Gastronomia

Paraje ederren zapore goxoa

«Kalitatezko» janari «tradizionalaz» goza daiteke Donostiako Alaia jatetxean, eta inguru zoragarri bati begira, gainera. Abentura parke berri bat ere badute ondoan.

Arroza txirlekin, Alaia jatetxeko plateretako bat. ALAIA.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Parez pare dago Santa Klara uhartea, baina ederki ikusten dira Urgull mendia eta Kontxako hondartza ere. Donostiako parajeen erakusleiho da Igeldoko Alaia jatetxea. Goizeko hamarrak dira, eta bertan daude dagoeneko Adolfo Muriel eta Mariaje Ambrosio; lanean, erne eta tinko. Izan ere, jatetxean izaten dira goizean goizetik, bazkaltzeko garairako dena antolatuta egon dadin. Horren ondorio da, hain zuzen, eskaintzen duten «zerbitzu azkar» bezain «ona».

«Jendeak, janariaz gain, bista hauek apreziatzen ditu gure jatetxetik», azaldu du Murielek parean duen paisaiari begira. «Egunez, ederrak dira, baina gauez, zoragarriak». Terrazako edozein puntutatik goza daitezke bista horiek, baita barruko jantokitik ere, jarria duten beirateari esker.

Igeldoko atrakzio parkearen ondoan dago, gainera, eta, sukaldariak azaldu du jende askok bertan bazkaltzen duela parkea bisitatuko duela aprobetxatuz. Hori gutxi ez, eta, abentura parke berri bat jarri dute, Muriel eta Ambrosioren jabetzakoa: Canopy Donostia Aventura. 2020an ireki zuten, eta, hasieran pandemiak baldintzatu zuen arren, normal funtzionatzen du gaur egun: «Eskola taldeak, familiak eta lagun taldeak etortzen dira normalean».

Horiek, askotan, jatetxean bertan bazkaldu eta bertako jaki «tradizionalez» eta «kalitatezkoez» gozatzeko aukera baliatzen dute. Hala definitu dute Murielek eta Ambrosiok beren jatetxean eskaintzen duten janaria. «Lehen mailako kalitatezko lehengaiak ditugu gure sukaldean, eta hori asko eskertzen du jendeak», zehaztu du Murielek. «Oso hornitzaile onen eskutik egiten dugu lan; aspalditik ezagutzen ditugu».

Denetatik dute kartan: hasierako askotariko platerak, arrainak, haragiak, etxean egindako postreak... Baina plater nagusi batek bereizten ditu Alaia eta bestelako jatetxeak: arrozak. Hiru eratara prestatzen dute: batetik, itsaski arroza; bestetik, arroza abakandoarekin; eta, azkenik, arroza txirlekin. Hiru horien artean, txirladuna nabarmendu du Ambrosiok, baina denak «zoragarriak» direla adierazi du. «Arroza eskatu nahi duenak lehenago deitu beharko du. Hala, errazago antolatzen dugu eguna».

Uda ate joka dagoen honetan, sumatzen dute jatetxera joaten diren bezeroen gorakada: «Eguzki izpi bat ikusi, eta hemen ez dago lasaitasunik, baina poztekoa da hori». Bezero gehienak bertakoak direla dio, eta gutxi batzuk omen dira kanpotik etorriak: «Kanpotik datozen asko atrakzio parkera joaten dira, eta hemen bazkaltzen dute». Goraino betetzen zaie jatetxea; barru zein kanpo. Hala ere, Murielek ziurtatu du bezeroek berehala edukiko dutela eskatutakoa mahai gainean: «Oso ondo antolatzen gara: horixe da sekretu bakarra».

Parkera sartzeko hesia

Haizea dabil Alaian, eta ez dirudi eguzki izpiek giroa argituko dutenik. Eguraldiak jende kopurua baldintzatzen duela azaldu du Ambrosiok: «Eguraldiaren arabera, jende gehiago edo gutxiago izaten da gurean». Hala ere, eguraldia ez da arazo, prest baitute jatetxea eguraldi txarrari aurre egiteko ere. «Estalki sendo bat jarri dugu, itzela, euria ari duenean jarri eta ona egiten duenean ken daitekeena».

Badute, ordea, jendeak eragozpentzat duen kontu bat: Igeldora sartzeko barrera. Izan ere, jatetxera bidean dago, eta ordaindu egin behar da derrigor. Zera adierazi du Murielek: «Jendea horrekin geratzen da, baina kontuan izan behar da behin hori ordainduta ez dagoela aparkalekua ordaindu beharrik. Jatetxearen atean bertan dugu doan aparkatzeko lekua, eta nahi beste denbora utz daiteke autoa bertan».

Hogeita bat urte dira bertara iritsi eta lehen El Pinar izenez ezaguna zen askaltegiaren erreleboa hartu zutela. Baina ibiliak dira, hala ere, ostalaritza munduan lehenago. Donostiako Easo kaleko bi taberna haienak izan ziren: Invernadero eta Esparbela. Alaia jatetxearen jabe egin eta urtebetera, gainera, Urbieta kaleko Aurrera taberna hartu zuten, erosi eta lau urtera eraldatu, eta Aurre izendatu zutena: «Kafetegi gisa eduki genuen lehenik, eta garagardotegi gisa ondoren. Ondo funtzionatu zuen, baina itxi behar izan genuen, askotariko arrazoiak zirela medio».

Donostian bertan da haien Chez Croissant ere, duela 30 urte baino gehiagotik irekita dagoena. Hala azaldu du Mariaje Ambrosiok: «Inauguratu genuen garaian, Donostiako lehendabiziko croissant saltegia zen gurea, eta ilara luzeak egiten ziren». Baina gaur egun ere «primeran» funtzionatzen duela ziurtatu du. Luarri hotela ere hartu dute orain gutxi. Igeldon bertan dago, Cristobal Balentziaga pasealekuan, eta ostatu hartzeko leku «txiki» bezain «atsegina» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.