Nola aletu transmisioa

Donostiako Cristina Enea fundazioak Solas Enea Hazilana egitasmoa jarri du abian. Haziak aletuz eta solasean, hazien inguruko jakituria eta nekazaritzari buruzko ezagutza elkarbanatzen dituzte bertan. Garai batean baserrien ganberetan bezala, baina gaurko errealitatera ekarri eta egokituta.

Solasean. Marc Badal arduraduna, Solas Eneako kideekin hizketan. CRSTINA ENEA FUNDAZIOA.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Aleak erauzten dituzte, eta transmisioa aletzen dute. Harremanak estutzen dituzte, eta komunitatea sendotzen dute. Galderak ereiten dituzte, eta uztak loratzen dituzte. Haziei eta nekazaritza munduari buruzko jakin-mina eta ezagutza soka berean doaz han. Garai batean baserrien ganberetan egiten zena gaurko errealitatera ekarri eta egokitu dute. Solas Enea Hazilana izena du egitasmoak.

«Formakuntza emateko gune bat da, sentsibilizazioa lantzeko, pedagogia egiteko», azaldu du Marc Badalek, Cristina Enea fundazioaren egitasmoko arduradunak. Haziera izeneko proiektuaren barruan antolatzen dituzten auzolan saioak dira Solas Eneako horiek. Azaroan, haziak erauzten dituzte; otsailean, hazitegia nola zaindu erakusten dute, eta martxoan izaten dute urteko saiorik inportanteena: «Zer hartu behar dugun kontuan gure baratzean haziak ongi ugaltzeko. Zer egin barietateen arteko gurutzaketak saihesteko, endogamian ez erortzeko... haziak ongi egiteko».

Haziak dira aitzakia eta arrazoia «hausnarketa» egiteko. «Elikadurari eta nekazaritzari buruz historian egin diren eta gaur egun egiten diren hausnarketa batzuk partekatzeko», esan du Badalek. Eta nabarmendu du «bertako» haziei buruzkoak direla banatzen dituztenak: «Bertako haziei buruz aritzen gara elikadura sistemari buruzko hausnarketa integral bat planteatzeko. Eta hau beti azpimarratzen dugu: guk bertako haziak lotzen ditugu eredu agroekologiko batekin. Uste dugulako baliabide interesgarria dela bestelako ekoizpen ereduak eraikitzeko. Baita hazien inguruan mundu osoan dauden gatazken berri emateko ere: hazien pribatizazioa, laborarien menpekotasunak...».

Cristina Eneara doan jendea alor horretan «hazten» ari den jendea dela dio Marc Badalek: «Hazten ari dena baratzeekin, hazten ari dena haziekin... Haziak egitearena beste urrats bat da hazkuntza horretan». Eta jendeak galdetu egiten du, eta Badalek erantzun egiten die, eta solasa sortzen da, harremana sortzen da, eta transmisioa egiten da. Ez da garai batean egiten zen modukoa, baina hori da egungoa. «Gaurko landa eremuak ez du zerikusirik ordukoarekin. Nola berreraiki sare komunitario haiek? Galdera ederra da, baina erantzuna... Gaur ez dugu agian orduko sare komunitariorik, baina badira elkarteak, eta egiten da lanketa bat».

Kontua ez baita garai batean baserrietako ganberetan egiten zen hura «mitifikatzea», baizik eta hura gaur egunera nola ekar daitekeen jakitea. Horretaz mintzo da Marta Barba antropologoa: «Gehiago da jakitea gaur egun zer gune dauden hazien inguruan ditugun jakintzak transmititzeko. Ez naiz horrenbeste egon baserrietan. Ziur han ere badaudela gune horiek. Baina garrantzitsua iruditzen zait gune formalagoei ere aitortza egitea gaur egun: adibidez, azokei».

Azoketan, jakintza trukean

Arrasateko (Gipuzkoa) azoka jarri du Barbak eredu gisa. Ekoudalatx izeneko landare ekologikoen biltegi bat du mintzagai: «Biltegiko postuan egoten nintzen, landareak saltzen zirenean, behaketa bat egiten. Azoka gune oso interesgarria da jakintza trukatzeko. Ikusten zen postuan bertan jendeak galdetzen ziola saltzaileari: 'Hau zer da? Hau nola egiten da? Noiz jarri behar dut? Zer tomate gomendatzen didazu?'». Barbak nabarmendu du badagoela hor «truke bat», salmentaz eta landareez harago doana: «Badago hor jakintzaren transmisio bat, norabide anitzekoa. Saltzaileak hitz egin eta erantzuten duelako, baina ilaran zain dagoen beste bezero batek ere bai».

Barbak dio transmisio moduak aldatzen ari direla, eta «polita» dela hori ikustea. Eta azoka horrena «estrapolatu» daitekeela beste gune batzuetara ere, jakintza eta trukerako gune egoki gisa. Ematen direla hitzaldiak, badaudela elkarteak... «Hor badago komunitate bat, badago transmisio bat, elkar ezagutza bat. Ez da ganberan gertatzen zena, baina beste modu batekoa da, eta aspalditik datozen modu batzuei erantzuten die, baina eraldatzen ari direnei, eta sortzen ari diren dinamika berriei ere bai».

Marta Barbak eta Marc Badalek badute ikerketa bat elkarrekin egina eta liburu forman emana: Aretxabaletako tomatea. Bioaniztasuna, lurraldea eta jakintza partekatua. Transmisioari eta gune berriei buruzkoak lan hartara eraman ditu Barbak. Gogoan duelako nola elkarrizketatu zituzten hainbat lagun, tomate horren historiaren parte direnak: «Eta oso mundu ezberdinetara eraman gaituztenak. Baserrian geratu diren hiru gizonezko heldu horiek, lantokian lan egiten zutenak zortzi orduz eta baserrira joan eta lanean segitzen zutenek... horiek jaso zuten barietate hori; etxean hasi ziren landatzen, eta bizilagunari eman zioten... baina segitzen zuten lantokira joaten. Eta oso polita da ikustea barietate horren historian nola baserritar horrek lankideen artean ere banatzen dituen landareak».

Gaiaren «konplexutasuna» ulertzeko aipatu du Barbak adibidea: «Egia da, industriak jan egin du landa eremua, eta hori ukaezina da. Baina, guztiaren konplexutasuna ulertzeko, interesgarria da ikustea toki batzuetan nekazaritzak iraun duela lantokietan gertatu zenari esker ere». Alegia, senidetasunean edo auzoko gertutasunean oinarritzen ziren harreman horietan, lantokiak ere «bere tokia» hartu zuela: «Hortik iristen da hazia Aramaiotik Aretxabaletara. Baserritarrak bere ohiko sareetatik kanpora hedatu duelako nolabait hazia».

Barbak garbi dauka badaudela aldi berekoak diren sare mota ezberdinak, eta «plano» horiek guztiak «beharrezkoak» direla bertako barietateak eta nekazaritza bioaniztasuna mantentzeko: «Beharrezkoa da ganberan gertatzen dena edo baratze txiki batean gertatzen dena, baina ezinbestekoa da plano formalago batean gertatzen dena ere».

Eta zein den gakoa? «Horien guztien mapa eta ezaugarriak buruan izatea eta balioa ematea. Lehen zenari begiratzen diogu askotan, baina lehen zena jada ez da itzuliko. Gauzak bere horretan mantentzeak ez du zentzurik. Barietateak beti mugimenduan egon dira, eraldatzen. Ez naiz kontserbazionismoaren zalea. Behar duguna da bizirik egotea. Zaintza bat eta harreman batzuk egotea bai, baina gaur egungo testuinguruari egokituak».

Baratzetxo batetik

Eta testuinguru berri horretan kide da Lourdes Garcia. Cristina Enea fundazioaren Solas Enea Hazilana egitasmoan parte hartu du. Goierritarra da jaiotzez, baina nekazaritza munduarekin batere harremanik izan gabea. Erretiroa hartuta dago, eta duela zazpi urte izan zuen «baratzetxo bat» lantzen hasteko aukera. «Jakin-mina» sortu zitzaion: «Jakiteko jateko zerbait sortzeko gai izango ote nintzen».

Oinarrizko ezagutzarik ere apenas zeukan orduan; elikagai ekologikoei eta bertako haziei buruzkoak arrotzak egiten zitzaizkion: «Orain badakit hazi horiek gure klimara egokitzeko gaitasun handiagoa dutela eta gaixotasunekiko erresistenteagoak direla».

Hasi zen lekekin eta indabekin,eta baratzeko bizilagunari esker egin zuen hurrengo urratsa: «Indaba hazi bat eman zidan. 10 urte zeramatzan harekin. Hor jakin nuen ale guztiak ez dagoela zertan bildu, utzi behar direla batzuk hazitarako, eta ziklo osoa norberak egin dezakeela. Ikasteko gogoa neukan, eta Cristina Eneako Solas Enea Hazilana egitasmoaren berri izan nuen».

Geroztik, urtero hartu du parte. «Solasaldi horiek opari bat dira. Gure lorpenak, porrotak eta zalantzak partekatzen ditugu. Eta erakutsi dugu lau orduz aritu gaitezkeela haziak erauzten aurpegi irribarretsuarekin. Marc beti egoten baita prest bere iritzia emateko. Haren apaltasuna barruraino iristen zaizu».

Eta hausnarketa egin du Garciak: «Orain uler dezaket zer izango zen baserritar haientzat uzta jasotzea eta beren jakinduria transmititzea. Nork esango zidan niri haziek nire errotze kulturala gogorarazi eta bultzatuko zutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.