Arbasoen sorterrian topa

Artziniega herriaren 750. urteurrena ospatzeko, Artziniega abizena duten pertsonen topaketa bat antolatuko dute uztailaren 9an. Mundu osoko jendea elkartu nahi dute.

Arabako Artziniega udalerritik emigratu zuten pertsonek eraman zuten abizena Ameriketara eta Espainiara. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
unai etxenausia
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Iragan mendeetan, jende andanak emigratu zuen Euskal Herritik beste herrialde batzuetara. Ez bakarrik XX. mendearen hasierako euskal diasporaren garaian: aurretik ere mugitu ziren hainbat. Ekipaje guztiarekin batera, abizenak eraman zituzten haiekin: Izagirre, Urdaneta, Larrazabal, Garmendia... Asko dira mundu osoko hainbat txokotan aurki daitezkeen euskal abizenak. Artziniega da abizen horietako bat. Arabako Artziniega udalerritik emigratu zuen jendeak eraman zuen abizena Ameriketara eta Espainiara. Udalerriaren 750. urtemuga da aurten, eta, horren harira, Artziniega (Arciniega, Aciniegas, Arziniega. ...) abizena duten mundu osoko pertsonen bila ari da udala, uztailaren 9an artziniegatarren bilkura bat antolatzeko.

Duela hilabete batzuk hasi zen herritar talde bat urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatzeko ideiak biltzen. «Zergatik ez dugu herrian elkarretaratze bat antolatzen Artziniega abizena duten pertsonekin?», bururatu zitzaion norbaiti. Ez zen kasualitatea. Izan ere, Joseba Vivanco Artziniegako alkateak azaldu duenez, noizean behin «Latinoamerikako edo beste hainbat lekutako jendea agertzen da herrian, haien abizenaren jatorriaren bila».

Ez da munduan gehien zabaldu den euskal abizena, baina ez dira gutxi. Datuen arabera, Espainian eta Euskal Herrian Artziniega lehen abizena duten 362 pertsona daude, eta 396 lagunek dute bigarren abizen gisa. Ameriketan ere oso zabalduta dago: Ekuadorren, Kolonbian, Perun, Ameriketako Estatu Batuetan —Florida eta Texas estatuetan gehienbat—... baina, batez ere, Mexikon aurki daitezke gehien.

Facebooken badago 1.600 bat pertsona bilduta dauden Arciniega izeneko talde bat. Besteak beste, «abizenaren inguruko ezagutza sustatzea eta arbasoak gehiago ikertzea» da taldearen helburua, profileko deskribapenaren arabera. Vivancok ziurtatu du taldekide gehienak Amerikakoak direla: «Talde horretan jarri genuen uztaileko topaketaren afixa, eta sekulako erantzuna izan zuen. Informazioa eskatzeko posta elektroniko helbide bat jarri genuen afixan, eta lehen egunetik erantzunak jaso genituen. Askok, dagoeneko, topaketara etortzeko asmoa iragarri dute». Euskal Herritik eta Espainiatik ere jendea etorriko da. «Dagoeneko Zaragozako batzuek esan digute etorriko direla», ziurtatu du alkateak.

Topaketa egunerako zer prestatu pentsatu baino lehen, udala zain da jendeak izena eman dezan. Halere, Vivancok azaldu du egunean zer ekintza egin nahi dituzten: «Ongietorri bat egingo diegu lehenengo, eta herria erakutsiko diegu gero. Eguerdian, bazkari bat egin nahi dugu herriko pilotalekuan, eta, gero, ea dantza apur bat egiten dugun». Are, alkateak uste du gehienak herria ikustera edo abizen bereko beste jende bat ezagutzera joango direla. «Agian askok sekula egon ez diren familiarekin egoteko aukera izango dute», esan du, barrez.

«Abizenaz harro»

Historian, izan dira Artziniega abizeneko pertsonaia ospetsuak. Claudio de Arciniega eskultoreak (1527-1593) arrastoa utzi zuen Mexikon, hark diseinatu baitzuen Mexiko Hiriko katedrala. Rosa Arciniega ( 1909-1999) kazetari feminista perutarra da beste bat; «Rosak ondo ezagutzen zuen bere arbasoen sorterria», azaldu du haren biloba Cecilia Arciniegak.

Arciniega Liman (Peru) jaio bazen ere, Leonen (Espainia) bizi da egun. Hura ere artziniegatarren topaketara joango dela esan du, pozik: «Nire lehengusu-lehengusinek —Rosaren seme-alabek— kontatu zidaten topaketa bat egongo zela uztailaren 9an, eta segituan idatzi nien bertan egongo nintzela esanez. Askotan egon naiz Artziniegan; lotura estua daukat herriarekin». Izan ere, alkateak gaineratu duenez, artziniegatar guztiak «harro» mintzo dira abizenaz, «ez baitaude asko munduan». Ideia hori partekatzen du Arciniegak ere, eta «apur bat euskal herritar» sentitzen dela esan du.

Jendeak Arabako herria non dagoen jakitea da, finean, uztailaren 9ko bilkuraren funtsa. Vivancoren hitzetan: «Munduko mapan kokatu nahi dugu Artziniega». Arciniegari ere «ideia zoragarria» iruditzen zaio topaketarena. «Argi daukat batzen duen abizen bat dela», azaldu du. Horregatik, «beti harro» egongo da bere arbasoen sorterriaz eta abizenaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.