Maskarak: nork, noiz eta zertarako

Koronabirus birus berria dela eta, ezinegona hedatu da herritarren artean; ondorioz, asko eta asko joan dira maskarak erostera. Maskara mota ezberdinak daude, eta guztiak ez dira eraginkorrak osasuntsu dauden pertsonak ez kutsatzeko. Farmazia gehienetan agortuta daude.
Zenbait herrialdetan ohiko bihurtu da maskara jarrita ibiltzea kalean.
Zenbait herrialdetan ohiko bihurtu da maskara jarrita ibiltzea kalean. FABIO FRUSTACI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2020ko martxoak 4

Maskarak agortuta daude Euskal Herriko farmazia gehienetan. Birus berri baten agerraldiak alarma gorria piztu du herritarrengan. Iazko abenduan atzeman zuten, Txinan, COVID-19 gaitza sortzen duen birusa. Berria da, eta ordutik apurka hedatuz joan da. Munduan kutsatutakoen eta hildakoen kopurua ia minutuero aldatzen da. Euskal Herrian, joan den ostiralean agertu ziren lehen kasu positiboak, baina ordurako izua hedatua zegoen. Botikariek ohartarazi dutenez, birusa Italian detektatu zutenean —joan den asteko astelehena— nabarmen egin zuen gora ezinegonak. Birusa arnasbidetik kutsatzen denez, herritarrak masan joan dira maskarak erostera. Batik bat prebentzio neurri gisa erosten dira maskarak, eta azken asteetan agortu egin dira farmazietan. Botikariak etengabe ari dira maskara gehiago ekarri eta saltzen; eta, kasu askotan, banatzaileei ere agortu zaizkie. Halere, gutxienez, hiru klase existitzen dira, eta denak ez dira egokiak edozein pertsonak eta edozein egoeratan erabiltzeko.

ZEIN MASKARA MOTA DAUDE?

Marka eta itxura askotarikoak izan daitezke, baina nagusiki hiru multzotan bana daitezke. Ffp1, 2 eta 3. Ingelesez filtering facepiece esan nahi du; hau da, aurpegirako babesa, iragazkiduna. Segurtasun maila txikienekoak ffp1 motakoak dira, eta horiek dira, nagusiki, dentistek edota mediku kirurgikoek egunero erabiltzen dituztenak. Erabilera bakarrekoak izan ohi dira, paperezkoak eta azalera laukoak. Miren Basaras EHUko medikuntza fakultateko mikrobiologia irakasleak ohartarazi du horiek ez direla osasuntsu dauden pertsonentzako erabilgarriak: «Ffp1 motakoak gaixo daudenek erabili behar dituzte, birusak ez kaleratzeko». Halere, Basarasen esanetan horiek dira batik bat herritarrek gehien erabiltzen dituztenak. «Sarritan, saltzen diren maskarak ez dira baliagarriak mikroorganismoen kontrola modu egokian egiteko».

Osasuntsu dauden pertsonak kutsatzea eragozteko, aldiz, bi maskara multzo dira baliagarriak: ffp2 eta ffp3. Horiek birusen sarrera galarazten duten iragazkiak dituzte, Teresa Bidaguren farmazialariak azaldu duenaren arabera: «Birusak maskarak dituen zulotxoak baino txikiagoak dira; inbutu baten eran funtzionatzen du, eta birusaren sarbidea galarazten du». Ezaugarri hori betetzen dutenak eraginkorrak dira osasuntsu dauden pertsonak ez kutsatzeko. Bien arteko aldea, batik bat, segurtasun mailan datza. Bigarren taldekoek %92ko eraginkortasun maila dute; eta ffp3koak, berriz, %98koa. Are, edozein kasutan maskara eramateaz gaindi, ezinbestekoa da eskuak sarritan garbitzea, kutsadura guztiz eragotzi ahal izateko. «Maskararen erabilera esku garbiketa egokiarekin konbinatu ezean, alferrik da maskara jartzea», baieztatu du Basarasek.

NORK ERABILI BEHAR DITU MASKARAK?

Batik bat, bi multzotan sailkatu daitezke maskara erabili beharko luketen herritarrak: eriek eta gaixoekin hartu-emana duten profesionalek edo senitartekoek. Izan ere, premiazkoa da birusa hedatzea eragoztea. «Garrantzitsuena da gaixoak kontrolpean eta zainduta mantentzea, birusa hedatzea oztopatzeko», zehaztu du Basarasek.

Osasuntsu dauden pertsonen kasuan, Bidagurenen hitzetan, aurretik beste patologiaren bat dutenek soilik jantzi beharko lukete maskara: «Kutsatuz gero osasun arazo larriak izan ditzaketenek bakarrik jantzi behar dute maskara; horiek dira benetako arriskua pairatzen dutenak». Gomendioa bete ezean, erosketa konpultsiboa dela medio, baliteke benetan behar dutenek etorkizunean maskararik lortzeko aukerarik ez izatea.

Bada, birusak sor ditzakeen ondorioei ere erreparatu behar zaie. Izan ere, kasu gehienetan asintomatikoa da edo sintoma arinak —sukarra, ondoeza, eztula— sortzen ditu. Arazoak pneumonia garatzeko arriskua dagoenean datoz. «Aurretik bestelako patologiak pairatzen dituztenak dira sintoma larriak izan ditzaketenak», esplikatu du Bidagurenek. Kasu horretan, arazoa da gaitzari aurre egiteko botikarik ez dela garatu, oraingoz. Kutsakortasun mailari dagokionez, ez dela oso altua ohartarazi du mikrobiologoak: «Koronabirusa duen pertsona batek, gehienez, bizpahiru pertsona kutsa ditzake. Beste birus batzuk, elgorriak esaterako, askoz ere kutsakortasun maila handiagoa dute: pertsona bakar batek beste hogei kutsa ditzake».

NOIZ ERABILI BEHAR DA MASKARA BAKOITZA?

Koronabirusak dagoeneko kutsatuak dituen pertsonek erabili behar dute maskara, nahitaez. Horiez gain, haiek artatzen dituzten profesionalek edo eriekin kontaktua dutenek erabili beharko lituzkete. Gainerakoek, ez. Halere, birusa Euskal Herrian azaldu aurretik ere joan zitzaizkion zientoka lagun Bidagureni maskara eske: «Oraingoz ez, baina suerta liteke etorkizunean birusa asko hedatzen baldin bada maskarak benetan behar dituzten pertsonek ez edukitzea horiek lortzeko aukerarik». Bilbon du farmazia Bidagurenek, hamabost urte daramatza botikari lanetan, eta ez du sekula bizi izan antzeko egoerarik. «SARS birusarekin gertatu zen antzeko zerbait, baina ez zuen izan horrenbesteko eraginik. Jendeak jokaera irrazionalak ditu ezagutzen ez duenari aurre egiteko; jarrera hauek ez datoz bat gaitzaren egiazko larritasunarekin». Orain, ez du maskararik salgai farmazian, eta ez daki noiz izango dituen berriz eskuragarri. «Denak agortu zitzaizkigun joan den astean, Italiako kasuak agertu zirenean; eta ez dakigu noiz iritsiko diren gehiago». Bere farmaziaren kasuan, egoera lasaiago dagoela dio, jendeak badakiela ia toki guztietan agortu direla eta geroz eta gutxiago joaten zaizkiola galdezka.

Maskarak erabili ordez, beste prebentzio neurri batzuk gomendatzen dituzte botikariek. «Eraginkorrena eskuak oso maiz garbitzea da, urarekin eta xaboiarekin minutu batez igurztea», erantzun ohi die Bidagurenek maskara eske doazkionei. Horrez gain, doministiku ala eztula egitean besoa jartzea da beste aholku orokor bat. Edonola ere, sintomaren bat agertuz gero, telefonoz deitzeko ohartarazpena egin dute osasun zerbitzuek. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 900-20 30 50 da zenbakia, Nafarroan 948-29 02 90, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, berriz, 15.

ZENBAT BALIO DUTE?

Prezio jakinik ez dago maskaretan; izan ere, marka ugari daude, eta prezio alde nabarmenak egon daitezke banatzailearen zein farmaziaren arabera. Paperez eginak daudenak, ffp1 kategoriari dagozkionak, 20 eta 50 zentimo artean balio dezakete, eta erabilera bakarrekoak dira. Bigarren taldekoak, berriz, 9,10 euroren truke eskuratu daitezke Bilboko Bidaguren farmazian. Donostiako Mendiaraz botikan, ostera, 4,25 euroan egon dira salgai. Mendiarazen, ffp3 taldekoek 11,95 euroko kostua dute. Dena dela, badira eskariaren gorakadaren ondorioz prezioa igo duten zenbait farmazia.

NON LORTU DAITEZKE?

Farmazietan nahiz Internetez eros daitezke maskarak, baina gaur-gaurkoz botika gehienetan agortuta daude. Gainezka egin die eskariak botikariei zein enpresa banatzaileei. Botika askotan, itxarote zerrendak egin dituzte, maskarak dituztenean bezeroei abisua igortzeko. Halere, kasu gehienetan lor daitezkeenak ez dira baliagarriak osasuntsu dauden pertsonentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Erandioko Akarlanda parkean aukera dago barbakoak egiteko, paseoan, korrika eta bizikletan ibiltzeko, eta eskalatzeko. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Arnasgune bat bidegurutzean

Uxue Gutierrez Lorenzo

Bilbo hirigunetik oso hurbil eta herri ugariren bidegurutzean dago Erandioko Akarlanda parkea. Besteak beste, eskalatzeko, paseoan ibiltzeko eta barbakoak egiteko aukera dago han.

 ©IÑIGO URIZ / @FOKU

«Pedagogiak independentzia lortzen ez badu, ez dugu sekula aurreratuko»

Iker Tubia

Apalategik uste du eskolaren eraketak pedagogoen eta ikerlarien esku egon beharko lukeela. Jorge Oteiza fundazioan aurrekoen lekukoa hartu duela azaldu du.
Inaxio Esnaola kazetaria, <em>Burdinola</em> saioaren arduraduna. ©MAITE REZABAL ARREGI / IRUTXULOKO HITZA

Heavya itzuli da uhinetara

Jakes Goikoetxea

Naiz irratia heavy metalari buruzko 'Burdinola' saioa ematen hasi da, Inaxio Esnaolaren eskutik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.