Espainiako inbestidura. Katalunia

Iritsi da falta zen keinua

Oriol Junquerasek eurodiputatu akta jasotzea babestu du Espainiako Estatuaren abokatuak. ERCk urtarrilaren 2an erabakiko du inbestiduran abstenitu edo ez

Josep Maria Jove, Pere Aragones, Marta Vilalta eta Gabriel Rufian, atzo, alderdi errepublikanoaren batzorde eragilearen bileran, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Pedro Sanchezen inbestidura gero eta gertuago dago, iritsi baita falta zen keinua. Espainiako Estatuaren abokatuak finkatu du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiaren immunitateari buruz daukan jarrera, eta horrek bide eman dio ERCren eta PSOEren arteko negoziazioen azken faseari. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzitakoari jarraituz, abokatuak adierazi du Junquerasek eurodiputatu akta jaso beharko lukeela, eta diputatu gisa jardun, Europako Parlamentuan hari zigorgabetasuna eteteko eskaria tramitatu arte. Abokatuaren idatziak ez ditu ERCren nahi guztiak bete, baina balio izan du negoziazioak desblokeatzeko, eta gerturatzeko akordio posible batera. ERCk Kontseilu Nazionalaren esku utzi du inbestiduraren inguruko erabakia, eta litekeena da abstentzioaren alde egitea, sozialistek izaera politikoa duen «gatazka bat» dagoela aitortu baitute.

ERCren zuzendaritzak hiru ordu eta erdi luzeko bilera bat egin zuen, eta iluntzean zehaztu zuten urtarrilaren 2an elkartuko dela Kontseilu Nazionala.

Azken egunotan ez dira eten inbestidurari bidea emateko elkarrizketak, nahiz eta errepublikanoek esan zuten ez zutela negoziatzen jarraituko atzo goizean etorri zen erabakia izan arte. Estatuaren abokatuaren iritzia giltzarri izan da aurrera egiteko, defendatu baitu Junquerasek Europako Parlamentuaren jardunean parte hartzeko aukera izan behar duela. Dena den, ziurtatu du Junquerasen zigorgabetasunak ez duela legez kanpoko bihurtzen Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri zion 13 urteko espetxe zigorra. Abokatuak Gorenari eskatu dio «lehenbailehen» galde diezaiola Europako Parlamentuari Junquerasen zigorgabetasuna indargabetzeko.

ERCren gustukoa ez den beste ideia bat ere jaso du abokatuak: ohartarazi du Espainiako Hauteskunde Batzordeak Junquerasen diputatu izaera eten dezakeela, bere egoera agintearekin bateraezina dela baderitzo. Kasu horretan, zerrendako hurrengo hautagaiak ordezkatu beharko luke. Hauteskunde Batzordeak urtarrilaren 3an aztertuko du gai hori, PPren eta Ciudadanosen eskariz.

Alde guztiek aurkeztu dituzte Luxenburgoren epaia betetzeko proposamenak, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio erabakitzea zer ondorio izan behar dituen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Junquerasi immunitatea aitortu izanak. Kataluniako presidenteorde ohia ekainaren 13tik eurodiputatua dela ebatzi zuen Luxenburgok, eta, beraz, ordutik zigorgabea dela.

Eskuinaren salaketa

Espainiako eskuinak ERCren esku hartzeari egotzi dio Estatuaren abokatuaren jarrera. Independentisten eskariei men egitea leporatu diote Sanchezi. Abokatuaren jarrera ez da berria, baina; joan den ekainean, Junquerasi eurodiputatu akta jasotzen uztearen alde agertu zen, ERCko presidenteak, Europako bozetan hautatua izan ondotik, horretarako baimena eskatu zuenean. Kontra agertu zen fiskaltza.

PSOEri presio egiten dio eskuinak, eta ERCri, gainerako indar independentistek. Eusebi Campdepadros JxCko parlamentariaren esanetan, «Auzitegi Gorenaren sententzia indargabetzea ez den beste edozer EBko Justizia Auzitegiaren epaiari muzin egitea da». CUPeko Mireia Vehiren iritziz, berriz, Estatuaren abokatuaren «keinuak» «xantaiaren logika» berresten du, eta segida ematen dio «errepresioaren erabilerari». Bestalde, 30 bat manifestari inguruk protesta egin zuten atzo ERCren Bartzelonako egoitzaren parean, errepublikanoek PSOErekin negoziatzearen kontra.

Marta Vilalta ERCko eledunak, bileraren ostean egindako agerraldian, argi utzi nahi izan zuen negoziazio mahaia gobernuen artekoa dela: «Ez da ERCrena, Kataluniako Gobernuarena baizik. Herrialdeko mahaia da, eta herritarrek eskatzen duten 'eseri eta hitz egin' proposameari erantzun bat ematea dugu asmoa». Sozialisten proposamena aztertu ostean, errepublikanoek jakinarazi dute behintzat lortu dutela «gatazka politiko bat» dagoela aitortzea.

Alderdiko zuzendaritzak, beraz, Kontseilu Nazionalaren esku utzi du inbestiduraren inguruko azken erabakia. Vilaltak berak zehaztu du ostegunean egingo dutela bilera, 17:00etan: «Negoziazioen amaierara iritsi gara, eta horregatik uste dugu Kontseilu Nazionalaren esku utzi behar dugula proposamena, abstenitzeko aski den edo ez ikusteko».

Gauzak horrela, baliteke berehala ixtea sozialisten eta errepublikanoen arteko akordioa. ERCk abstentziora joko luke Sanchez presidente egin ahal izateko, eta trukean Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahai bat sortzea onartuko luke PSOEk. ERCk «bermeak» eskatu ditu elkarrizketa mahai hori eraginkorra izan dadin. PSOEk eta Unidas Podemosek adostu duten gobernu itunak ERCren eskarietako bat jasotzen duela jakin zen atzo: Kataluniako «gatazka politikoari irtenbide politiko bat» ematen saiatzea elkarrizketaren bidez. Horrez gain, Kataluniako autonomia estatutuan jasota dauden eskumen guztiak Generalitatearen esku uzteko konpromisoa.

Egutegiaren garrantzia

Baliteke egutegiak zeresan handia izatea inbestiduraren emaitzan. Urtarrilaren 3an Espainiako Hauteskunde Batzordeak Junquerasen diputatu izaera aitortu edo baliogabetzat jo dezake, eta, horrez gain, Quim Torra Kataluniako presidentea kargugabetu ala ez erabaki beharko du. Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientziagatik zigortu zuen Torra, eta, horrenbestez, diputatu izaera kentzeko eskatu diote PPk eta Ciudadanosek batzordeari. Torraren kontrako epaia ez da irmoa —Gorenak ebatzi behar du defentsaren helegiteaz—, baina baliteke Hauteskunde Batzordeak aurrea harzea azken epaiari, eta Torra kargutik kentzea ebaztea.

Torrak eta Junquerasek aukera izango dute batzordeak erabakitakoari helegitea jartzeko Gorenean.

Batzordearen erabakiek eragin zuzena izan dezakete PSOEren eta ERCren arteko balizko akordioan, hura urtarrilaren 3a baino lehen ixten ez bada. Sanchezi gobernatzen uzteko erabakia zailagoa litzateke azaltzen, batzordeak buruzagi kataluniarren kontrako neurriak hartuko balitu.

Espainiako inbestiduran bakarrik ez, baliteke zailtasunak ekartzea Kataluniako Gobernuaren osaketan ere, Torrari diputatu izaera kenduz gero ezingo bailuke presidente izaten jarraitu. Pere Aragones presidenteordeak (ERC) ordezkatuko luke, zenbait funtzio mugatuta —ezingo luke gobernuaren osaketa aldatu, ezta hauteskundeetara deitu ere—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.