Laborantza ekologikoa

Uztaren uztartzea

Baserriko Uzta egitasmoaren hirugarren ekitaldia gaur hasiko da Anizko Jauregia etxaldean. Petti musikariaren doinuak lagun, baserritarren eguneroko jarduna ezagutuko dute bertaratzen direnek.

Jauregia etxaldeko behiak, larrean, Anizen (Baztan, Nafarroa). BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Uztarketa bat da. Baserria, laborantza ekologikoa eta musika uztartzen dituena uztarri berean, eta haien uztaren bueltan. Horixe da Baserriko Uzta egitasmoa: urtaro bakoitzean antolatzen den juntadizo bat, ateak zabaltzen dituen etxalde bat, soinu kutxa irekitzen duen musikari bat, eta haien uzta ezagutu eta gozatzen duen lagun talde bat.

Bi urteko etenaren ondotik abiatu dute berriz ere egitasmoa EH Kolektiboak eta Iametza komunikazio enpresak, elkarlanean. Pandemiarengatik utzi zuten bertan behera, baina hiru urtaroren bueltan antolatu dute aurten: udaberrikoa egingo dute gaur Anizen (Baztan, Nafarroa) —agortuta daude Petti ikusteko sarrera guztiak—, udakoa egingo dute Bizkaian —zehazteke dute data eta lekua—, eta udazkenekoa egingo dute, urriaren 8an, Ibarlan (Nafarroako Beherea).

2017an hasi zuten egitasmoari emandako segida da. «Bazterreko bi mundu elkartzea da honen funtsa. Eta bat egite horretan, erdibide bat lortzea. Ikusten genuen gure etxeek,euren txikitasunean, ez zeukatela gaitasunik euren lanaren berri emateko, eta, emate horretan, zenbaitetan, oso hankamotz gelditzen ginela», azaldu du EH Kolektiboko kide Josebe Blancok.

Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta etxaldean egin zuten lehenengo Baserriko Uzta hura, eta Anarirena izan zen orduan kontzertua. Gerora bisitatu dituzte Urduña (Bizkaia), Arbona (Lapurdi), Oibar (Nafarroa), Anuntzeta (Araba), Pagola (Nafarroa Beherea) eta Eibar (Gipuzkoa). Lurraldetasuna zaintzen dute, ekoizpen mota txandakatu egiten dute, eta musikarien estiloa eta generoa ere kontuan hartzen dituzte. Gustura daude orain arte egin duten bidearekin. «Ikaragarria izan zen hasieran jaso genuena. Baserriarekiko gertutasuna sentitzen zuen jendeak erantzun egin zuen —horiek erakartzea erraza zen—, baina etxe batzuetara azaldu zen seguruenera baserri batera gerturatuko ez litzatekeen jendea: oso hirikoa dena, baina musikariek erakarrita datorrena. Izan ere, gure lana ez da egiten dugun hori erakustea bakarrik. Egun osoa elkarrekin ematen dugu: goizean-goizetik hasita, hamaiketakoa egin, bazkaldu, kontzertua... Tartean sortzen diren espazio horiek, bestela, ez lirateke sortuko».

Eta sortzen dira espazioak ukuiluan, ezkaratzean, soroan zein ganbaran. EH Kolektibokoek diote «komunitatea» sortzea dela halako ekinbideen helburua, eta sareak sortu eta indartzea: «Bazterreko diren diziplinek, eragiteko, elkartu behar dutela iruditzen zaigu. Laborantzaren mundua eta euskal musikarena bazterreko arloak dira». Eta bide beretik, kalearen eta landa eremuaren «lotuneak» nahi dituzte bilatu: «Inoiz gutxitan elkar ukitzen duten bi munduen arteko zubia izatea da xedeetako bat».

Galderak eta erantzunak

Anizko Jauregia etxaldea izango da oraingoan zubi lanak egingo dituena. Mikel Azkarate etxaldeko kideak ere halaxe ulertzen du Baserriko Uzta: «Baserritarra ez dena geurera biltzea da helburua. Eta begiak irekitzea, ikus dezan bertze eredu bat posible dela. Bere kabuz, entzun gaitzala, solasta dadila gurekin, galdetu dezala, eta erantzungo diogu».

Mikelek, Aitor anaiak eta beste lau langilek daramate Jauregia etxaldea. Esnetarako behiak «betidanik» izan dituzte bertan, eta «ekoizpen konbentzionalean» aritzen ziren hasiera hartan. 2004an erabaki zuten kanpoko banatzaileei saldu beharrean euren behien esnea eraldatzen hastea. 2008an, esnea saltzeko makina aitzindari bat jarri zuten Elizondon (Nafarroa). «Sekulako arrakasta» izan zuen, eta aukera hura baliatu zuten ekoizpen ekologikora jauzi egiteko. Europako araudia errespetatuz, gutxitu egin zuten behi kopurua, eta handitu hektareena. Gaur egun, 50 behi dituzte, eta 35 hektarea. «Joan gara poliki-poliki ekoizpen guztia eraldatzen. Ekoizten ditugu gasnak, jogurtak, irabiatuak, esne freskoa.... eta behien arraza ere ari gara aldatzen».

Izan ere, Frisiar arraza da ohikoena esne-behietan, baina hura gutxitu eta Alpeetako behi arreak eta Montbeliarde arrazakoak ari dira hazten Jauregia etxaldean. Ez da erraza izan, baina Azkaratek onurak baino ez dizkio ikusten jardun ekologikoari. «Gure behien ekoizpena, konbentzionalekoekin konparatuz, txikiagoa da, baina urtean bederatzi hilabetez kanpoan daude, belarra jaten. Aise arazo gutxiago izaten dituzte, beraz. Bizi luzeagoa dute, eta osasun hobea».

Bakarrak dira, ordea: «Tristeena da gu ohartu garela, baina bakarrak garela Baztanen. Pena da inor gehiago ohartu ez izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.