere anaiak ez zion inoiz utzi bertan lan egiten. Anaiaren heriotzaren ostean, dena aldatu da eta sukaldeko langileak ez datoz guztiz bat nagusi berriaren erabakiekin.

Telesailean sukalde baten denboren garrantzia ikusiko dugu. Bitartean, Carmenek iraganeko mamuen aurka egin behar du. Sukaldeko bulegoan sartzean, anaiaren paperak ikusten ditu eta kontabilitatean zuen sistema ez du ulertzen. Sukaldean ordena mantentzeko sistema bat zuen, baina zenbakien artean kaosa da nagusi. Carmenek, sukalde berri baten aurrean jartzeaz gain, bere anaiak zituen zorrei aurre egin behar die. Bitartean, dolua pairatzen ari da eta anaiak zer bizi zuen ulertzen saiatzen ari da. Guztia erlojuak markatzen duen epearen aurka egiten du. Goizero, erlojuari begiratzen dio eta tabernaren irekieraren ordua da epemuga. Tipula mozten den bitartean, denboraren eta kaosaren aurka egiten dute denek. Batzuetan, dena ondo ateratzen da, eta, besteetan, kaosa nagusi izaten da.

Kaos horren aurkako borroka erakargarria egin dute eta pertsonaia guztien sentimenduak azaleratu dituzte beren lanaren bitartez. Sukaldean tipula eta lapikoez gain bizitza gehiago dagoela erakusten da The Bear fikzioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.