Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Herri txiki, saio handi

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ia ezinezkoa da ezer galdu gabe ezer irabaztea, oso gutxitan gertatzen da, eta hori argi geratzen da herri txiki bateko bizilaguna hirira bizitzera doanean, baina baita, jakina, bidea alderantzizkoa denean ere. Onerako aldaketa izan daiteke bata zein bestea, baina inoiz ere ez galerarik batere gabekoa.

Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak herri txikitik hirira alde egiten duenak zer galtzen duen erakusten digute ia-ia igandero, 2015eko urtarrilaren 4an (Wikipediak hala dio behintzat) ETB1en Herri txiki, infernu handi saioa estreinatu zutenez geroztik. Ñabardura garrantzitsu batekin: batzuetan hiri barruan ere egon daiteke herri txikia, ez alferrik hainbat hiritako auzoetatik ere igaro baitira bi sozioak.

Orain hurrengoan errepikapen bat egokitu zitzaidan pantailan (ETB1 piztuz gero, edozein errepikapenekin harritu zaitezke, Mihiluze lehiaketaren aspaldiko saio batetik hasi eta DBH telesail bikainaren atal bateraino, duela ezin jakin zenbat urteko Herri txiki, infernu handi batetik pasatuta), eta hunkitu egin nintzen, ikusi nuen lehen aldian bezala, Itziarko (Gipuzkoa) Joxe izeneko baserritarra bere etxeko sukaldean entzunda, berarekin buruz buru hizketan ari nintzela zirudiela.

Bere solasaldian, Joxek ondo laburbiltzen du saioan ezagutu ditugun beste solaskide askoren izaera eta ikuspegia, munduan egoteko modu soil eta organiko hori, hain espantu eta farfaila gutxikoa. Leon Felipe poeta espainiarraren poema bat dakarte gogora horietako askok, Paco Ibañezek ederki kantatua: Como tú. Auzitegi baterako, jauregi baterako, eliza baterako ez diren harri koxkor apal baina bizitzaz beteak.

Halaxe hurbiltzen zaizkie saiorako aukeratutako herritarrei Pagadi eta Gurrutxaga ere, espanturik eta farfailarik gabe, parekotasun osoz, antropologo supremazistaren goitik beherako begiradarik gabe zein miresle mitifikatzailearen apalkeria faltsurik gabe, eta ederki asmatzen dute haien alderdi gizatiarrena pantailara bideratzen.

Herri txikiak —hiri handiak bezala, berdin-berdin—, zeru, infernu, purgatorio eta hiruren tarteko guztia izan daitezke, eta dira; eta —hiri handiek bezala— altxor ugari dituzte ezkutuan. Horiek erakusten dizkigute soiltasunez eta gardentasunez Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak: pertsonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.