Dilin-dalanaren errepika

Geroz eta udal gehiagok erabakitzen du elizako kanpaien hotsa etetea gauez. Atsedenerako eskubideak eta ezkilen tradizioak egiten dute tupust afera horretan. Badaude gaiari buruzko legeak eta badaude sententziak. Aurrez aurre jartzen diren kasuetan, deskantsurako galdeak irabazten du, baina udal bakoitzak bere erara kudeatzen ditu orekak.

Ezkilak. Donostiako Itsas museokoa. FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Tilina eta dilin-dalana. Onomatopeia gisa dira goxoago, belarrietan errepika burrunbatsu bihurtuta bainoago. Kanpai, ezkila eta txilin. Hotsaren durundia eta neurria, edo haren errepika. Hortxe dago koska: norberaren lotarako eta atsedenerako eskubidea, edo kanpandorreen oihartzuna eta tradizioa.

Batzuentzat soinua dena zarata da besteentzat. Ez da kanpaiekin bakarrik gertatzen, baina kanpaiekin (ere) gertatzen da. Eta kanpandorre batetik datoz soinuak eta zaratak, eta eliza baten dorrea izan ohi da ia beti ezkila tokia —nahiz eta udaletxe, unibertsitate eta jauregietan ere badauden kanpandorreak, besteak beste—. Mezetarako deiak eta erlijio kristauarekin zerikusia duten tilinak sartzen dira tartean, baina baita orduarekin, jakinarazpenekin eta abisuekin zerikusia duten dilin-dalanak ere —bada kanpaien hotsarena lengoaia bat osoa ere—. Bakoitzak heltzen dio beretik alde edo kontra egiteko, baina gauza bat dago argi: kanpaikadek soinua dakarte (edo zarata), baina dezibelen arabera neurtzen dira (biak) eta badute arautze bat.

Espainiako Estatuaren kasuan, Zarataren Legea deitutakoa da arau nagusia (2003koa) —Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak horren garapenak dituzte euren legedian—, eta udalena da zarataren eskuduntza. Frantziako Estatuan ere herriko auzapezaren ardura da «kultu askatasunaren eta lasaitasun publikoaren» arteko oreka atzematea. Beraz, auzapezaren esku dago erabakia —itxura batean, auzapezarena da soilik, eta ez herriko kontseiluarena—. Haatik, herriko apezarekin desadostasun bat gertatuz gero, prefetak ere esku har dezake.

Bestalde, Frantziako Parlamentuak lege bat onartu zuen iaz «Frantziako ondasun sentsoriala» babesteko landa eremuetan. Eta ondasun gisa kontsideratu zituzten, besteak beste, oilarraren kukurrukua, hazkuntzak eragindako usaina eta elizetako ezkilak. Kritikoek diotenez, auzapezen kontrako prozedurek atzera egiteko molde bat da lege hori. Eta diotenez ere, kexatzen diren herritar gehienak bigarren etxebizitza dutenak dira.

Kanpotik datozenak

Eta horixe gertatzen da. Herri txikietako biztanleak edo hiri handietako katedralen inguruan bizi diren auzokideak ohituta daudela ezkilen dilin-dalanetara, eta kanpotik etorritako herritarrak edo negozioak direla kexa egiten dutenak —hotelak eta landetxeak, askotan—. Akordiorik ezean, eta auzitara jotzen denetan, atsedenerako eskubidea gailentzen da ia beti.

Azkena jarritako salaketarik ezagunenak Iruñeko San Agustin eta Uharteko (Nafarroa) San Joan elizetako kanpaikaden kontra jarritakoak dira. Iruñekoan, Volkswagen enpresako langile bat zegoen salatzaileen artean, txandaka aritzen zena, eta kanpaikadek atseden hartzea galarazten ziotena. Uhartekoan, 23 urteko ikasle batek jarri zuen salaketa, argudiatuz ezin zuela behar bezala ikasi, eta ezin zituela oposizioak ongi prestatu, 08:00etatik 22:00etara hamabost minutuan behin jotzen zutelako ezkilek. Bi kasu horiek badira salbuespenak ere, egunez jotako kanpaikaden kontra jarri zituztelako salaketak. Kexarik gehienak, ordea, gaueko kanpaien ingurukoak izaten dira. Hala gertatu da, besteak beste, Ziortza-Bolibarren (Bizkaia), eta Seguran (Gipuzkoa).

Joan den azaroan izan zen Segurakoa. Herritar batek aurkeztu zuen kexa, modu ofizialean, udaletxean —hori izaten da ohiko prozedura, udalak duelako zarataren eskuduntza, eta behin han ez badu kexak aurrera egiten, administrazioarekiko auzi prozesua abiatzen da—. «Legealdiaren hasieratik sumatu genuen bazegoela halako kezka edo protesta bat gaueko kanpaien inguruan. Kexa batzuk bazeuden, baina ahoz gora botatakoak, edo kalean topo egindakoan esandakoak. Jaso genuen, ordea, eskaera ofizial hori idatziz, non proposatzen zen gauez kanpaiak isilaraztea, deskantsua bermatzeko», azaldu du Izarra Urdalleta Segurako alkateak.

Gaiaren inguruan «hausnartzen» hasi ziren, horrenbestez. Ikusten zutelako bazegoela kanpaien «tradizio hori», baina bazegoela atsedenerako «eskubide hori» ere: «Eta egia da zenbait etxetan dar-dar eragiten dutela kanpaiek».

1.500 biztanle inguru ditu Segurak. «Telefonoa hartu» eta inguruko herrietan hasi ziren galdezka: Zegama, Zerain, Mutiloa, Idiazabal... Kanpaien mantentze lanak egiten dituen enpresarekin ere hitz egin zuten — «zeren haiek herri askorekin egiten baitute lana»—, jurisprudentzia ere aztertu zuten... «Pentsatu genuen kendu egin beharko genituela, baina oreka bat nahi genuen mantendu».

Nola? Ahalik eta denbora tarte txikienean kenduz kanpaiak: 23:00etan azken aldiz jo eta 08:00etatik aurrera hasi berriz jotzen. Egin zuten ohar bat, eta jakinarazi zioten herriari. «Egia da gerora zenbait herritarrek gaiari eman dioten garrantzirik ez geniola guk eman hasiera horretan», onartu du Urdalletak.

Oharra bidali bezain pronto hasi baitziren erreakzioak. Eta iritsi zen bueltan hainbat herritarrek sinatutako idatzi bat. Kanpai hotsen defentsa egiten zuten bertan, eta haien balioa berretsi. «Lehen eskaera ofiziala egin zuenarekin hitz egin genuen, eta prozesua geldiaraztea erabaki zuen.Bigarren ohar bat atera genuen esplikatuz zein izan zen prozedura, eta geldituko direla gauzak dauden moduan, beste eskaera ofizial bat jaso arte. Orduan ikusiko dela zer egin».

Jose Luis Ferro Tecnikronos enpresako teknikaria da. Besteak beste, kanpandorreen eta ordulari monumentalen mantentze lanak egiten dituzte. Behin baino gehiagotan tokatu zaie halako eskaerei bide ematea, eta berretsi egin ditu orain arteko argudioak: «Izaten dira bai halako liskarrak. Normalean, bizilagun berriek egiten dute protesta, ez daudelako ohituta. Lasaitasun bila datoz, eta kanpaien hotsarekin egiten dute topo».

Gipuzkoan egiten dute lan, gehienbat. Ferrok dio Segura eta beste herri txiki batzuk «salbuespenak» direla: «Herri gehienetan gauez kendu egiten dituzte jada kanpaiak». Nola? «Guk daramatzagun kanpandorreak informatizatuta daude. Errazagoa da, beraz, kanpaikadak kontrolatzea. Kanpaiak programatu egiten ditugu, eta ohikoena izaten da 22:00etatik 08:00-09:00etara isilaraztea».

Zarataren kontrako auziak

Herrialde Katalanetan tradizio handiago dago kanpandorreen, kanpaien eta haien joaren inguruan. Horregatik daude hainbat sententzia afera honetan Valentziakoak, Gironakoak, Tarragonakoak... Zarataren Kontrako Juristen Elkarte bat dago, eta kasu horiek kudeatzen ditu. Elkarte horretako kide eta kutsadura akustikoan abokatu espezialista da Lluis Gallardo, eta kanpaien hotsarekin lotutako hainbat auzi eraman ditu. «Gai honetan aurreneko sententzia 1976koa da, Espainiako Auzitegi Gorenarena. Ez daude askoz gehiago geroztik. Gehienak, lehen auzialdian gelditzen dira, epaitegietan».

Izan ere, Gallardok dio lege aldetik ez dagoela katramila handirik ere. Egotekotan, Katalunian dagoela salbuespena, eta hura, haren ustez, ez dela legezkoa. «Udalak du zarataren inguruko eskuduntza. Eta hor sartzen da legea. Zarataren inguruko legeak—izan Espainiako Estatukoak izan autonomia erkidegoenak— ez du bereizten edo ez du salbuespenik egiten: kanpandorrebat zarata foku bat da legearen ikuspuntutik. Kito. Udalak dauka zarataren fokuakerregulatzeko eta prebenitzeko eskuduntza; beraz, hari dagokio neurriak hartzea: dezibelak neurtzea, eta legearen araberako erabakiak hartzea. Izan kanpandorrea elizarena edo beste edonorena».

Zer gertatzen da, ordea, Katalunian? Abokatuak berak azaldu du: «Hiruko gobernuaren garaian dekretu bat atera zutela ezustean: Gurtzarako Zentroen Dekretua. Haren arabera, Katalunian elizetako kanpandorreak salbuetsita gelditzen dira Zarataren Legearen aplikazioan».

Eta gogor egin du Gallardok «salbuespen» horren kontra: «Hori erabat ilegala da. Dekretu hori Zuzenbide fakultatean aurkezten baduzu, izan garbi suspenditu egingo duzula, edo zuzenean fakultatetik bota egingo zaituztela. Hierarkia printzipioa aintzat hartuta, dekretu batek ezin baitu legea bera salbuetsi. Hori da epaile batek Tarragonan izan genuen auzian deliberatu zuena: dekretu batek ezin duela lege baten aplikazioa salbuetsi. Ez zuen dekretua aplikatu, legea aplikatu zuen, eta kanpandorrea itxi zuen. Kito».

Auzi ezagunenen errepasoa egin du Gallardok, eta Gironako katedralarena da horien artean ezagunena. «Kasu askotan hotelek jotzen dute auzitara. Gironako katedraleko kasuan ere hala gertatu zen. Bertako bizilagunak ohituta daude, eta ez dute kanpaien hotsa molestia gisa kontsideratzen. Hotela jartzen dute, ordea, eta orduan hasten dira arazoak. Azken batean, negozio bat dute jokoan», nabarmendu du Gallardok.

Hotelak, herri txikiak, kanpotarrak, bertakoak... Hor gertatzen denari buruzko teoria bat ere badauka abokatuak: «Nahiko absurdoa da hamabost minutuan behin 65 dezibel izatea leihoan. Zertarako? Etortzen zaizkizu esanez tradizioa dela, kultura dela... Hori gezurra da. Herriak diren bezalakoak dira askotan, eta kanpotik etortzea eta, gainera, protestaka hastea horrelakoekin ez dute herrietan batere maite. Hori hala da. Epaiketa askotan galdetzen zaio kanpai hotsen aldekoari: 'Baina zuk gauez entzuten dituzu kanpaikadak?', eta erantzuten du: 'Ez'. Galdera da: 'Bada, orduan, zertarako nahi dituzu?'».

Gallardok argi utzi du, gainera, «Elizaren botereak» ez duela kasu hauetan eraginik: «Eliza Eliza izango da, baina horretan ez du zeresanik. Beste kontu bat da egun argitan mezara deitzeko, edo bestelakoetarako kanpaiak erabiltzea. Hor molestia gutxi egoten da, eta ez dago hor sententzia asko». Izan ere, gaueko kanpaikaden inguruan batere zalantzarik ez du abokatuak, baina egunez jotzen diren horien inguruan badu zalantza: « Zer esatea nahi duzu? Ez dakit egunez jotzen duten horiek zenbateraino galarazten duten atsedena... baina, bueno, horien kontra ere egin nahi bada, egin liteke».

ACCCA Kutsadura Akustikoaren Kontrako Kataluniako Elkartearen webgunean (sorolls.org) eta conrderuido.com izenekoan dituzte jasoak gai honi eta kutsadura akustikoari buruzko beste hainbat xehetasun: prozedurak, sententziak, iritziak, aholkuak... Kanpai hotsei buruzko aferan, argi dauka Gallardok: «Ez da kultura, eta ez da tradizioa. Debaldeko molestia bat baino ez da. Eta benetako tortura bihurtu daitekeena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.