Koronabirusa AEBetan

AEBak irekitzen hastera doaz

Trumpen arabera, normaltasunera itzultzen hasi ahalko dira kasu gutxien dituzten estatuak. Adituek ohartarazi dute goiz dela segurtasun neurriak murrizten hasteko

Gizon bat New Yorkeko saltoki baten aurrean eserita. JUSTIN LANE / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
AEBetako presidente Donald Trumpek hiru faseko plan bat aurkeztu zuen atzo, COVID-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak indargabetuz joateko. Trumpek adierazi zuen «azken datuak» dituela oinarri Amerika berriro irekitzen plana abian jartzeko. Taberna, jatetxe eta gimnasioak irekitzea aurreikusten du planak, baita beharrezkoak ez diren bidaiak baimentzea ere. Halere, segurtasun tartea mantentzeko eta tenperatura neurtzeko deia egin die langileei. Hainbat estatutako gobernadoreen kexak entzun behar izan ditu Trumpek, eta erabakiak hartzeko baimena emango die azkenean. Esaterako, plana martxan noiz jarri erabaki ahal izango dute, koronabirusak eremu bakoitzean duen zabalkundearen arabera.

Hiru ataletan banatu dute prozedura: lanera itzultzea litzateke lehen urratsa, betiere beharrezkoak ez diren bidaiak eragotziz; bigarrenean, bestelako bidaiak ere baimenduko lirateke, eta 50 pertsona baino gehiago elkartzen dituzten ekitaldiak; hirugarrenean, berriz, eskolak eta gazte erakundeak zabalduko lituzkete, eta ekitaldi handiak, betiere segurtasun tarteak bermatzeko gai diren kasuetan. Hirugarren fasean zabalduko lirateke taberna eta hotelak ere, baina edukiera mugatua izango lukete. Neurriok, dena den, ez lirateke aldi berean indarrean sartuko estatu guztietan. Trumpen arabera, gobernadoreek erabakiko dute noiz arindu murrizketak, nahiz eta «kasu gutxi» dituzten estatuen kasuan «lehenbailehen» egiteko eskatu.

Egun jakinik ez

Hasieran Trumpek berrogeialdia maiatzaren 1erako amaitzearen alde egin bazuen ere, oraingo egitasmoak ez du jasotzen zehazki noiz amaituko den. Neurri handi batean, gobernadoreek eurek egindako eskaerari erantzunez egun du urratsa estatuburuak, eta haien esku utzi du berrogeialdia noiz amaitu erabakitzeko eskumena. Baina, hauteskunde urtea izanik, bere burua babesteko ere balioko dio erabakiak; izan ere, aurrerago kutsatu kopuruak berriz ere gora egingo balu, gobernadoreena izango litzateke erantzukizuna.

Bestetik, gobernadoreek COVID-19a atzematemo testak ere eskatu dizkiote gobernu federalari, baina Trumpen egitasmoak ez du halakorik jasotzen. Bai nabarmentzen du «ahalegindu» egingo dela test horiek eskuratzen, baina kasu honetan ere estatuen esku uzten du horiek lortu eta erabiltzearen erantzukizuna. «Eskatutakoa duzue», esan die presidente errepublikanoak gobernadoreei, haiekin egindako bileran.

COVID-19aren Jarraipen Batzordearen arabera, 3,3 milioi proba egin dituzte AEBetan; 146.000 egunean. Adituen arabera, ordea, horiek ez dira nahikoak gaitzaren nondik-norakoak neurtzeko 330 milioi pertsonako herrialde batean. Hala, ohartarazi dute oso litekeena dela proba gehien egiteko ahalmena duten estatuak izatea berrogeialdia amaitzen lehenak, eta, horrela, haien arteko nolabaiteko «lehia» piztea. «Testak eskuratzeko estatuen arteko lehiaketa bat egiteak ez du zentzurik. Guztien beharrak aintzat hartuko dituen estrategia bat behar da, elkarlana bultzatuko duena», nabarmendu du Hardvard Unibertsitateko irakasle Ashish Jhak.

Kutsatze arriskua

AEBetan 654,301 COVID-19 kasu daude, eta 32,186 dira hildakoak. Trumpen iritziz, ordea, berrogeialdia luzatzeak «arriskuan» jar dezake herritarren osasuna: «Droga eta alkohol kontsumoak gora egiten du, eta buruko arazoak dituztenen osasunak, okerrera». Alderdi Demokratako buru Nancy Pelosik, ordea, «zehaztugabe eta oinarrigabetzat», jo ditu haren argudioak, eta adituen aholkuei entzungor egitea egotzi dio estatuburuari.

«Gaixoak eta ondo daudenak banatzea da lehen pausoa. Hori egiten ez den bitartean, gaitzak zabaltzen jarraituko du, eta gaur-gaurkoz ez dugu nahikoa baliabide herritar guztiei probak egiteko», kritikatu du AngelaRasmussen Columbia Unibertsitateko birologoak. Haren esanetan, nahikoa test eduki baino lehen segurtasun neurriak gutxitzen badituzte, pandemiaren okerrena eragozteko gai izan diren eremuak arriskuan jarriko dituzte berriz ere.

Rasmussenek onartu du Trumpen egitasmoak zenbait baldintza ezartzen dizkiela estatuei segurtasun neurriak murrizteko; besteak beste, bi astez kasu berririk ez atzematea. «Baina hor ere erne egon behar da, gerta baitaiteke hamalau egun horien amaieran norbait gaixotzea, eta, probak egiteko baliabiderik ezean, ez litzateke kasu hori atzemango berandu izan arte, eta beste goraldi bat hasiko litzateke», ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.