Argazkilaritza

Gerrako saminari argazki bat

Carole Alfarah fotokazetariaren 'Gerraren gerizpean' erakusketak Siriako gerrak eragindako minaren lekuko izan nahi du. Gasteizen dago ikusgai, bihar arte.

Gerraren gerizpean erakusketako argazki bat. CAROLE ALFARAH.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Jende ugariren elkarlekua izaten da Andre Maria Zuriaren plaza. Kafe bero bat hartzeko toki ezin hobea neguan, eta Zeledonen jaitsieraz gozatzeko udan. Minaren agertoki bihurtu da, ordea, azken asteotan. Ekialde Hurbiletik datorren minarena, hain zuzen. Mendebaldean pandemiak egunkarietako orriak betetzen dituen bitartean, Sirian egunero baitago bonba zaparrada. Errealitate hori ekarri nahi izan du Carole Alfarah fotokazetariak (Damasko, 1981) Gasteizko plazara. «Siria agenda mediatikotik at dago orain», dio. Asteburu honetan izango da erakusketa ikusteko azken aukera.

Alfarahk egindako argazkiak ikusgai daude Gasteizen, argazkiotako pertsonen istorioak azaltzen dituzten testuez lagundurik. Erakusketaren ondotik pasatzean, atentzioa ematen du Sulafen begirada tristeak: duela urte batzuk, matematika indartzeko eskola partikularretara joateko prestatzen ari zen 16 urteko neskatoa. Berandutu egin zitzaion, eta, etxeko atea zabaltzera zihoala, eztanda batek atzerantz bota zuen. Auto bat leherrarazi zuten haren etxe aurrean, eta eskoletara garaiz ez joateak salbatu zuen gaztea. «Hiru minutu berandu iritsi izan ez banintz, hildakoen artean nengokeela pentsatu nuen», azaldu zion fotokazetariari.

Ertzetara begira

Alfarah Sirian jaio eta hazi zen, 2012. urtean gerrak bere herria uztera behartu zuten arte. Orduz geroztik, hainbat aldiz bueltatu da jaioterrira, «armak hartu ez dituztenen mina» argazki batean gorde eta munduari errealitate gordina erakusteko. «Indarkeria arbuiatzen dut, eta baztertutakoen alde egin dut beti nire proiektuetan. Armatuta daudenek badaukate babesa, baina armak hartu ez dituztenak eta bakean bizi nahi dutenak gerraren gerizpean geratu dira».

Fotokazetariariarentzat banaezinak dira lana eta arlo pertsonala: «Neure burua lekukotzat eta mezularitzat daukat aldi berean; hortaz, gerran ezinbestean gurutzatu dira nire esperientzia pertsonala eta profesionala». Sufrimendua erretratatzeko orduan ere, bizitakoa baliagarri izan zaio: «Istorio gogorrak kulturaren zati diren gizarte batean jaio naiz. Horregatik, beti eduki izan dut nolabaiteko lotura isilean sufritzen dutenekin, eta honek beren mina errespetuz eta sentiberatasunez kontatzeko aukera eman dit, pertsonen duintasuna babestuz». Hala ere, besteen mina argazki batean gordetzeak erantzukizuna dauka. «Argazkilariaren eta argazkian agertuko den pertsonaren artean akordio bat egon behar da. Horregatik, hildakoak erretratatzea gogorra da niretzako, ez dakit beraien baimena dudan edo ez».

Sanaden eta Xahden argazkiak ikustean, munduko edozein lekutako bi ume direla pentsa daiteke. Sanadek, ordea, ez du oroitzea gustuko. 11 urte ditu, eta misil batek bere eskola jo zuen. Geroztik, ohea bustitzen du gauero, eta oihu egiten du lo dagoela. Libanora lekualdatu da orain,familiarekin. Hamabi orduz egiten du lan egunero supermerkatu batean.

Xahd eta bere familia ere Libanora lekualdatu ziren. Xahdek 12 urte dauzka, eta bere hiria, Raqqa, Estatu Islamikoaren menpe egon zen hiru urtez. Gazteak dio gerrako oroitzapen guztiak ahaztu dituela. Denak, bat izan ezik: «Misil batek etxe ondoan jo zuen eguna. Akabatu egin zituen gure bizilagunak. Ezin ditut ahaztu haien oihuak». Neskatoari orban zuriak agertu zitzaizkion gorputz osoan, traumaren ondorioz.

Odol putzu bat ere ageri da bes ste argazki batean; norbaitek zigarrokin bat bota du bertara. «Ez naiz argazki batzuk kamerarekin egiteko gai izan, bertako krudeltasunagatik. Nire oroimenean iltzatuta geratu dira, eta haiekin bizitzen ikasi behar izan dut».

Ahotsa duten argazkiak

Alfarahk argi dauka bere lanaren xedea: «Biktimen ahotsa entzunaraztea da nire helburua, behintzat, inork ez dezan esan gero gertatzen zenaren berri eduki ez duenik». Bederatzi urtetik gora daramatza Siriak gerran, eta Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den krisi humanitariorik handiena da siriar errefuxiatuen afera. Milioi erdi pertsonatik gora hil edo desagertu dira. «Siriarren erdiak errefuxiatuak edo lekualdatutakoak dira». Alfarahren arabera, «oso informazio gutxi» heltzen da Mendebaldera Siriako gerraren inguruan. «Garrantzitsua da europarrek begiak ireki eta gorrotoaren joko politikoan ez sartzea». «Gertaera lotsagarri hau ahaztu ez dadin» dio egiten dituela argazkiak.

Matxino armatuen eta armadaren arteko borroken ondorioz, etxea suntsitu zioten 68 urteko Matanius Barakati. 40 urte egin behar izan zituen lanean etxea erosi eta altzairuz hornitu ahal izateko. Zutik ageri da, bere etxe suntsituari begira. Bere begiradaren tristura ez da argazkian kabitzen. «Erretratatzen ditudan pertsonak gertatzen ari dena kontatu nahi diote munduari; oihu egiten dute, baina badirudi dauden lekutik inork ez diela entzuten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.