Ezer ez da Fermin

Aurten sanferminak ospatu izan balira, gaurkoa lukete azken eguna: zapia lepotik kendu eta 'Gaixoa ni' abesteko garaia, arropa zuria armairuan sartu eta heldu den urteari so egiten hastekoa. Sanferminik gabeko urte honetan, festarik ezak utzi duen hutsunea aztertu dute zenbait eragilek.

San Nikolas kalea jendez beteta egon ohi da sanferminetan. Aurten, ia hutsik egon da egunero. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Uztailaren 15a noiz iritsiko zain egoten da Fermin Elizalde urtero, sanferminetan. Bederatzi egunez, kukuak jo baino dezente lehenago esnatzen zen, Mañuetako txurro dendako suak piztu, orea egin eta eltzeetan olioa irakiten jartzeko. «Sanferminetako azken egunetarako, leher eginda egoten nintzen, oporrak hartzeko desiatzen». Aurten, txurro denda itxita egon da sanferminetan, Mañuetako boluntarioek ez dute goizaldeko ordu txikietan jaiki behar izan, baina uztailaren 15a heltzeko irrikan da Elizalde: «Oraingoan ez da nekeagatik, tristuragatik baizik. Pena ematen didate egun hauek. Ea azkar amaitzen den ez-sanferminen kontu patetiko hau».

Ainara Ibañez txistulariarentzat ere «oso arraroak» izan dira uztailaren 6tik aurrerako egunak. Urtero, erraldoien konpartsako Braulia erraldoi amerikarraren atzetik ibiltzen zen txistua jotzen eta Alde Zaharreko giroa musikaz gozatzen: «Sentsazio bitxia izan nuen uztailaren 6an. Banekien ez zela sanferminik izanen, baina, bat-batean, dozenaka argazki eta bideo azaldu zitzaizkidan sare sozialetan: jendea kalean, zapi gorriekin, zuriz jantzita... Itolarri apur bat sentitu nuen. Orduantxe jabetu nintzen, 39 urteren ostean, festan parte hartuko ez nuen lehen aldia izanen zela aurtengoa».

Egunotan, apenas antolatu den ekitaldi ofizialik —San Fermin eguneko meza eta Iruñeko Udalak eginiko ez-txupinazo ekitaldi anakronikoa kenduta—, eta, horren ondorioz, ia hutsik egon dira Alde Zaharreko karrikak eta plazak eguneko ordu gehienetan. Festak bertan behera gelditu izanak, ordea, ez du apaldu zenbaiten parrandarako gogoa, eta une zehatz batzuetan, jende ugari elkartu da tabernetan nahiz kale-zurrutean. Ibañezen aburuz, horrek erakusten du iruindar asko ez direla «egoeraren larriaz» jabetu: «Ez da oraingo kontua soilik: sanferminen aurreko asteburu batean, Nabarreria plazara iritsi eta jendetza ikusi genuen hor, parrandan eta maskararik gabe, edo musukoa sudur azpian jarrita... Badakit jendeak festarako grina duela, nik ere bai, baina hain zaila al da gogo horri eustea?».

Bestelako iritzia du Juan Kruz Lakastak, Euskalerria irratiko zuzendariak. Haren irudiko, Iruñeko biztanleek «jokabide arduratsua» erakutsi dute nagusiki, salbuespenak salbuespen: «Euskal Herrian festa handirik bada, horiek sanferminak dira: barru-barrutik bizitzeko festak dira, kalean ibiltzekoak, horizontalak... Eta, hala ere, oso jende gutxi atera da egunotan kalera».

Hain zuzen, hedabide askok «arduragabekeriaren argazkia» atera nahi izan dutela uste du Lakastak: «Egun gailentzen den kazetaritza eredu sentsazionalistari jarraikiz, bertoko nahiz kanpoko hedabide asko saiatu dira irudi eskandaluzko hori ehizatzen, eta, hein handi batean, ez da halakorik ikusi». Nabarreria plazako botila festaren argazkiak izan ditu hizpide kazetari iruindarrak: «Jokabide arduragabe eta desegoki batzuk ikusi ditugu, jakina baietz, baina ziur naiz edozein herritako pintxo-potean ikusten ahal direla jendetza handiagoak. Iruñean, karrikak hutsik egon dira ordu gehienetan».

Elizaldek sentipen «gazi-gozoak» ditu horri buruz: «Ez dut batere gustuko egunotako giro apatikoa, baina ulertzen dut ardura kontua dela. Guk geuk ere segurtasuna eta osasuna lehenetsi genituen, txurro denda ixteko erabakia hartuta, eta horrek gailendu behar du orain: zuhurtziak».

Elizalde sendiarentzat, denda ixteak ez du eragin ekonomikorik izan: boluntarioak dira, eta tradizioari eustearren zalbatzen dute txurro denda sanferminetan, baina inguruko negozio askorentzat sanferminak bertan behera gelditu izana «hondamendia» izan da: «Guretzat ez, hemen bakoitzak bere lana baitauka txurro dendatik kanpo, baina inguruko jatetxe eta tabernek sanferminetan lortzen dute urteko irabazien erdia».

Kritika ugari udalari

Herritarrek emandako irudia ez ezik, sanferminetako eragileek eta erakundeek erakutsitakoa ere «eredugarria» izan dela uste du Lakastak. «Peñek eta festari lotutako gainerako eragileek oso jarrera zuhurra izan dute, ekitaldi guztiak bertan behera utzita; horrek erakusten du ardura, osasun publikoarekiko ez ezik, baita sanferminekiko ere».

Iruñeko Udalaren jokabideak, ordea, kritika ugari eragin ditu sanferminetako eragileen artean. Ibañezen ustez, udalak ez du erantzukizunez jokatu: «Festak bertan behera utzi badituzu, ezin dituzu ekitaldi batzuk debekatu eta beste batzuk baimendu. Ez dago festarik, eta kito. Mezara joatea edo txupinazo egunean Udaletxe plazan ehunka pertsonari sartzen uztea... Hori zer da, jendea xaxatzea ez bada?».

Kritika koska bat harago eraman du Lakastak. Haren ustez, udal gobernu taldea «ez da egon» herritarren maila berean: «Erabaki guztiak alde bakarretik hartzeaz gain, euskarafobia haizatu dute, kanpaina instituzionalean euskara ia ikusezin bihurtuz». Kazetariaren ustez, «gabezia politiko baten isla» da hori: «Ezinbesteko zaie liskarra sortzea, euskaltzaleen kontra batez ere, euren hauteslegoa kohesionatuta mantentzeko. Tristea da, pandemia baten erdian, UPNren lehentasuna izatea herrikideei hatza begian sartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.