Koronabirusa

Ezingo da probintzia batetik bestera mugitu ekainaren amaiera arte

Sanchezen arabera, konfinamendua era «asimetriko, mailakatu eta koordinatuan» leunduko da. Prozesuak lau geltoki ditu; bi aste igarota erabakiko dute probintzia bakoitza hurrengoan sartzen den

MONCLOA / EFE.
joxerra senar
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

Lau fase eta helmuga bat: «Normaltasun berria». Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak konfinamendua apurka leuntzeko bide orria azaldu zuen atzo arratsaldean. Atea apurka irekiko da, eta aurrera begirako bideak lau geltoki nagusi izango ditu Hego Euskal Herriko herritarrentzat. Prozesu horrek gutxienez ekainaren amaiera arte iraungo du, eta, beranduenez, uztailaren erdialdera arte. Bitarte horretan, herritarrak ezingo dira probintzia batetik bestera mugitu. Azken batean, Sanchezek atzo zabaldutakoaren arabera, neurriak «apurka» hartuko dituzte, eta erreferentzia probintziak izango dira, konfinamendutik ateratzeko prozesua «asimetrikoa izango baita. Dena den, erabaki guztiok erkidegoetako gobernuekin «koordinatuta» hartuko dituztela nabarmendu zuen.

 

Agintariaren ustez, ate joka den fase berri honetan, herritarrek «protagonismo berezia» izango dute, eta arduraz jokatu beharko dute: «Orain zailena dator. Beharrezkoa da une oro jarduera sozialerako eta mugikortasunerako arauak betetzea, birusa kontrolpean manten dezagun». Sanchezek gogorarazi zuen neurriok ez dituztela «gutiziaz» hartu, eta SARS-CoV-2 koronabirusak duen arriskuaz ohartarazi zuen.

Zein da abiapuntua?

Trantsizio garaia prestatzeko aldia da abiapuntua. Iragan asteburuan, Madrilgo gobernuak 14 urtetik beherako haurrak heldu baten zaintzapean ateratzeko aukera eman zuen. Heldu den larunbatetik aurrera, helduek kirola edo ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute, baina ohartarazi zuen kirola «bakarka» egin beharko dela. Halaber, jarduera ekonomiko batzuei «zirrikitua irekiko zaie». Adibidez, jatetxeek aukera izango dute janariak prestatzeko, ondoren bezeroak etxera eraman dezan.

Zeintzuk dira beste hiru faseak?

Behin lehen geltoki hori igarota, hurrengo fasean, «segurtasun neurri zorrotzak betez gero», saltoki txikiak ireki ahalko dira, «merkataritza gune handiak salbu». Ordutegi bereziak ezarriko dituzte, eta 65 urtetik gorako pertsonak lehenetsi. Ostalaritzan, terrazak baimenduko dituzte, «betiere horien okupazioa %30ekoa bada gehienez». Hotelek eta ostatuek ateak irekiko dituzte, baina zona komunak mugatuz. Elizak eta erlijio guneak irekiko dira, baina herena soilik bete daiteke. Lehen sektorean, mugatuta zeuden jarduerak baimenduko dira.

Gainditzea lortuz gero, hurrengo fasean aurrerapauso gehiago emango dira. Adibidez, jatetxeek jangelak ireki ditzakete, edukieraren herena bakarrik erabilita. Kultur aretoak (antzoki, zinema, erakusketa areto...) irekiko dituzte, betiere edukieraren herena beteta. Hezkuntzari dagokionez, Sanchezek nabarmendu du ikasturte berria irailean hasiko dela, eta iraila baino lehen, fase honetan, hiru salbuespenetarako irekiko direla ikastetxeak: selektibitatea egiteko, errefortzuetarako klaseak emateko eta nork zaindu ez duten sei urtetik beherako haurrak joateko. Errendimendu handiko kirolguneak baimenduko dituzte, eta kirolari profesionalen entrenamenduak ere bai.

Azken fasean, mugikortasunerako debekua kendu, eta mugak malgutuko dira. Saltokietan, edukieraren erdia baimenduko da.

Noiz hasi eta bukatuko da fase bakoitza?

Ez da zehaztu noiz. Sanchezek argudiatu duenez, Europako beste herrialde batzuek datak eman dituzte, baina gerta liteke helburu horiek ezin beteta ibiltzea gero. Lehen urratsa asteburu honetan egingo da, eta fase bakoitzak gutxienez bi aste iraungo du. Epe hori gaindituta, lurralde bakoitzak dituen ezaugarrien eta epidemiaren une horretako bilakaeraren arabera erabakiko da hurrengo fasean sartu edo ez. Sanchezen arabera, gerta liteke bidean aurrera egin ahala lurralde bat fase batean egotea eta beste bat beste batean. Horregatik, prozesu guztia amaitu arte, debekatu egingo dituzte lurraldeen arteko mugimenduak —beste lurralde batean lan egiten duten langileei izan ezik—; hau da, Gipuzkoan bizi baina Nafarroan lan egiten duen bat mugi daiteke hara, baina ezingo du Bizkaira edo Arabara joan senideak bisitatzera. Sanchezek espero du, ondo bidean, ekainaren amaierarako prozesua burutzea; beranduenez, uztail amaierarako.

Zer irizpide izango dituzte kontuan?

Adierazle batzuk ezarriko dituzte, «irizpide objektiboen araberakoak»: besteak beste, kontuan hartuko dute epidemiaren beraren bilakaera, tokian tokiko osasun arretaren egoera (hala osasun etxeena nola ospitaleena), laneko segurtasun neurriak eta herritarren mugimenduak. Ez du zehaztu aplikazio teknologikoak baliatuko dituzten herritarren mugimenduak zaintzeko. Sanchezen arabera, adierazle horiek «gardenak eta publikoak» izango dira, eta herritarrek une oro kontsultatu ahalko dituzte, bizi diren lurraldearen egoeraren berri izateko.

Nork hartuko ditu erabakiak?

Azken hitza Osasun Ministerioak izango du, eta koordinazioaren ardura Madrilek izango du. Sanchezen arabera, dena den, «kudeaketa erkidegoei, probintziei eta udalei dagokie». Erreferentzia gisa, probintzia hartu dute, «egokiena» iruditu zaielako, baina erkidegoetako gobernuen proposamenak aztertzeko «prest» azaldu da, «ongi arrazoituz gero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.