ERREZETA
Orburuak bakailao konfitatuarekin

OSAGAIAK
4 LAGUNENTZAT
12 orburu.
Bakailao gezatuaren bi puska.
Pipermorro gorri bat.
Baratxuri ale batzuk.
Oliba olioa.
Gatza.
Irina.
1. Hasteko, orburuak egosiko ditugu. Bete lapiko handi bat urez, erdiraino edo. Gehitu bi koilarakada irin, eta ondo nahastu. Bota gatz pittin bat, eta jarri lapikoa sutan, urak irakin arte.
2. Bitartean, zuritu orburuak, txortena moztu gabe. Orburuaren puntari moztu pare bat zentimetro. Gero, sartu irakiten ari den uretan eta irakin hogei bat minutuz. Gorde.
3. Bakailaoa konfitatzeko, jarri oliba olioa —250 zentilitro— lapiko estu eta altu batean, eta sutan berotu. Gehitu baratxuri aleak, xaflatan moztuta. Baratxuriak oliotan dantzan hasten direnean, atera plater batera, eta sartu bakailaoa lapikoan, azala gora begira duela. Ahalik eta su motelenean jarri, eta eduki bertan zortzi minutuan. Denbora pasatutakoan, itzali sua, eta utzi bakailaoa bertan. Epeldutakoan, atera oliotatik eta zatitu, eskuekin.
4. Jarraian, bota bakailaoa konfitatzeko erabilitako olioaren txorrotada bat lapiko zabal batera, moztu pipermorro gorria zerrendatan, eta erregosi hamabost minutu inguruan.
5. Moztu egositako orburuak lau zatitan, eta nahastu piperrekin.
6. Azkenik, jarri bakailao zatitxoak orburuen eta piperren gainean, eta gehitu orburuak egosteko erabilitako saldaren burruntzali bat. Jarri guztia berotzen, eta eman irakinaldi motz bat. Zerbitzatzea eta dastatzea besterik ez da geratzen.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.