Hustearen ondorena

Ezpatak gora Maravillasen

Eztabaida bizia piztu du gaztetxearen husteak. Eraikina hormigoiz zigilatuko du gobernuak. Porrot egin dute orain arteko negoziazio saialdi guztiek
Foruzainak, Rozalejoko markesaren jauregiaren aurrean.
Foruzainak, Rozalejoko markesaren jauregiaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

Ion Orzaiz -

2019ko urtarrilak 10
Maravillas gaztetxearen auziak hautsak harrotu ditu Nafarroan. Kritika ugari eragin ditu «ikuskatze tekniko» bat zenak izan duen bilakaera bortitzak —Espainiako Polizia eta Foruzaingoa oldartu egin zitzaion jendeari, eta dozenaka zauritu eragin zituzten—, eta laukoaren barruan ere pitzadura eragin du aferak. Ez dirudi korapiloa askatzeko bidean denik.

ZERTAN DA AUZIA?

Gaztetxearen aldeko mugimenduko kideek 2017ko irailaren 3an okupatu zuten Iruñeko Rozalejoko markesaren jauregia. Ordutik, Maravillas gaztetxea zabalik egon da urtebete eta lau hilabetez, astearte goizaldean Foruzaingoak jauregia hustu eta zigilatu zuen arte. Atzo, barruko material guztia ateratzen ibili ziren udal beharginak, Poliziaren zaintzapean. Zoruko nahiz sabaietako xaflak eta instalazio elektriko osoa ere erretiratu zituzten, eta epailearen esku utzi dituzte gaztetxean topatutako gailu eta etxetresna guztiak. Eraikina itxita dago, eta «zigilatzea bermatzeko» asmoa agertu du Nafarroako Gobernuak, berriz okupatu ez dezaten. Horretarako, atean hormigoia bota eta sarrera guztiak hormaz estaliko dituzte.

ZERGATIK? EZ AL ZEN IKUSKATZE TEKNIKO BAT?

Hori argudiatu zuten Foruzaingoak eta Nafarroako Gobernuak: Iruñeko 4. Instrukzio Auzitegiak baimendutako ikuskatze teknikoa izan zela, «okupek eraikinean obrak egin ote zituzten egiaztatzeko» eta «lan horiek eraikinaren segurtasunean izandako eragina neurtzeko». Agindu judizial horretan dago gakoa: epaileak baimena eman zion Nafarroako Gobernuari gaztetxea miatzeko eta txosten teknikoa egiteko, baina baita eraikin barruko arriskuak murriztu eta segurtasuna bermatze aldera «beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko» ere. Hortaz, agindu judizial horrek erabateko eskua eman dio Nafarroako Gobernuari, segurtasun arazoak eta pertsonendako arriskutsuak izan daitezkeen elementuak topatuz gero Rozalejoko markesaren jauregia garbitu eta zigilatzeko. Nafarroako Gobernuko, Vianako Printzea erakundeko eta Iruñeko Udaleko teknikariek «elementu arriskutsuak» atzeman zituzten astearteko miatze prozesuan, eta gobernuak karta hori jokatu du gaztetxea hutsarazteko.

Atzo, segurtasunaren argudioari eutsi zion Uxue Barkos lehendakariak ere: «Ondare Zerbitzuko teknikariek egiaztatu dute eraikin horretan ez dagoela segurtasunik, eta horrek izan behar du Nafarroako Gobernuaren lehentasun nagusia beti, beste edozein eztabaidaren gainetik». Horregatik, «arduraz» jokatzea galdegin die alde guztiei.

ZER DIOTE GAZTETXEKOEK?

Segurtasunarena «aitzakia hutsa» izan dela «itzalpeko hutsarazte» bat egin ahal izateko. Maravillas gaztetxeko ordezkarien arabera, iazko abuztuan, gaztetxea lehen aldiz hustu zutenean, eraikina ikuskatu eta txosten bat egin zuten teknikariek. «Ordutik, gaztetxean ez dugu inongo obrarik egin, eta are gutxiago eraikinaren egiturari eragiten ahal dion lanik», esan zuen Maravillas gaztetxeko bozeramaile batek. Ondare Zerbitzuko teknikarien txostenean, argindar instalazioarekin lotutako elementuak aipatzen dira batez ere.

LAUKOA BAT DATOR GOBERNUAREN NEURRIEKIN?

Ez. Laukoaren barruan, Geroa Bai da gaztetxea hustearen alde argi eta garbi agertu den indar politiko bakarra. Rozalejoko markesaren jauregian Memoria Historikoaren Institutua jarri nahi duela argudiatu du Nafarroako Gobernuak, baina aukera horrek ez ditu EH Bildu, Orain Bai-Ahal Dugu eta Ezkerra taldeak gogobete, proiektu hori «adabaki bat» dela iritzita. «Irtenbide adostuen» eta «negoziazioaren» alde azaldu dira hiru indar horiek.

IZAN AL DA NEGOZIAZIORIK?

Bai. Kontaktuak izan dira gaztetxeko eta gobernuko ordezkarien artean, baina ez dute fruiturik eman. Negoziazio mahaian esertzeko gutxieneko baldintzetan ere ez dira ados jarri: Nafarroako Gobernuak dio gaztetxekoek uko egin ziotela iazko abuztuaren 15ean lehendakariarekin batzartzeari. Gazteek argudiatu dute egun horretan Maravillas Lambertoren omenezko ekitaldia zutela, eta abuztuaren 17a proposatu zutela bilera egiteko, baina gobernuak uko egin ziola aukera horri, eta, horren ordez, gaztetxea husteko agindua eman zuela. Gainera, esan dute gobernuak negoziatzen hasteko baldintza gisa jarri zuela «okupak eraikinetik ateratzea eta bertan eginiko kalteak ordaintzea». Gazteek ere jarria zuten aurretiazko baldintza bat: gaztetxeko bost kideren kontrako salaketa erretiratu eta auzibidea ixtea. Gobernuak ez zuen halakorik onartu.

Emankorragoa izan zen gaztetxeak Iruñeko Udalarekin eta Alde Zaharreko auzo elkartearekin izandako hartu-emana. Hainbat hilabetez, bilera sorta egin zuten hiru erakundeotako ordezkariek, auzoan «gune komunitario eta autogestionatu bat bermatuko duen irtenbidea» adosteko xedez. Iazko abuztuan hasi ziren elkarrizketak, eta azaroan amaitu. Aurreakordio bat itxia zuten ordurako: Rozalejoko markesaren jauregia utzi eta handik metro gutxira dagoen Oscus izeneko egoitzara mugitzea. Udalarena da eraikin hori, eta, gaur egun, han biltzen dira On Egin jantoki soziala eta antzoki bat. Gazteek, ordea, uko egin zioten eskaintzari.

ZERGATIK?

Maravillas gaztetxearen batzarrean eztabaidatu zuten Iruñeko Udalaren eskaintza eta, hainbat kidek horren alde egin zuten arren, atzera bota zuten azkenean. Kolektiboak esker ona adierazi zien bai EH Bilduri eta bai Alde Zaharreko bizilagunei «negoziatzeko eskaintza egin izanagatik, ondo atera ez bada ere», baina argudiatu zuen udalaren eta gaztetxeko kideen ereduak «kontrajarriak» zirela: «Mahai gainean jarri ziguten kontratuak gure funtzionatzeko modua baldintzatzen zuen erabat, burokraziaren barruan sartzea zekarrelako». EH Bilduk, bestalde, «kezkaz» hartu zuen Gaztetxeko Asanbladaren erabakia.

ETA ORAIN, ZER?

Gaur da bukatzekoa Foruzaingoaren nahiz Espainiako Poliziaren dispositiboa. Hala ere, Rozalejoko jauregia zigilatuta eta Poliziak zainduta dagoen bitartean, ez dirudi gaztetxeko kideek eraikina berriz okupatzeko aukera izanen dutenik. Jauregia hustuta dago erabat, biluzik, eta, hara sartzeko zailtasunak gaindituta ere —Polizia, hormigoiz estalitako ateak...—, eraikina berriz egokitzeko prozesua askoz konplikatuagoa izanen da. Gazteek ez dute aukera hori baztertu —«denbora kontua» izan daitekeela esan zuten atzo—, baina ateak zabaldu dizkiete beste aukera batzuei, Maravillas proiektua «beste egoitza batean» gauza daitekeela azpimarratuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ion Orzaiz

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna