EBZren gobernu kontseilua. Zor erosketen amaiera

EBZk urtea bukatzean utziko dio zorra erosita ekonomia sustatzeari

Urritik abendura zorpetze inbertsioa erdira jaitsiko du, hilero 15.000 milioi jarrita. Interes tasak ez dira 2019. urteko udara arte igoko, «gutxienez». Egoerak okerrera egingo balu, berriro esku hartuko luke

Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidentearen agerraldia, erakundeko gobernu kontseiluak atzo Rigan (Letonia) egindako bileraren ondoren. VALDA KALNINA / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
EBZ Europako Banku Zentralak iragarri du bertan behera utziko dituela zor erosketa masiboak urtea bukatzen denean. Horrek esan nahi du krisiaren irteerari laguntzeko diru politikaren bidez jarritako makuluak kenduko dituela azkenik banku zentralak. Babes hori gabe ekonomiak aurrera egiteko sendotasun nahikoa badu dagoeneko, EBZren aburuz, baina, hala ere, interes tasak zeroan uzteko asmoa du gutxienez beste urtebeterako.

Rigan (Letonia) bildu zen atzo EBZko gobernu kontseilua. Bileraren aurretik ikusmin handia zegoen. Berez, irail arte soilik zegoen bermatuta zor erosketen programa, eta ekaineko edo uztaileko bileretan zirt edo zart egin behar zuen bankuak. Erabakia gehiago atzeratu gabe, irteeraren atea seinalatu die hazkundea bultzatu eta deflazio arriskuari aurre egiteko azken urteotan hartu dituen ezohiko neurriei.

2015. urteko urtarrilean ekin zion EBZk APP Aktiboak Erosteko Programari. Ordurako AEBek, Erresuma Batuak eta Japoniak erabilia zuten formula hori, baina erantzun faltak bigarren atzeraldi batean sartua zuen Europa. Gobernuetako zor subiranoa eta enpresen bonuak erosi ditu EBZk azken hiru urte eta erdian. Erosketa horiekin ekonomiari dirua zuzenean sartuta, krisiaren anemiatik ateratzea zen helburua. Maiatzera bitarte, banku zentralak 2,4 bilioi euro gastatu ditu programa horretan.

Diru politikaren norabidea tentuz aldatuko da, edonola ere. Diru politika gogortu eta likidezia eskaintza handia bat-batean ez dela murriztuko ziurtatu nahi zaie inbertitzaileei, hasteko, zor erosketak hiru hilabetez luzatuta. Irail arte eutsiko zaio orain arteko inbertsio erritmoari, hilero 30.000 milioi bideratuta. Urteko azken hiru hilabeteetan erdira jaitsiko da, 15.000 milioi jarrita.

Aurrera begirako jarraibideak ere gehiago findu dira. Gobernu kontseiluak berretsi du ez dituela interes tasak aldatuko —diruaren prezioa %0 da uneotan—, eta ez dira aldatuko «gutxienez» 2019. urteko udara arte.

EBZk hirugarren erabaki garrantzitsu bat ere aurreratu du. Zor erosketen programa abenduan itxiko bada ere, horren bidez erosi dituen bonuen dirua bueltatzen zaionean, bankuak itzulpen horiek berrinbertituko ditu zorra erosteko. Horrek esan nahi du banku zentralaren ekarpena ez dela erabat desagertuko, nahiz eta eskala askoz ere txikiago batean eragin. Erosketa programa amaituta ere, «denbora luze batean» berrinbertsio politika horri eutsiko zaiola jakinarazi du, gainera. Erabaki horren xehetasunak —noiz arte iraungo duen edo zein neurrirekin— etorkizunean argituko dituzte.

Mario Draghi erakundeko presidenteari gustatzen zaion estiloan, aipatutako erabaki guztiak malgutasunez interpretatzeko bidea irekita utzi du gobernu kontseiluak, neurri bakoitzari baldintza bat jarrita. Hala, erosketak erdira murrizteko eta abenduan amaitzeko erabakia aurrera eramango dute, «etorriko diren datuek epe ertainera begirako inflazio aurreikuspena berresten badute». Diruaren prezioa 2019ko udatik aurrera igotzeko aukerari buruz, EBZren komunikatuak dioepemuga luzatzea posible dela betiere nflazio aurreikuspenak beteko direla bermatzeko bada.

Azken finean, ustekabekoren bat gertatu edo egoera nabarmen okertuko balitz, berriro ere esku-hartzeko modua eskura utzi du banku zentralak. Hala ulertu zuen atzo hasieran merkatuak. Espero zitekeen diru politika gogortzeko norabidean jartzeak euroa indartuko zuela, baina behera egin zuen, ziur asko erabakiari atxikitako zuhurtzia elementu guztien eraginez. Aurrera begirako jarraibideak aho batez onartu zituen gobernu kontseiluak.

Gauzak horrela, interes tasen lehenbiziko igoera heldu den urteko bigarren erdian gertatzeko aukerak handitu dira. Hau da, Draghik 2019ko azaroan EBZko presidente kargua utzi baino lehen. Azken aldiz 2011. urteko uztailean egon zen igoera bat, artean Jean Claude Trichet bankuko buru zela. Diru politikaren soka azkarregi tenkatu izana egon zen Europa bigarren atzeraldian sartu zuen faktoreen artean. Diruaren prezioa %0ra jaitsi zuen 2016. urteko martxoan, eta, harrezkero, ez du ukitu.

Hazkundea, behera

Europako ekonomia garai arraroan dagoenean iritsi da EBZren norabide aldaketa. Aurtengo hazkundea ez da espero zena, eta banku zentralak berak hiru hamarren kendu dizkio euroguneko aurreikuspenari, %2,1era jaitsita. Lehen hiruhilekoan BPGa %0,4 handitu zen, eta Draghik onartu du motelaldia bigarren hiruhilekora luzatuko dela herrialde batzuetan.

Hala ere, garrantzia kendu nahi izan dio ziurgabetasun horri. Joan den urteko hazkundea espero baino askoz handiagoa izan zen—«esportazioen gorakada ez da errepikatuko», Draghiren hitzetan—, eta aurtengoa txikiagoa izateak ez du esan nahi susperraldia «irmoa» ez denik. Batez besteko inflazioa aurten eta datozen bi urteetan %1,7 izango dela diote banku zentralak atzo eguneratutako kalkuluek. Helburura —%2ren azpitik baina hurbil— hurbiltzeko aurrerapenak behar bezain sendo ikusten ditu orain.

Draghik baztertu du Italiako zurrunbilo politikoak merkatuetan izan duen erantzunak euroa krisian dagoela islatzen dutela. Haren ustez, «tokiko» arazoa izan da, eta ez da kutsadurarik egon. Euroa «atzeraezina» dela berretsi, eta ohartarazi du ideia hori zalantzan jartzeak «kaltea bakarrik» dakarrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.