Pasaia, itsas kulturaren portua

'Hermione' ontziaren zain, gaur hasiko da Pasaiako Itsas Festibala; eguraldi txarrak atzeratu egin du itsasontzia. Ehun ontzi tradizional egongo dira portuan, hainbat herrialdetatik etorriak: besteak beste, 'Kaskelot', Danimarkakoa.
<em><b>Kaskelot. </b></em>Hiru mastako egurrezko ontzia: 1948an eraiki zuten, Danimarkan. 1983an berritu egin zuten, zineman erabiltzeko. Neurriak: 47 metro luze eta 8,5 metro zabal.
Kaskelot. Hiru mastako egurrezko ontzia: 1948an eraiki zuten, Danimarkan. 1983an berritu egin zuten, zineman erabiltzeko. Neurriak: 47 metro luze eta 8,5 metro zabal. ANDONI CANELLADA / @FOKU

Izaro Zinkunegi Barandiaran - Maialen Unanue Irureta -

2018ko maiatzak 17
Atzeratuta dator Hermione gerraontzia, Pasaiako (Gipuzkoa) Itsas Festibaleko izarra; gaur arratsaldean zen iristekoa, baina kontrako haizea du bidelagun Portugaldik Pasaiarako bidaian. «Eguraldiaren arabera iritsiko gara», azaldu du Xabier Agote Albaolako presidenteak, ontzitik. Vigotik (Galizia) abiatzekoak ziren atzo iluntzean.

Hura atzeratu arren, Pasaiak ezohiko itxura hartuko du gaur; itsas kulturak hartuko du herria Pasaiako Itsas Festibalean: ehun ontzik bilduko dira, eta han izango dira astelehenera artean. Kaskelot ontzi danimarkarra han da jadanik, atzo iritsita. Horrez gain, Galizia izango da herrialde gonbidatua: Trintxerpe izango da galiziarren gunea.

Izan ere, nazioarteko itsas topaketa izango da Pasaiakoa. Ehun ontzi tradizional bilduko dira portuko uretan, eta batzuk barrutik ezagutzeko aukera eskainiko dute. Lehorrean ere izango da zerez gozatua: ikuskizunak, erakusketak, bisita gidatuak, azokak, hitzaldiak...

«Pasaia sekulako historia duen euskal portua da», azaldu du Mikel Leoz Albaolako kideak. Pasaia «ondare portua» dela aldarrikatzeko asmoz antolatu dute festibala: «Egun, garabiak, zarata, txatarra eta ontzitzarrak daude portuan, baina txanponak badu beste alde bat ere». Balea arrantzatzeko atea izan zen Pasaia XVI. mendetik aurrera. Leozek azaldu duenez, itsasontziak gordetzeko babes portu ona da, mendi artean baitago. «Garai hartako industriak ere han zeuden: sokagintza, mastagintza... Iparraldeko ontziak hemen prestatzen zituzten».

Portuaz gain, badute zeresana Donibaneko eta San Pedroko alde zaharrek ere. «XV. eta XVI. mendeko etxeak daude: arrantzaleak, almiranteak, itsaslapurrak... Denetik bizi izan da, guztiak itsasoari lotuak», azaldu du Leozek.

Galiziarrak bidelagun

Hermione ontzi frantziarra da festibaleko ontzirik esanguratsuena; hark eraman zuen Lafayette markesa Ameriketara, 1780an, Independentzia gerran laguntzera. Hura bisitatu ahal izango da San Pedron, garaiz iristen bada, bederen. Besteak beste, Kaskelot eta Le Biche ere izango dira, Danimarkatik eta Bretainiatik etorriak, hurrenez hurren. Arrantzatutako bakailaoa gordetzeko erabiltzen zuten lehena, eta bigarrena, berriz, atuna arrantzatzeko; egun, turismorako erabiltzen dituzte. Festibalera doazenek Kaskelot ere bisitatu ahal izango dute.

Hamaika herrialdetako ontziak elkartuko dira Pasaian, baina Galizia izango da gonbidatu berezia; 21 ontzi etorriko dira handik. «Ohorea da, urte askotako laguntasunaren isla», adierazi du Manuel Sendonek, Galiziako Culturmar federazioko presidenteak.

«Galizia ezin da ulertu itsasorik gabe. Baliabide bat izan da beti, baita mundurako bidea ere: beste herrialdeekin izan duen harremana itsasoaren bidez izan du». Han ere egiten dute antzeko topaketa bat, Encontro de embarcacións tradicionais de Galicia: «Aspalditik parte hartu dute euskaldunek; 2000. urte ingurutik, Albaolakoak urtero etorri dira».

Oraingoan, galiziarrak etorri dira, eta Trintxerpek hango hizkuntza eta ohiturak hartuko ditu: erakusketak, musika, tailerrak... «Galizian, bosgarren probintzia deitzen diogu Trintxerperi: XIX. eta XX. mendean migrazio handia egon zen. Marinelen sendiak izan ziren horra joandako asko». Joan-etorrikoa izaten da itsasontzien ibilbidea, eta hala jaio da festibala ere. Ia bi hamarkada daramatza Albaolak Europako itsas festibaletara joaten. Horietan ikusitakoa ekartzeko ametsa gauzatuko dute orain, Leozen esanetan: «Euskal Herria eta bertako itsas nortasuna aldarrikatu ditugu, bereziki Pasaiakoa: beti entzun duten tokira etorriko dira orain».

Festibala bi urtetik behin egiteko asmoa dute, eta jadanik badute hurrengorako erronka: Albaolan eraikitzen ari diren San Juan baleontzia itsasoratzea. Leozek azaldu duenez, hezurdura amaituta dute jada, eta forratzea, egurrezko ziriak jartzea eta mastak lantzea izango dira hurrengo lanak. Aurten, berriz, Albaolako ontzigintza eskolako lehenengo ontzia ureratuko dute, larunbat arratsaldean. Gogotsu dago Leoz: «Momentu hunkigarria izango da, batez ere lanean aritu direnentzat».

Egurra eta ontzigintza

Egurrak ontzigintzan izan zuen garrantziari buruzko kongresu bat egingo dute gaur eta bihar Pasai Donibanen, Itsasoa menderatzeko egurrak. Monarkia hispanikoaren baso politikak eta hornikuntzak XVI. eta XVIII. mendeen artean izenburupean. Besteak beste, EHUko irakasle Alvaro Aragon Ruanok parte hartuko du bertan.

Aragonek XVIII. mendean eta Euskal Herrian jarriko du arreta. Egurra itsas armadarako nola erabili zuten azalduko du: ez bakarrik itsasontziak egiteko, baita armak eta bestelakoak garraiatzeko erabiltzen ziren upelak egiteko ere. Azaldu duenez, XVI. mendetik hasi ziren Espainiako erregeentzako barkuak egiten, eta XVIII. menderako Gipuzkoako eta Bizkaiko basoak «nahiko soilduta» zeuden. «Nafarroako basoak ustiatzen hasi ziren: Bortzirietakoak, Baztangoak, Kintokoak eta Pirinioetako haranetakoak». Bitxikeria gisa, kontatu du Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak kudeatu zuela hori, Donostiatik.

Donostian bizi ziren nafarrak Baztanera edo Bortzirietara bidaltzen zituzten, egurrak aukeratu eta moztera: «Izan ere, haiek zituzten behar ziren sareak, senideak eta lagunenak: ezagunak zituzten, eta bazekiten zeintzuk aritzen ziren halako lanetan; errazago lor eta antola zezaketen dena».

Kanpotik ekarritako egurra garestia zelako hasi ziren horretan, baina, Aragonen ustez, ez zen oso erabaki ona izan: «Ez zituzten ondo neurtu horrek zekartzan kostuak: kontuan izan behar da orografia oso menditsua dela; oso garestia zen egurra bertatik ateratzea». Hainbat saio egin zituzten, modu desberdinetan. Bideekin egin zuten ahalegina, eta ekarri zituzten zuhaitz batzuk horrela, baina azkenean baztertu egin zuten: «Pirinioetako izeiak ibaien bidez ateratzen hasi ziren, almadiaz: horretarako, ibaiak egokitu egin behar ziren, obra handiak egin; izugarrizko kostuak izan zituzten».

Ondorioz, ontzigintzak jarduera ekonomiko handia ekarri zuen: «Ontziolak, noski, kostaldean daude, baina horiek behar dituzten egurrak barrualdean daude». Esaterako, barnealdetik hartzen zituzten langileak elikatzeko lehengaiak, eta oholak idiekin garraiatzen zituzten —Nafarroako nekazarienak izaten ziren maiz—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna