Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Galduta (VI)

2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Eta gaurkoan bai, hemen doa Lost-en amaieraren azalpena paganoentzat. Flashforwardek erakusten ziguten errealitate berri horretan, guztiak hilda zeudela, baina denbora plano zehaztugabe eta kokaezin batean (hortik jendearen nahastea). Hau da, irlaren botere magikoak medio, pertsonaia bakoitza linbo moduko zerbait den eta flashforward bidez ezagutu dugun errealitate horretan agertzen joan da bizitza errealean hiltzen joan ahala. Hots, Boone oso azkar iritsi zen bertara, eta Hurley eta Ben, oso berandu; baina linboan ez dago denborarik eta guztiak elkarrekin egon dira pertsonaia-jarioaz konturatu gabe. Azken pertsonaiak hiltzean, guztia gogoratu dute eta ditxosozko eliza horretan elkartu dira linbotik hurrengo fasera (zerura edo nahi duzuen lekura) elkarrekin joateko.

Beraz, flashforwardetan guztiak hilda zeuden, bai, baina hori irlako guztia gertatu eta gero etorri zen. Irlakoa gertatu ez balitz, ez litzateke errealitate horretan gertatutakoa gertatuko. Inori zalantzaren bat geratuko balitzaio (pagano ber bi), elizara sartu aurretik zalantza guztiak desagerrarazten dituen elkarrizketa bat dute Hurleyk eta Benek: «Laguntzaile on bat izan zara», esaten dio Hurleyk Beni, eta hark «eta zu nagusi bikain bat», erantzuten dio. Irlako guztia gertatu da, beraz.

Gauzak horrela, elizara sartzen dira eta zerurako bidaiari elkarrekin ekiten diote. Orduan, pertsonaia guztiak ikusten ditugu eliza barnean tartekatuta, Jack Shepardek irlan ematen dituen azken pausoak ikusten ditugun bitartean. Lurrera erortzen utzi, eta bertan hiltzen da, Vicent txakurra alboan duela. Orduan, Lost-eko lehen planoa izan zenaren omenez, plano berbera ikusten dugu, baina alderantziz. Lehen atalean, Oceanic 815 hegaldiaren istripuaren ostean, Jacken begia irekitzen ikusi genuen lehendabiziko planoan; azkeneko atalean Jacken begia ixten ikusten dugu, historiako telesailik handienari merezi zuen amaiera elegantea emanez. Gerora, J. J. (Jeijei) Abramsi eginiko elkarrizketaren batean irakurri nuen, bai bera eta baita Lindelof ere, aho bete hortz geratu zirela jendeak azken atalaren ostean ateratako ondorioekin.

Espero dut guztia garbi geratu eta eztabaida hutsal hau betiko lurperatu izana. Eta nola ez, mila esker zutabe errenkada luze honi jarraitzeagatik. Datorren astetik aurrera, bizitza normalera itzuliko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.