3.000 ondasun, Elizak bere eginak

1998 baino lehenagoko immatrikulazioen lista eskuratu du Ondarearen Defentsarako Plataformak. Nafarroan, 2.518 ondasun erregistratu ditu Elizak. Gurtza tokiak %5 soilik dira
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2019ko otsailak 9
Zirudiena baino askoz handiagoa da immatrikulazioen zerrenda. Ezaguna zen Elizak 1998. eta 2008. urteen artean bere izenean erregistratutako ondasunen zerrenda —1.000tik gora eraikin eta lursail, Nafarroan bakarrik—; baina, atzo azaleratutako datuen argitara, askoz gehiago da gotzainek eta Espainiako Gobernuak alfonbra azpian gordetzen dutena.

1998 aurretik eginiko immatrikulazioen zerrenda eskuratu ahal izan du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak, eta ondorioztatu dute lehendik zeuzkaten datuak «errealitatetik oso urrun» zeudela: «Nafarroan, Elizak bere izenean jarriak ditu guk uste genuena baino 1.431 ondasun gehiago; hortaz, 2008ra arte, 2.518 ondasun publiko erregistratu zituen, gutxienez», azaldu du plataformako ordezkari Andres Valentinek. Horiei gehitu behar zaizkie Elizak Gipuzkoan eskuratutako 388 ondasunak, Arabako 72ak eta Bizkaiko 65ak. Hego Euskal Herrian, guztira, 3.043 ondasun jarriak ditu Elizak bere izenean —Nafarroan 2008tik 2015era bitartean egindakoak falta dira—.

Espainiako Gobernuak, bestalde, ez du publiko egin 2008 eta 2015 urteen arteko immatrikulazioen zerrenda, eta orain ezagutarazitako txostenean azaltzen den informazioa «oso zehaztugabea» dela salatu du plataformak: «Orain lortu dugun zerrendan, erregistro zenbaki beraren barruan sailkatuta daude bi edo hiru ondasun, eta udalerriekin eta katastroarekin erkatu beharko ditugu datuak, immatrikulazioen kopuru zehatza ezagutze aldera». Hortaz, orain jakinarazi baino askoz gehiago izan litezke Elizak bere eginiko eraikin eta lurrak.

Zer ondasun dira horiek? Bada, denetarik dago: etxeak, lorategiak, baratzeak, atariak, baselizak, harresiak, lursailak... Ondasunen erdiak baino gehiago landako lurrak dira: laborantza soroak, baratzeak eta larreak. Multzorik handienetan bigarrena etxeek eta etxabeek osatzen dute. Zerrendan badira, hala ere, balio handiagoko eraikinak ere; besteak beste, Iruñeko Gotzain Jauregia —XVIII. mendeko eraikin barrokoa—, eta San Agustin eliza. Orain azaleratutako immatrikulazioen artean, ordea, bakan batzuk bakarrik dira gurtza tokiak: «Orain arte, jasotako dokumentuen azaleko analisi bat besterik ez dugu egin, baina atentzioa eman digu erregistrora eramandako ondasunen %95 inguruk ez dutela zer ikustekorik gurtzarekin», azaldu du Valentinek.

Izan ere, Elizaren immatrikulazioek oinarria dute 1946ko Hipoteka Legean, eta horrek zeharo debekatzen zuen gurtza tokiak erregistratzea. Araua, baina, ez zen Elizarentzat oztopo izan. Valentin: «Debekatua zegoen elizak, ermitak, tenpluak eta bestelako gurtza tokiak immatrikulatzea; hortaz, zerrendan gutxi batzuk soilik badira ere, legez kanpo eginak daude erregistroak, eta aztertu beharko dugu horiek baliogabetzeko aukerarik dagoen». Debekua 1998. urtean kendu zuen Espainiako Gobernuak: «Alde handia dago 1998 aurreko eta ondorengo immatrikulazioen artean: lehen fasean, Elizak bereganatutako ondasun gehienak landa eremu edo udalerrienak ziren; horren ostean, elizak eta ermitak erruz erregistratzeari ekin zion artzapezpikutzak».

Informazio «eskasa»

Erregistroen datuak eskuratzeko garaian izan dituzten zailtasun handiak ere salatu dituzte Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kideek. Valentinen esanetan, «gorabeheraz betetako prozesu luzea» izan da 1998 aurreko immatrikulazioen zerrenda topatzea, eta, gainera, helarazi dieten informazioa «oso eskasa» da.

Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrek aspaldi egin zuten informazio eskaera, bide administratibotik. 2015eko ekainean, esaterako, legez besteko proposamen bat onartu zuten Eusko Legebiltzarrean EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, eta Elizak bere izenean jarritako ondasunen zerrenda eskatu zioten jabetzaren erregistroko buruari. 2016ko urtarrilean jaso zuten. 2018ko apirilean, gauza bera egin zuen Nafarroako Parlamentuak; oraingo honetan, baina, erdizka heldu da informazioa. Iragan irailean, parlamentuak eginiko eskaerari jarraikiz, zerrenda emateko galdegin zion Nafarroako Gobernuak Madrili: «Kostata bidali zuten 1998 baino lehenagoko immatrikulazioen zerrenda; 2008. eta 2015. urteen arteko datuez, ordea, ez dugu berririk izan».

Pedro Sanchezen gobernuak esana du 2015 arteko immatrikulazioen zerrenda prestatzen ari dela; Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak, berriz, «luzamendutan aritzea» leporatu dio Espainiako Justizia Ministerioari. Valentinen ustez, prozesua korapilatzen saiatu da Eliza: «Tartean sartu da hierarkia katolikoa, eta gure susmoa da dena nahasi dutela, egia argitara atera ez dadin».

Egoera lehengoratzea «oso zaila» izanen dela nabarmendu du plataformako kideak. Hala ere, lege ekinbideak sustatuko dituzte udaletan; horrez gainera, prozedura administratibo bat proposatuko dute, immatrikulazioak legez baliogabetzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna