Osakidetzako lan eskaintza

Darponek «erantzukizun politikoa» duela aitortu du, baina karguari eutsi

Oposizioetan salatutako iruzurra akusatutako hiru medikuekin lotu du sailburuak: kontu «indibiduala» dela izatekotan. Ohartararazi du ez dutela arduradunik jarri ikerketapean, fiskalak izenak aipatu arren

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Fiskalak Osakidetzako oposizioei buruzko txosten irmoa sinatu eta bi egunera, atzo atera zen hedabideen aurrera Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Fiskalaren akusazioek ez dute aldarazi haren posizioa. Defendatu du Osakidetzak egoki jokatu duela oposizioetan, eta fiskalak akusatutako hiru medikuen gain utzi du ardura: adierazi du izatekotan ere kontu «indibiduala» dela azterketetako edukiak oposiziogile batzuei filtratu izana. Nabarmendu du Osakidetzako arduradunik ez duela zuzenean akusatu fiskalak —hiru kargudunen izenak aipatu ditu epaileari bidalitako agirian, eta epailearen esku utzi du ikerketapean jarri edo ez—. Dimisioa emateko asmorik ez dauka oraingoz Darponek, nahiz eta aitortu oposizioen kudeaketan baduela «erantzukizun politikoa».

Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak herenegun bidali zuen auzitegira Osakidetzako oposizioei buruz egindako ikerketaren dokumentua. BERRIAk iragarri zuenez, agiri irmoa da, eta bi norabidetan egiten ditu akusazioak: batetik, epaimahai batzuetako kideen kontra, edukiak filtratu izanaren zantzuk baitaude; bestetik, Osakidetzaren aurka, epaimahaiko kideak aukeratzean ez zituelako «irizpide objektiboak» erabili.

Lehen arretako osasun zerbitzuetarako estrategia aurkezteko agerraldia zuen Darponek atzo, baina oposizioen gaiak pisu handia hartu zuen kazetarien galderetan. Ordu eta laurden pasatxoko agerraldia izan zen, eta oposizioei buruzko galderak erantzuten eman zuen ordu erdi Darponek. Hona esandakoaren gakoak:

ARAZO «INDIBIDUALA»

EAEko fiskal nagusiak 11 espezialitatetan jarri du begia, irregulartasun zantzuak ikusi baititu. Ordea, horietatik hirutan soilik egin ditu arduradun jakin batzuen aurkako akusazioak, gainerako zortzietan ez baitu modurik izan pertsona jakin batzuen ardura zehazteko. Diferentzia ez da, beraz, batzuetan delitu zantzuak daudela eta beste batzuetan ez: 11 espezialitate horietan irregulartasunak sumatu ditu fiskaltzak, baina oraingoz behintzat, hirutan bakarrik eduki du pertsona jakin batzuk akusatzeko era. Darpon sailburua, baina, hiru espezialitateren inguruan mintzo da behin eta berriro: «Egindako 86 espezialitateetatik hiru seinalatu ditu».

Sailburuak adierazi du mediku espezialistetan salatutako iruzurra ez dela egiturazko arazoa, izatekotan ere hiru akusatuen delitua dela: «Sekretuak gordetzeko betebeharrean izandako akats indibiduala». Errugabetasun ustekizuna defenditu du, eta oraindik ezin direla errudun jo sendagile horiek: «Hemen momentuz ez dago frogatutako egitaterik».

Anestesiologiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko epaimahaietako hiru lagun akusatu ditu fiskalak, zantzu argiak baititu haiek filtratu zizkietela edukiak lankide dituzten mediku batzuei.

INFORMAZIOA EZKUTATZEA

Auzia lehertu zenetik agerraldi bat baino gehiago egin du Darponek legebiltzarrean eta komunikabideetan. Horietan esandako gauza batzuk, ordea, ez datoz bat fiskalak txostenean jasotakoarekin. Adibidez, azterketak prestatzeko arduradunak nola izendatu zituzten. Fiskaltzak azaldu duenez, berez HAEE Herri Ardularilaritzaren Euskal Erakundeari zegokion ardura hori, baina «benetan» Osakidetzak erabaki zuela probak nork prestatu: HAEEri zerrenda bat bidali zion espezialitate bakoitzeko azterketa nork jarri.

Sailburuak parlamentuan esan zuen HAEEk eduki zuela oposizioetako azterketak prestatzeko ardura. «Nik ez dut inoiz gezurrik esan», erantzun du orain, kazetariek gai horri buruz estu hartu dutenean. Hortaz, zergatik esan ote zuen probak HAEEk prestatu zituela, erantzun du orduan ez zuela «informazio osoa» horri buruz.

IKERKETA

Irregulartasunen salaketak «asmakeriatzat» jo zituen sailburuak hasieran, eta «Osakidetzaren izen ona» zikindu nahi izatea leporatu zien iruzurra salatu zutenei. Fiskalaren txostenak agerian jartzen du Kardiologiako azterketan filtrazio salaketak egon zirela bigarren proba egin aurretik —epaimahaiko bi kidek eman zuten filtrazioen abisua—, baina ez zituzten ikertu orduan. Sailburuak erantzun du irregulartasunen berri izan zuenean agindu zituela ikerketak: «Informazioa eduki nuen momentu beretik, ikertu egin da». Ez du argitu salaketen berri eman ote zioten ala ez.

Gardentasunez jokatu dutela, mezu hori eman du sailburuak: hilabeteotako ikerketak bidali dituztela fiskaltzara, legebiltzarrera, Arartekora eta sindikatuetara. Gogoratzekoa da, halere, fiskalak txostenean jaso duela Osakidetzak ez diola informazio osoa eman espezialitate batzuei buruz.

ARDURADUNAK

Zuzenean hiru mediku akusatu ditu fiskal nagusiak, baina Osakidetzako hiru arduradunen izenak ere ageri dira epaitegira bidalitako txostenean: Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendaria —kargua utzi zuen urtarrilean—, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria. Ez daude zuzenean akusatuta: fiskalak epailearen irizpidearen esku utzi du deklaratzera lekuko gisa edo ikertu gisa deitzea.

Darponek ez du argitu zer gertatuko den karguan segitzen duten bi arduradunekin, Balerdirekin eta Arzelairekin. Nabarmendu du ez daudela zuenean akusatuta: «Zuzendaritza postuak dituen inor ez dago ikerketapean».

ERANTZUKIZUNA

Darponen dimisioa eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, baita sindikatu gehienek ere —azkena, LABek: «erantzukizun politikoak» hartzeko eskatu dio, eta kargua uzteko—. Ez dago asmo horretan sailburua: «Lan eskaintza amaitzea da nire helburua, eta hurrengo deialdian aldaketak egitea». Adierazi du justizia ari dela lanean. «Ardura politikoak dagokionean hartuko ditugu».
Elkarrekin Podemosek Darpon gaitzesteko proposamen bat eramango du parlamentura. PP da gakoa aurrera ateratzeko, eta ez du argitu zer egingo duen. Gaitzetsiko balute, zer? Ez du ezer baztertu Darponek: «Itxaron egingo dugu. Orduan erabakiko dugu».

Kontratu «malguak» ezarri eta lanaldiak luzatuko dituzte osasun zentroetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.