Migrazioak. Polizia kontrolak

Irungo harresia

Frantzia kontrol zorrotzak ipintzen ari da Lapurdiko mugan, eta legea bete gabe ari da migratzaileak bueltarazten. Are kontrol gogorragoak jartzen hasiko da

Frantziako poliziak, migratzaileak atzematen, Biriatuko mugan. BOB EDME.
Garikoitz Goikoetxea. Nora Arbelbide Lete
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Euria goian behean Biriatun, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan. Kontrola. Donostiatik Baionara doan autobus bat gerarazi dute Frantziako poliziek. Zenbat bidaiari daramatzan galdetu diote gidariari. Eta: «Zuriak ala beltzak?». Jende gutxi doa autobusean. «Zuriak denak», erantzun die gidariak. Hor amaitu da kontrola: ez dute autobusa miatu, ez dute dokumenturik eskatu. Aurrera jarraitu dute Baionarako bidean. Asteburu honetan gertatu da hori Biriatun, autobusean zihoan bidaiari batek BERRIAri azaldu dionez. Ez da salbuespena, egunerokoa baizik: mugako kontrolak gogortzen ari da Frantziako Polizia, paperik ez duten migratzaileak atzemateko eta kanporatzeko asmoarekin. Eta are gehiago gogortuko dituzte datozen asteetan: «migrazioaren presioari» aurre egiteko neurriak iragarri ditu Frantziako Gobernuak.

Migratzaileen iritsiera hizpide izan da uda osoan Euskal Herrian, baina udazkenarekin ez du etenik izan. Erreportaje sorta baten bidez, gai hori aztertuko du BERRIAk aste honetan; besteak beste, nola ari diren migratzaileak Irunera eta Baionara iristen, Frantzia aldera egin nahi eta ezinean. Lekukotasun gogorrak eman dituzte.

Bilera Lozak eta Payetek

Euskal Herria, izan ere, harresi bihurtu da migratzaile askorentzat. Espainia igarota, Frantziara heldu nahi dute askok, eta trabak dituzte. Irun eta Hendaia dira harresirik handienak. Azken asteotan ehunka migratzaile atxiki dituzte Biriatuko mugan, Santiagoko zubian eta Euskotrenen geltokian, besteak beste. Frantziako Poliziak atzeman ditu Lapurdiko lurretan, eta Gipuzkoara bueltatu.

Itzulketa irregularrak dira. Espainiako Barne ministroak berak aitortu du Frantzia legea urratzen ari dela jardun horrekin. Frogak daude, izan ere: ETBk, adibidez, erakutsi du nola uniformea jantzitako poliziek Santiagoko zubiaren Gipuzkoako aldera eraman dituzten migratzaileak, Poliziaren ikurrik gabeko ibilgailuak erabiliz. Fernando Grande-Marlaska ministroaren arabera, «une jakin batekoa» izan da Frantziako Poliziaren jardun hori. Ez dio hori SOS Arrazakeriako abokatu Mikel Mazkiaranek: haren arabera, gutxienez bada urte eta erdi Frantzia migratzaileak horrela itzularazten ari dela. «Espainiako ministerioak ezkutatu egin nahi du, edo ez du aitortu nahi nolako dimentsioa duen egoera honek».

Espainiako Gobernuak eskatuta, bilera egitekoa dute EAEko gobernu ordezkari Jesus Lozak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefet Gilbert Payetek. Argibideak eskatuko dizkio Lozak. Gobernu ordezkaritzako iturrien arabera, ez dute eguna jarri.

Frantziako Gobernuak, ordea, asmo irmoa adierazi du jokabide horiekin jarraitzeko. Hilaren 19an bisita egin zuen Hendaiara Laurent Nuñezek, Barne Ministerioko estatu idazkari berriak. Bisita hura baliatu zuten Poliziaren erakustaldi bat egiteko: kontrola jarri zuten, eta migratzaileak atzeman, argazkilariak bertan zirela.

«Presentzia» handiagoa

Horrelako zenbat kasu izan diren, datuak eskuratzen saiatu da BERRIA EAEko Gobernu Ordezkaritzan eta Frantziako Barne Ministerioan. Isiltasuna izan da erantzuna. Kopurua handitzen ari da asteotan, Mazkiaranen esanetan: migratzaile gehiago ari dira muga pasatu nahian, eta, beraz, atxilotu ere gehiago egiten dituzte. Datu zehatzik ez, baina neurria eman dezaketen zenbakiak badira. Adibidez, Frantziako Gobernuak jakinarazi du Espainiako Estatutik sartutako 10.500 migratzaile baino gehiago atzeman dituela, eta gehienak Euskal Herrian. Beste datu bat: UNSA polizia sindikatuko ordezkari Frederic Ivanierren arabera, Biriatuko igarobidean orduko hamabost migratzaile ari dira atzematen. «Gaindituta gaude. Orain lau-bost urte, hilabetean atzematen genituen hamabost irregular; orain, berriz, orduko».

Frantziako Barne ministroak, Christophe Castanerrek, iragarri du «estatuaren presentzia» handitu egingo dutela Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan —kontrolak ohikoak dira gaur egun ere, eta tartean izaten dira militarrak—. Areago, mugako segurtasunaren arduradun bat izendatuko du Parisek, «kontrolak antolatzeko». Haren ardura izango da Hegoaldeko erakundeekiko erlazioa ere.

Itzulketen gaia izango du mahai gainean, beraz. Egunero dozenaka migratzaile ari baitira modu irregularrean itzultzen Lapurditik Gipuzkoara. Dozenaka lagun, Irunen pilatzen ari direnak. Dozenaka, harresian harrapatuak.

Kanporaketetan parte hartu behar dutela eta, kexu dira langileak Euskotrenen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.