PPren helegiteak aurrena

Sanchezen gobernuak Auzitegi Konstituzionaletik kenduko du polizia gehiegikerien legearen kontra Rajoyrenak jarritako salaketa. Eusko Jaurlaritzak aukera izango du funtzionarioen soldatak igotzeko
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, ekainaren 25ean Madrilgo Moncloako jauregian eginiko bileran.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, ekainaren 25ean Madrilgo Moncloako jauregian eginiko bileran. CHEMA MOYA / EFE

Jokin Sagarzazu -

2018ko uztailak 25
Uzta jasotzeko garaia heldu zaio EAJri, eta, bidenabar, Eusko Jaurlaritzari ere bai. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izatea ahalbidetu zuen jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioaren emaitza izan zen bi gobernuen arteko bitariko batzordera deitzea, aurreko gobernuak Eusko Legebiltzarrak onartutako zenbait legeri jarritako helegiteak kentzeko aukera aztertzeko eta eskualdatu gabe dauden Gernikako Estatutuko eskumenen transferentzia gauzatzeko egutegi bat negoziatzeko. Gobernuburu izendatu eta hiru astera bildu ziren Sanchez eta Iñigo Urkullu lehendakaria, eta lantalde hori martxan jartzea adostu zuten. Lehen bilerak hasiak dira fruituak ematen.

Hala, udazkenean indarrean izango da Eusko Legebiltzarrak 2016an onartutako polizia gehiegikerien legea osorik —1978-1999 epeko biktimentzat—, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko langileen soldata igo egingo da.

Aurreneko kasuan, Sanchezen gobernuak kendu egingo du Rajoyrenak jarritako helegitea. Funtzionarioen soldaten kasuan, Madrilek hitzeman du ez dituela auzitara eramango Urkulluren gobernuaren aurtengo aurrekontuak —hala egingo zuela iragarria zuen PPrenak—, eta Jaurlaritzak «erabateko segurtasun juridikoa» izango duela bere menpeko administrazioko beharginen soldatak igotzeko. Neurriak, gainera, atzerako eragina izango du 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Aurten funtzionarioei soldata %1,5 igoko ziela finkatu zuen Jaurlaritzak. Baina Madrilek helegitea iragarri zuen, argudiatuta Espainiako Estatuko aurrekontu esparrua gainditzen zuela neurriak. EAEko aurrekontuak onartu zirenean, oraindik ez zegoen 2018. urtekoa ezarrita Espainian. Horretan bai, aurreikusita dago datozen hiru urteotan soldatak gutxienez %1,5 igoko direla.

Rajoyren bi agintaldietan Eusko Legebiltzarrak onartutako hamahiru lege eraman ditu PPk Auzitegi Konstituzionalera. Horietako batzuk ontzat jo ditu gero —adikzioen legea, adibidez—; beste batzuetan, arrazoia eman dio Madrili; eta helegite batzuk erretiratu ditu gobernuak —Udal Legea, esaterako—. Azken bi urteetako aurrekontuen negoziazioetan EAJk beti jarri ditu mahai gainean biktimen legea eta langile publikoen soldataren auzia, baina ezerezean geratu da saio oro. Nafarroako Parlamentuak onartutako hemezortzi egitasmoren kontra ere jo du PPren gobernuak; tartean, 2015eko polizia indarkeriaren biktimen legea eta tortura ikertzeko aurten onartutakoa.

PP eta Ciudadanos, adi

EAJ eta PSOE Sanchezen inbestidura negoziatzen aritu zirenean berriz irten ziren mahai gainera orain desblokeatutako bi gaiak. Hasieratik horretarako borondatea agertu zuten sozialistek; gainera, haiek babestuta egin zuten aurrera Eusko Legebiltzarrean. Bietan, beraz, ia segurutzat jotzen zen babesa. Hala, biktimen legearen sei artikulu etenda egon arren, joan den uztailaren 10ean egin zuen lehen bilera legea gauzatzeaz arduratuko den batzordeak.

Horiek ikusita, Ciudadanosek eta ETAren indarkeriaren biktimen elkarte batzuek aurreko astean jakinarazi zuten lantalde bat sortu dutela «legeari nola aurre egin aztertzeko». Kritika horiei erantzunez, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak esan du legeak ez duela «gatazkaren teorian sakontzen», talde horiek salatu moduan. Ciudadanosen arabera, lege horrekin «historia berridatzi» nahi du Jaurlaritzak, biktimak «nortzuk diren eta nortzuk ez» berak zehaztuz.

Erkorekak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak orain zenbait moldaketa egingo ditu legean, argi uzteko aipatutako batzordeak ez duela esku hartzen Espainiako Botere Judizialen eskuduntzetan, eta azpimarratzeko legearen helburua ez dela giza eskubideen urraketa horien egileak identifikatzea, baizik eta biktimen aitortza eta erreparazioa egitea. Horrekin batera, azaldu du «indartu» egin nahi dutela legearen «segurtasun juridikoa», batzordearen lanetan aipatzen direnen «ohorerako eskubidea, errugabetasun printzipioa eta datuen babesa» bermatze aldera. Horren harira, Lozak zehaztu du artikulu hauek aldatuko dituztela: 4.2c, 14.2e eta 14.4. Legearen erreforma Eusko Legebiltzarrean bozkatu beharko da.

Legebiltzarrak 2016ko uztailaren 28an onartu zuen araudia, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk. 1978. eta 1999. urteen artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea du helburu legeak. Beste araudi baten jarraipena da: 1968-1978ko biktimentzako dekretu bat onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Patxi Lopez sozialistaren agintaldian, PPren babesarekin. 1999. urteen ondorengo biktimentzako araua faltako litzateke.

Legea onartu eta bi hilabetera jo zuen Konstituzionalera Rajoyren gobernuak. Desadostasun nagusia legeak eratzea agintzen duen balorazio batzordearen ingurukoa zen. Batzorde horrek izango luke poliziaren biktimen aitortza eskariak aztertzeko ardura. PPren arabera, baina, batzordeak Espainiako justiziari dagozkion ahalmenetan esku hartuko luke. PPren iritziz, batzordeari delitu gertaerak ikertzeko ahalmena aitortzen zaio, eta hori epaitegien —botere judizialaren— eskumen esklusiboa da.

Irailean bilduko da aldebiko batzordea, jaso gabe dauden transferentziei buruz aritzeko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna