Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Hirurogeita lau

2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Zaharkeria edo gaztetasuna erlatiboa da beti. Ez bakarrik adina zenbaki bat besterik ez dela errepikatzen dugulako —soldata ere baden bezala?—, ezpada zenbaki bera asko edo gutxi izan daitekeelako, zerekin konparatzen den. Amonari 75 urteko edonor gazte-gaztea iruditzen zaio. Alderatzeko erreferentzia aproposa hautatzea da gakoa: 30en, 40en edo 50en krisian bazaude, kasurako, lasaituko zaitu ETBko ohiko ikuslearen adinera heltzeko zenbat falta zaizun kalkulatzeak. Nik, adibidez, 38 urte gutxiago ditut ETB1eko batez besteko ikusleak baino (64 urte).

Kantar Media agentziarena da datua. Kalkulua egiteko, Espainiar Estatuko kate jeneralista eta autonomiko irekien zaku berean sartzen dituzte ETB1, ETB2 eta ETB3. Neurtu dituzten kate guztien artean batez besteko adin altuena dutenak Trece eta BarçaTV elizkoiak dira (67), eta segidan, Hego Euskal Herrian irekian ikus daitezkeen kateen artean behintzat, ETB1 da ikusleriarik zaharrena duena (64). Euskarazko eta gaztelaniazko katearen artean hiru urteko alde esanguratsua dago, gainera, nahiz eta ETB2ko batez besteko ikusleari ere (61) ilea aspaldi urdindu zitzaion. Konparazio baterako, A Punt kate valentziar publikoaren batezbestekoa 52 da. ETB3rena, aldiz, Espainiar Estatuko telebista autonomikoetan baxuena da (29), baina berdin da zenbaki puztuegia —eta horrek eman dezake azterketaren seriotasunaren neurria—, haurrentzako edukia eskaintzen duela kontuan hartuta.

Kazetari serio batek datuen atzean dagoena ikertuko luke, baina, e!, hau zutabe bat besterik ez da: utz diezaiogun lan hori Urtzi Urkizuri. Analisi sakonagoen faltan, hiru pista posible: baliteke uste baino desorekoa demografiko handiagoa izatea, etxean geratzera bultzatzen duen eguraldi kaskarrarekin gurutzatuta, zenbaki puztuok ematen dituena; sala dezake, baita ere, ETB1ek—ETB2rekiko konparazioan hiru urte horiek mingarriak dira— gazte(ago)en interesa erakartzeko duen ezintasuna. Eta, oro har, berretsi dezake bestela ere susmatzekoa dena: gu —18-35 adin-tartekoak—, telebistan ez bada ere, inoiz baino ikus-entzunezko eduki gehiago ikusten dugunak, ez gaude ikusle datuetan. Eta horrela bada, bozik gabe utzi gaituzte: audientziei begira erabakitzen duenak gu kontuan hartu gabe erabakitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.