Aurrekontu gabeziari aurre egiteko proposamenak ez du ase oposizioa

Gobernuak eskaini du DSBEa %3,5 igotzea, eta laguntza hori jasotzen duten pentsiodunentzat, %4,5. Funtzionarioen eta itunpeko ikastetxeetako langileen soldatak %2,25 handitzea aurreikusi du

Pobreziaren Aurkako Plataformako kideek protesta egin zuten atzo, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politikako Sailak Bilbon duen bulego baten aurrean. LUIS TEJIDO / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Negoziazioak hautsi ziren tokira itzuli da Eusko Jaurlaritza. Aurrekontuen gabeziari aurre egiteko aurkeztu duen lege proiektuan sei diru sail bateratu ditu, eta 250 milioi euro handitu du aurrekontu proiektuan alor horietara bideratu nahi zuena. Negoziazioan gako izan zirenetako gai batzuk ageri dira egitasmoan: diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), pentsioak, langile publikoen soldatak... Hori dena proiektu berean sartu izana kritikatu dute oposizioko taldeek; gainera, gobernuak mahai gainean jarri dituen kopuruek ez dituzte asetzen, arrazoi ezberdinak tarteko. Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak, baina, ohartarazi du Jaurlaritzak ez duela «b planik». Hori horrela bada, zail izango du aurrera egitea lege proiektuak.

DSBEari dagokionez, Jaurlaritzak handitu egin du 2019ko aurrekontu proiektuan jasota zegoen kopurua, baina ez da iristen EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatutakoetara, eta PPk galdegindakoak baino handiagoak dira gobernuak proposatu dituenak.

Funtzionarioen soldaten igoera bera (%2,25) eskaini zuen Jaurlaritzak; orain mahai gainean jarri du igoera hori kasu denetan %3,5 izatea, eta %4,5 DSBEa jasotzeko eskubidea duten pentsiodunen kasuan. Onartuko balitz, iazko aurrekontuetan baino hamabost milioi euro gehiago bideratuko lirateke horretarako.

Iazko udaberrian DSBEaren erreforma negoziatzen aritu ziren Jaurlaritza eta EH Bildu, baina ez zituzten gerturatu jarrerak. EAJ eta PSE iritsi ziren beren proposamena legebiltzarrean aurkeztera, baina atzera bota zuten, ikusita ez zuela beste inoren babesa jasoko. «Oposizioak eskatuta» egin zutela argudiatu zuten jeltzaleek eta sozialistek; «behartuta» egin zutela erantzun zion oposizioak.

Oraingo proposamenean hilean 667 eurokoa litzateke DSBEa pertsona bakarreko bizikidetza unitateetan; 857 eurokoa bi kideko unitateetan; eta 948 eurokoa hiru kide edo gehiagokoetan. DSBEa jasotzeko eskubidea duten pentsiodunen kasuan, berriz, kide bakarreko unitateetan hilean 765 eurokoa litzateke; bi kideko unitateetan 956,67koa; eta hiru kide edo gehiagokoetan, 1.033koa.

Pentsiodunen kasuan, aurtengo aurrekontuen negoziazioan DSBEaren bidez 2019an gutxieneko pentsioa hilean 858 eurora igotzeko eskatu zuen EH Bilduk, baina EAJk eskaini zion hilean 783ra igotzea 2019an —egungoa baino 50 euro gehiago—, 830era 2020an, eta 856ra 2021ean. Ezerezean geratu ziren negoziazioak.

DSBEaren ordainak, gainera, behera egin du azken urteetan. PSE-EE agintean zela 2012an %7 murriztu zen, eta hori berreskuratzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.

Oraingo lege egitasmoarekin,laguntzaren eguneratzea bere kasa erabaki du gobernuak, nahiz eta legeak ordainaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko gisa arautu —2000. eta 2008. urteen artean %88 izatera iritsi zen—. 2019ko gutxieneko soldata 12. 600 euro urtean izango da, eta DSBEa 8.004 euro urtean: %66,7, alegia.

Soldatak eta itunpekoak

Lege proposamenaren beste puntua daEusko Jaurlaritzaren menpeko funtzionarioen soldatena: %2,25 igotzea proposatu du Jaurlaritzak, aurtengo aurrekontu egitasmoan jasota zegoen moduan. Hori horrela, iazko aurrekontuetan baino ia 200 milioi euro gehiago bideratuko lituzke gobernuak horretarako.

Azkenengoz, PSE-EEko Patxi Lopezek buru zuen gobernuak igo zuen funtzionarioen soldata 2010 hasieran, ELArekin eta CCOOrekin adostuta. %0,3 handitzea hitzartu zuten, baina urte berean ituna hautsi eta, Madrilen presioz, %5 jaitsi zituen soldatak. Lopezen aurretik, Juan Jose Ibarretxek 2009an %3ko igoera onartu zuen, hauteskundeen atarian. 2010etik, beraz, soldatak murriztuta eta izoztuta dituzte EAEko langile publikoek.

Lege egitasmoaren hirugarren puntua da itunpeko ikastetxeena; horiei ere diru gehiago bideratzea proposatu du Jaurlaritzak. Zehazki, moduluetako langile-osagaiak eguneratu nahi ditu. Hezkuntza Sailaren menpeko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako langileen ordainsarietarako ezarritako portzentaje berean igoko lituzkete soldatak; hau da, % 2,25.

Proposamen hori egin du Jaurlaritzak hain justu itunpekoen parte bateko langileak —gizarte ekintzako ikastetxeetakoak; Kristau Eskolakoak, bereziki— greba eta protesta dinamika batean direnenean lan hitzarmena berritzeko. Jaurlaritzak ukatu egin du negoziazio horietan esku hartzeko asmoa duenik horrekin.

Bestalde, EHU Euskal herriko Unibertsitatearentzako diru partidetan ere 10 milioi eurokoko gehikuntza jasotzen du egitasmoak, eta 850.000 eurokoa Eusko Legebiltzarreko gastuetarako. Familia eta lana uztartzeko diru laguntzetan egun dagoen %5eko murrizketa kentzea proposatu du, halaber, Jaurlaritzak: iaz baino bi milioi euro gehiago bideratzea.

«Iruzurra», EH Bildurentzat

Lege egitasmo berean jaso ditu puntu horiek guztiak Jaurlaritzak, eta irakurketa bakarreko prozedura gisa tramitatu nahi du, taldeek zuzenketak aurkezteko aukera gabe eta neurri denak batera bozkatzeko. Azpiazuk azaldu du «logikoa» dela hori horrela egitea, «aurrekontu izaera duten neurriak» direlako; eta prozedura «azkartzeko», 2019an ezarri beharreko neurriak direlako.

Legebiltzarreko Mahaiak txosten juridiko bat egiteko eskatuko du, Jaurlaritzaren prozedura bidezkoa den ala ez aztertzeko, eta hiru neurriak banan-banan bozkatu daitezkeen zehazteko.

Oposizioaren babesa ez du lortu oraingoz gobernuak —gutxienez talde horietako legebiltzarkide baten abstentzioa beharko luke—. Gaiak bereizi behar direla uste dute Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk. Lehenengo taldeak aurreratu du bi proposamen aurkeztuko dituela: bata, funtzionarioen soldata eguneratzeko, eta, bestea, DSBEa igotzeko, baina ez du zehaztasun gehiago eman. EH Bilduk ere gaiak bereizi nahi ditu; baina egitasmoak aurrera egingo balu, banaka bozkatzeko eskatuko du. PPk, berriz, azaldu du ez duela babestuko DSBEa igotzea funtzionarioen soldatak baino gehiago. Horiek horrela, zail izango luke egitasmoak aurrera egitea. Duela aste batzuk Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak bere burua eskaini zuen horretarako, baldintza bat jarrita: itunpeko ikastetxeentzako baliabide ekonomikoak handitzea.

Azpiazuk adierazi du gobernuak ez duela «b planik». Azpimarratu du lege egitasmoan jasotzen diren zenbait igoera Espainiako Gobernuak bereaurrekontuetan egindakoen «berberak» direla —funtzionarioen soldata igoera, esaterako—, eta gogoratu du Elkarrekin Podemosek aldeko botoa eman zuela Madrilen eta EH Bildu abstenitu egin zela.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak Jaurlaritzaren «jarrera prepotentea eta antidemokratikoa» salatu du. Uste du gobernuak PPrekin adostua duela lege proiektua aurrera ateratzea, eta adierazi du Jaurlaritzarekin aurrekontuen negoziazioan akordiorik ez lortzea Iñigo Urkulluren ardura izan zela. Otegiren iritziz, lehendakariari «aurpegian ere nabaritzen zaio» ez duela inolako akordiorik nahi ezker independentistarekin.

Egitasmoan jasotako puntuei buruz, berriz, esan du funtzionarioen soldatari buruz argibide askorik ez dutela eta hobeto aztertu nahi dutela; DSBEaz salatu du proposatzen den igoerak ez duela berreskuratzen murrizketekin galdu zena; eta itunpeko ikastetxeei dagokienez, azpimarratu du finantziazioa baino gauza «askoz gehiago» daudela negoziatzeko.

ELA sindikatuarentzat, berriz, ez da nahikoa funtzionarioen soldata %2,25 igotzea; zortzi urtean langile publikoek galdu duten eros-ahalmena %15 ingurukoa izan dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.