'Argia'-k ehun urte. Sariak

Mende bat bete, oraina sarituz

BERRIAk jaso du Interneteko Argia saria: bortxa matxistak hildako andreen maparengatik. Xamar, Askekintza, Altsasuko gurasoak, Gari Garaialde, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza ere saridun dira
Argia saria jaso zuten guztiak, atzo, taldeko argazkian.
Argia saria jaso zuten guztiak, atzo, taldeko argazkian. JON URBE / FOKU

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 26
«Egunero lantokira sartutakoan bete beharreko lehen helburua beste urtebete irautea dela badakigu». Argia-k ehun urte bete ditu; urtemuga horren itzala presente egon zen atzo Argia sariak banatzeko ekitaldian, eta, zorion hitzak saihestu gabe, oraindik euskarak eta euskarazko hedabideek duten izaera kaltebera agerian utzi nahi izan zuen, hedabideko ordezkarien izenean egin zuen hitzaldian, Onintza Iruretak. Ororen gainetik, ordea, baikortasuna lehenetsi zuen, euskarazko hedabideen estrategikotasuna: «Ez ditu edozein proiektuk ehun urte betetzen, eta Argia da horietako bat. Seinale badela euskarazko kazetaritza independentearen beharra». Argia sariak, atzo, berriro ere, jardun horren beste hainbat ahaleginen adibide ere izan ziren. Sariek ere urtemuga dute: 30. aldiz banatu dituzte.

Interneteko saria BERRIA egunkariarentzat izan da: bortxa matxistak hildako andreen berri emateko azaroan aurkeztu zuen webgunearentzat. 98 andre izen biltzen ditu, 2003tik 2018ra Euskal Herrian jazotako hilketen biktimak. Maite Asensio Lozanok eta Pello Urzelaik jaso zuten saria. Urzelaik gogorarazi zuen BERRIA lehendik ere jarduna dela errealitatea erakusteko bide berriak zedarritzeko ahaleginetan; esaterako,GALen berri emateko egin zen multimedia ekarri zuen gogora, eta Oroiteria: oroimen historikoari eskainitako gunea. Asensio Lozanok bortxa matxistaren errealitatea biluzteko ahaleginean irmo jarraitu behar dela adierazi zuen: «Kolektiboki, hedabideotako langileok, eta mugimendu feministarekin batera».

Ekitaldia irratiari eskainitako sariarekin hasi zuten. Bilbo Hiria irratian egiten duen Euskara jendea saioaren ekarpena aintzat hartuta, Juan Carlos Etxegoien Xamar-entzat izan da. Izen horixe duen liburu bat idatzia du, 2006. urtean argitaratutakoa; euskararen historia eta hizkuntzaren auzia ulertzeko planteamendu ekolinguistikoak dira lan horren ardatza. Hitzaldiak-eta ugari eman izan ohi ditu bere ikasbideak adierazteko, eta, hain justu, «dibulgazioa» egin beharreko lana dela gogorarazi zuen atzo ere. Bilbo Hirian horretarako duen talaia eskertu zuen.

Prentsaren arloko saria Gari Garaialde argazkilariarentzat izan da. «Fotokazetaritza» aldarrikatu nahi izan dute Argia-ko kideek saridun hori hautatuta. Nabarmendu dute argazkilariak azken hilabeteotan egin duen ahalegina migratzaileen errealitatea erakusteko: bereziki, Irun eta Hendaia arteko mugan izan diren arazoak tarteko ataka zailean egon direnena. Saria jasotzean, Garaialdek esan zuen maiz bazterrean geratzen dela fotokazetarien lana, eta oraindik ere haiek aintzat hartzeko «asko» falta bada ere estimatzekoa dela keinua.

Altsasura begira

Ikus-entzunekoen arloko saria Askekintzari eman diote, Gurean dokumentalarengatik; herrietako jaietan animaliek jasaten dituzten tratu txarrak erakusten ditu. Maialen Saguesek eta Ion Cerezok jaso zuten saria. Lana egiteko zailtasunak izan zituztela azaldu zuten, ezkutuan ere ibili behar izan zutela, baina espezieen arteko «berdintasunerako» bidean alea jarri nahi izan zutela.

Sustapenari lotutako sarian, Altsasura begira txalo zaparrada handi bat lortu zuten. Izan ere, 2016ko urrian Nafarroako herri horretan Guardia Zibilarekin izandako liskar baten ondorioz preso dauden gazteen gurasoentzat izan da saria. «Bertsio ofizialaren belztasuna urratzea helburu» hartuta egin duten lana goratu dute. Bel Pozuetak, Izaskun Etxeberriak eta Antton Ramirezek jaso zuten saria. Argia-k erakusten duen jarrera «kritikoa» eskertu zuten.

Urtemuga biribilari atxikita, merezimenduzko sariak izan ziren gizaldi bat bete berri duten beste bi erakunderentzat: Euskaltzaindiarentzat eta Eusko Ikaskuntzarentzat. Miriam Urkiak hartu zuen saria euskararen akademiaren izenean; umorez, euskaltzainen osoko bilkuratik zetorrela adierazi zuen: «aho batez» erabaki zutela denek Argia zoriontzea. Elkarlana goratu zuen: esaterako, esan zuen Argia-ren gisako hedabideen testuak lanerako iturri aparta direla akademiarentzat. Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu zuen euskararen eta kulturaren «elkargune» izan nahi dutenez saria aski garrantzitsua dela. Ez zen bakarra izan: EHUk urrezko domina eman zien atzo.