Koronabirusa

Kirola egitera eta paseatzera goizean goiz eta iluntzean atera ahalko da

Kalera irteteko ordutegi bat izango dute mendekotasunen bat eta 70 urtetik gora dutenek, eta beste bat 14 urtetik beherakoek. 5.000 biztanletik beherako herrietan, ordea, ez da ordutegirik ezarriko

Guraso bat, umea besoetan, paseo bat ematen, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun

Bihartik aurrera Hego Euskal Herriko herritar guztiek izango dute aukera kalera irteteko, hala paseatzera,nola kirola egitera. Baina ordutegi baten barruan egin beharko dira jarduerok. «Pilaketak eragotzi» nahi ditu Espainiako Gobernuak, eta, horretarako, kalera irteteko ordutegiak finkatu ditu. Salvador Illa Osasun ministroak atzo arratsaldean eman zituen xehetasunak. Ariketa fisikoari dagokionez, edozein kirol egitea ahalbidetuko dute, egunean behin, udalerrian bertan, eta bakarka. Paseoetarako, bizikide batekin irten ahal izango da: paseo bat egunean, kilometro bateko eremuan. Bi kasuetan, ez da denbora mugarik jarriko; muga bakarra ordutegietan ezarritakoa da, eta eremuaren araberakoa.

 

Hiru tarte bereizi ditu Espainiako Gobernuak kalera ateratzeko: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, kirol jarduerak egiteko edo paseatzera irteteko; 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenak eta 70 urtetik gorakoak irteteko; 14 urtetik beherakoak, 12:00etatik 19:00etara atera ahalko dira kalera, orain arteko baldintzetan; kilometro bateko eremuan, heldu bakarrarekin. 5.000 biztanletik beherako herrietan, ordea, ez dute orduaren araberako bereizketarik egin beharko, eta 06:00etatik 23:00etara atera ahalko dira kalera.

Osasun ministroak atzo emandako azalpenetan zenbait zalantza argitu gabe geratu ziren. Kasurako, mendira paseatzea joan ahalko den edo 70 urtetik gorakoek kirol jarduerarik egin ahalko dituzten. Horiek guztiak zehaztuko ditu gobernuak gida batean.

Paseoak eta kirola, nork eta noiz?

Bihartik aurrera helduek paseatzeko eta kalean kirola egiteko baimena izango dute. Horretarako, ordutegi zehatza izango dute. Goizean goiz eta iluntzean atera ahal izango dira kalera 14 urtetik gorakoak paseoak ematera edo kirola egitera. Zehazki, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00 bitarteko ordutegian egin beharko dituzte bi jarduerok.

Paseoetarako, bizikide batekin irten ahal izango da, paseo bat egunean eta kilometro bateko eremuan. Ariketa fisikoari dagokionez, edozein kirol egitea ahalbidetuko dute, egunean behin, udalerrian bertan, eta bakarka. Bi kasuetan, ez da denbora mugarik jarriko; muga bakarra ordutegietan ezarritakoa da, eta eremuaren araberakoa. Etxetik ateratzean, segurtasun tartea mantendu behar da, ahal dela bi metroko tartea, eta, ezin baldin bada, gutxienez metro eta erdi batekoa.

Jarduera horietatik kanpo geratzen dira sintomak dituzten edo berrogeialdian dauden pertsonak, gaixotasuna izan dutelako edo gaixo batekin kontaktuan egon direlako.

Ariketa fisikoa: zer egin daiteke eta non?

Kirol jarduera ez-profesionala izan beharko dela argitu du Illak. Bakarka egin beharko da kirola beti, eta, beraz, kontaktuzko kirolak ezin izango dira egin. Udalerrian bertan baino ezin da kirol jarduera egin; kostaldean, esaterako, surflariak ezingo dira barnealdeko herriren batetik kostaldera joan. Bestalde, Espainiako Gobernuak udalerrien esku utzi du jarduera fisikoa egiteko guneak egokitzeko erabakia. Osasun ministroak uste du neurri hori «gomendagarria» izan daitekeela, «jende pilaketak eragozteko».

Mendekotasunen bat dutenak, noiz eta nola?

Mendekotasunen bat duten pertsonak eta 70 urtetik gorako pertsonak talde berean sartu ditu gobernuak, «kolektibo zaurgarriak» direlako. Hala, kalera irteteko ordutegi tarte berbera zehaztu du haientzat. Goizean, 10:00etatik eta 12:00etara irten ahal izango dira kalera paseatzera, eta arratsaldean, 19:00etatik 20:00etara. Ordu horietan, kaleetan jende gutxiago egoten da, eta kutsatzeko arriskua saihestu nahi du horrela gobernuak. Mendekotasunen bat dutenak eta 70 urtetik gorakoak beste pertsona batekin irten daitezke kalera, etxetik kilometro batera. Kasu horretan, gainera, ez da nahitaezkoa bi pertsonak elkarrekin bizitzea; zaintzaile bat ere joan daiteke haiekin.

14 urtetik beherako haurrak, noiz?

Iragan asteburuan, Madrilgo gobernuak 14 urtetik beherako haurrak heldu baten zaintzapean ateratzeko aukera eman zuen, ordu batez, etxetik kilometro bateko eremuan. Ordutegi mugatua izango dute, ordea, bihartik aurrera: 12:00etatik 19:00etara atera ahalko dira kalera umeak. Orain arteko baldintzetan irten ahal izango dira: kilometro bateko eremuan eta heldu bakarrarekin.

5.000 biztanletik beherako udalerriak?

Ordutegietan salbuespen bat ezarri du Madrilgo gobernuak: 5.000 biztanletik beherako herrietan ez da egongo ordutegirik kalera ateratzeko, «jendea pilatzeko arriskurik ez dagoelako». Hortaz, Hego Euskal Herriko herri askotan ordutegi finkorik gabe egin ahal izango dira bai paseoak baita kirol jarduerak ere; hori bai, jarduera guztiak 06:00etatik 23:00etara egin beharko dira.

Baratzeetara joan ahal izango da?

«Autokontsumorako baratzeetara» joateko baimena eman du Espainiako Gobernuak. Osasun ministroak iragarri duenez, profesionalak ez diren nekazaritza jarduerak egin daitezke, «produktuak zaintzeko eta biltzeko». Betiere, baratze horiek norbere bizilekuan edo alboko udalerrian egon beharko dira. Horretarako, segurtasun distantzia mantentzeko eskatu du, eta « ahalik eta gutxiena joateko».

Guneak egokituko dira paseoak emateko?

Neurri hori udalerri bakoitzaren esku geratuko dela iradoki du Illak. Izan ere, Espainiako hainbat tokitan ibilgailuen zirkulazioa etengo dute eta paseoak emateko guneak zabalduko dituzte, herritarren arteko segurtasun neurria berme handiagoekin bete ahal izateko. Osasun ministroari neurri horri buruz galdetu diote, eta hark esan du halako erabakiak «ongietorriak» direla.

Alarma egoera luzatzen ez bada, orduan zer ?

Osasun ministroak adierazi du«lehen helburua» bete dela, hau da, «birusaren transmisioa murriztu» egin dela eta, beraz, konfinamendua «arintzeko» neurriak hartzeko moduan dela gobernua. Alarma egoerak «funtzionatu» duela uste du, eta ezinbestekoa dela hura mantentzea leuntze fasean ere. Beharrezkotzat jo du birusaren aurrean «zuhur» jokatzen jarraitzea, izurria ez dadin hedatu.

Alarma egoera luzatzeko, baina, Kongresuaren babesa behar du Pedro Sanchez presidenteak, baina, gaur-gaurkoz, ez du babes hori erabat bermatuta. Babesa lortu ezean, «B planik» ote duen galdetu diote kazetariek Illari, baina hark ez du erantzun argirik eman. «Konfinamendua leuntzeko prozesua oso konplexua da, eta, egokia izan dadin, ezinbestekoa da alarma egoera indarrean egotea», erantzun du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.