Ugatza ugariago

Pirinioetan mila ugatz inguru bizi dira CSICen azterketaren arabera. Galtzeko arriskuan dago, baina azken 25 urteetan handitu da populazioa. Dena den, motela da hazkundea, besteak beste, ugaltzeko dituzten arazoengatik.

Hegan. Ugatz bat Europako Mendietan. UGATZAREN BABESERAKO FUNDAZIOA.
Iker Tubia.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Galtzeko arriskuan da ugatza, baina geroz eta ugariago ere bada, hala ere. Pirinioetako ugatz populazioa 937 eta 1.119 inguru dela dio CSIC Espainiako Zientzia Ikerketan Kontseilu Nagusiaren ikerketa batek, eta horietatik %36 ugaltzaileak dira. Azken mende laurdenean egoera hobetu den arren, arriskuan da oraindik. Gainera, Pirinioetan ugatzak geroz eta ugariagoak badira ere, haien arteko ugalketak huts egiten duela nabarmendu du ikerketak.

Azterketa horretan Nafarroako Gobernuak ere parte hartu du, eta zenbait datu eskaini: populazio erroldak, ugalketa parametroak eta ugatzak identifikatuz, jarraituz eta kontrolatuz ateratako datuak. Pirinioetako ugatz helduen populazio ehunekoa denboran handitu dela azaldu du Nafarroako Bioaniztasun Zerbitzuak: %61etik %73ra. Ikerketaren arabera, ugatzen populazioa handitzen ari da helduak ez direlako hiltzen, baina geroz eta mantsoago hazten ari da, txiten eta gazteen kopuruak ez duelako gora egiten.

Dentsitatearekiko mendekotasuna gertatzen da: eremu berean geroz eta ugatz heldu gehiago daude, baita geroz eta bikote ugaltzaile gehiago ere. Hori dela eta, eremu txikiagoak dituzte eta kalitate txikiagokoak, besteek traba egiten dietelako. «Modu horretan bikote ugaltzaile kopuruak gora egiten du, baina ugalketa tasak behera», azaldu du Bioaniztasun Zerbitzuak.

Izan ere, ugatza espezie filopatrikoa da; hau da, sortzen den tokitik oso gertu izaten ditu kumeak, habitat egokienetan. Juan Antonio Gil Ugatzak Babesteko fundazioko lehendakariordeak eman ditu azalpenak: «Horren ondorioz Pirinioetako dentsitatea handituz joan da poliki-poliki, eta horregatik da hain motela espeziearen zabaltzea. Munduko dentsitaterik handienetako bat dugu Pirinioetan». Ikerketaren datuei balioa eman die Nafarroako Gobernuak. Izan ere, orain arte erabilitako metodologiak erroldatik kanpo uzten zituen ugaltzaile ez ziren hegazti asko. «Populazio Eredu Integratua deitutako eredu matematikoa erabili da; horrek erroldetako informazioa eta markatutako ugatzen jarraipenen datuak erabiltzen ditu. Gainera, populazioari buruzko informazioa adin tarteetan sailkaturik ematen digu».

Nafarroari dagokionez, ugatzen hamar eremu daude; batzuk mugakide diren herrialdeekin partekatzen ditu, baita Aragoirekin ere (Espainia). 2018-2019ko denboraldian zortzi eremu aktibo izan ziren, eta haietako zazpitan ikusi zuten ugalketa hasi zela. Lau txita sortu ziren, eta bik lortu zuten hegan egitea. Bi ugatz horiek markatu zituzten: Melluga eta Urrobi. Nafarroa Beherean ere badira ugatzak, baita Zuberoan ere: bi bikote eta bikote bat, hurrenez hurren.

Horiek kontatzeko eta jarraitzeko lanetan aritzen da Saiak elkartea. Beñat Iribarne elkarteko kideak azaldu duenez, Ipar Euskal Herrian egoera txarra du ugatzak, arrunt gutxi bizi baitira han. Duela hogei urte, lau bikote ziren; orain, bizpahiru ibiltzen dira. «Bagenuen Baxenabarren sortu zen ugatz bat, baina txita hori hil da. Zuberoan bizirik dago txita bat». Batzuetan beste tokietakoak ikusi dituzte Euskal Herritik igarotzen: duela bi aste Aragoin markatutako hegazti bat ikusi zuten. Dena den, ez da erraza ugatza han geratzea: «Bikoteetan plantatzea zailagoa da; zazpi urterekin hasten da kumeak izaten, eta leku on bat behar du: aski basa, lasaia, zilo on bat euria ez sartzeko... Anitz baldintza badira, eta ez da batere erraza horrelako leku ona atzematea gure mendi ttipi horietan».

Etxera itzultzeko plana

Duela 25 urte sortu zen Ugatzak Babesteko fundazioa, eta bertako lehendakariordea kontent agertu da ugatzaren inguruan aritzen direnek egin duten lanarekin: «Legeari jarraikiz espeziea leheneratzeko planak martxan jarri zirenetik, eta zenbait elkarte eta erakunde lanean hasi ginenetik, espeziearen leheneratzea ia eredugarria izan da. 1970eko hamarkadan, Pirinioetako populazioa galtzeko zorian zegoen, eta, orain, populazioa ia bikoiztu da». Hori dela eta, azken urteetan ugatzak leheneratzeko eta galdutako tokietan berriz sartzeko programak martxan jarri dira.

Proiektu horietako bat fundazioak berak kudeatzen du Europako Mendietan. Duela 70 urte ugatzak galdu egin ziren inguru horietan; beraz, duela hamar urte esku hartzea erabaki zuten. 2010ean askatu zuten lehenbiziko hegaztia, eta horren fruituak aurten jaso dituzte: martxoan ugatz bat sortu zen Europako Mendietan; lehenbizikoa han espeziea galdu zenetik. «Zalantzarik gabe, nukleo horretatik nukleo txikiak bizitzen jarriko dira Kantauriar mendikatean», zehaztu du Gilek. Gaur egun, unitate ugaltzaile bat ez ezik, 25 ugatz ere bizi dira mendi haietan.

Orain, lortutakoa finkatzea dute helburu, eta espeziea leheneratu nahi dute beste leku menditsu batzuetan. Europako Mendien eta Pirinioen arteko korridorean lan egin nahi dute. Dena den, tarte horretan dauden euskal mendietan oraingoz ez da lortu hegazti hori ugaltzerik. Hala ere, Nafarroako Bioaniztasun Zerbitzuak begi onez ikusi ditu lan horiek ere, eta «kimu berde txikiei» balioa eman behar zaiela diote: «Etorkizunean ugatza Pirinioetatik kanpo modu naturalean zabaldu litekeela erakusten du horrek».

Arriskuan dagoen edozein espezieren kasuan epe luzeko jarraipena egitea beharrezkotzat jo du Gilek. «Batez beste, hamar urterekin izaten ditu lehenbiziko kumeak ugatzak, eta 40 urte inguru bizi da. Beraz, etengabeko lana egin behar da arazoei heltzeko eta kudeaketa horretarako irtenbideak bilatzeko». Asko dira jarraipen lan horretan aritzen diren elkarte eta erakundeak. Saiak elkarteak ugatzarekin, sai zuriarekin eta sai arrearekin egiten du lan, batez ere. «Harraparirik arraroenak jarraitzen ditugu, eta horietan arraroena ugatza da», esan du Iribarnek.

Boluntarioak dira lan horietan aritzen direnak: «Habiak atzematen ditugu, eta urte guztiz xerkatzen ditugu. Urte guztiz aldatzen ahal dira lekuz; beraz, urrian hasten gara mendi gainetan beren mugimenduak segitzen, eta xantza pixka batekin habia atzematen dugu. Largabista edo teleskopio onekin urrunetik segitzen ditugu joan-jinak, ea arrautza ontsa berotzen duen... Ea dena ontsa pasatzen den so egiten dugu». Ugatza babesteko Europako plan bat dago, eta haien lanetarako erabiltzen dira halako datuak.

Arriskuak identifikatzea ere garrantzitsua da. Pirinioetan bizi diren ugatzek zenbait mehatxuri aurre egin behar izaten diete. Batzuk apaldu dira: Gilek esan duenez, 1995. urtean tirokaturik hildako ugatz asko aurkitzen zituzten, baina gaur egun «ia bat ere ez». Ez da berdina gertatu pozoiarekin. «Toxiko asko legea betez erabiltzen dira, adibidez, landetxe batean arratoiak akabatzeko. Kontua da, hildako arratoi horiek janda, pozoia ere irensten dutela ugatzek edo haien kumeek». Argindarraren kable eta zutoinak ere badira ugatzen etsaiak: «Urtero aurkitzen ditugu haiek jo eta kolpatuta edo elektrokutaturik hildako ugatzak».

Baina, ohiko mehatxuez gain, arazo berriak sortzen ari direla ohartarazi du Gilek. Klima aldaketa aipatu du arrisku berrien iturburutzat. «Adibidez, hegazti malaria: ikusi dugu zenbait ugatzek patologia horiek dituztela, eta uste dugu duela urte batzuk arte ez zela posible gaixotasun hori garatzea mendiko tenperaturetan bektore horiek ezin zirelako existitu. Kontuan hartu behar da Pirinioetako tenperatura gradu eta erdi igo dela azken 50 urteetan, eta hori izugarria da». Klima aldaketak patologia berriak sor ditzakeela uste du, eta ugatza ez dago prest horiei aurre egiteko.

Gilek, Iribarnek eta beste askok beha jarraitzen dute mendietatik. Europako programekin eta jende askoren lanarekin, ugatzak galtzeko arriskuaren zerrendatik hegan ihes eginen duelakoan, noizbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.