Katalunia. Sanchez-Torra bilera

Kataluniak ez du «inolako biderik» baztertuko independentzia lortzeko

Torrak Sanchezi esan dio, bien arteko lehen bileran, autodeterminazioa dela gatazka politikoaren irtenbidea. Inbertsioak egitea eta autogobernuan sakontzea proposatu dio Espainiako presidenteak
Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, atzo, Moncloan, bileraren ostean.
Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, atzo, Moncloan, bileraren ostean. FERNANDO CALVO / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 10
Urteak ziren Kataluniako presidente bat ez zela Moncloara joaten. Zehazki, 2011n PP boterera iritsi zenetik. Aurpegi berri batek eta beste alderdi batek dute egun Espainiako botere politikoa, eta gauzak aldatu egingo diren mezua zabaltzen dabiltza PSOE eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea, joan den hilean Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa irabazi zutenetik. Eta dinamika horren barruan sartzen da Kataluniarekiko harremana eta elkarrizketa «normalizatzeko» beharra, hori baita Sanchezen helburua. Aldaketa mezu horiek, ordea, ez dute bide handirik egin Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka politikoan, Quim Torra Kataluniako presidenteak egiaztatu duenez. Izan ere, gauza bakar batean ados agertu ziren Sanchez eta Torra, atzo, bien arteko lehen bilera amaitzean: hartu-eman «luzea, eraikitzailea eta zintzoa» izan dutela, eta «gauza guztiez» mintzatu eta eztabaidatu dutela. Autodeterminazio eskubidea batek, dirua eta eskumenak besteak, hala laburbildu daiteke bi agintarien arteko lehen elkarrizketa. Oraingoz, kartak mahai gainean daude, eta negoziazioak hasi besterik ez dira egin, baina Torrak ohartarazpena egina du jada: Kataluniak ez du «inolako biderik» baztertuko independentzia lortzeko.

Bi agintarien arteko desadostasunak nabarmenak direla jakina zen, eta atzo ere agerian geratu zen errealitate hori, Kataluniako presidentearen aldarrikapenak bide batetik baitoaz, eta Espainiakoaren erantzunak beste batetik. Torrak autodeterminazio eskubidea aipatzean, Sanchezek erantzun zion «ez dela existitzen» halakorik. Gauza bera politikari presoen auzian. Espainian ez dagoela «halakorik». Komunean duten iritzi bakarra da Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoa dela, eta irtenbide politikoa behar duela. Parean jarrera hori izatea aldaketa nabarmena da Torrarentzat, bileraren osteko prentsaurrekoan aitortu zuenez, baina gogorarazi zuen horrek ez duela bere jarrera aldatuko.

Hor dago, hain justu, gatazka puntu handiena. Irtenbide politiko hori zein den, zer egin, hori da desadostasuna: Torrarentzat, autodeterminazio eskubidea eta, beraz, erreferendum bat da gatazka politikoaren soluzioa. Hau da, Madrilekin adosturiko galdeketa bat, posible balitz. Ez, ordea, Sanchezentzat, Kataluniako presidenteari inbertsioak egitea eta autogobernuan sakontzea eskaini baitio, eta, nazioaniztasunaz mintzatu zitzaion arren, Espainiako presidenteak ez zion konstituzioaren erreformarik aipatu, aurreko egunetan hala egingo zuela iradoki zuen arren. Kataluniako presidenteak ere iragarri zuen adosturiko erreferenduma jarriko ziola mahai gainean Sanchezi, baina ez zuen halakorik egin. Karta batzuk, beraz, erabili gabe geratu dira.

Bien bitartean, bi gobernuen arteko harremana hobetzeko, estrategia argia zehaztu du Madrilek. Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak, lerro artean bada ere, argi utzi zuen Kataluniako aferan Rajoyren erabakiak deuseztatzea dela asmoa: «[Kataluniako] Lege batzuei betoa kentzeko prest gaude. Energiari, pobreziari edo osasun unibertsalari buruzkoak, esaterako».

Aldebiko batzordea

Harremanak «normalizatzeko» helburu argia zuen atzoko bilerak, eta, horretan sakontzeko, 2011tik etenda dagoen aldebiko batzordea berriz ere martxan jartzea adostu zuten, Calvok azaldu zuenez: «Elkarrizketarako toki handia dago, eta eguneroko gaiez mintzatuko gara». Meritxell Batet Espainiako Lurralde Politikarako ministroa —katalana da— izango da batzorde horren burua.

Bileraren emaitza aztertzean, askotariko erreakzioak izan ziren Katalunian. PDeCAT eta ERC pozik agertu ziren lehen hartu-emanarekin, baina deitoratu egin zuten irtenbiderik ez lortu izana. CUPek eta Kataluniako Asanblea Nazionalak, berriz, diskurtso gogorragoa erabili zuten, eta Kataluniako presidenteari leporatu zioten prozesu subiranista «goitik ixteko» saiakera bat egin izana.

Torrak eta Sanchezek abuztuaren 17an ikusiko dute elkar berriz ere, Bartzelonan, iaz egun horretan izandako erasoen biktimak oroitzeko ekitaldietan, eta udaren ostean izango dute bigarren hitzordua, Bartzelonan, Espainiako presidenteak Kataluniakoak egindako gonbita onartu ostean. Sanchezek, ordea, ez du baztertu Kataluniara gehiagotan joatea, udan, esaterako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna