Zaldibarko zauria orbaintzeko

Aste honetan hasi dituzte amildutako zabortegiko zakarrak hartuko dituen biltegi berria eraikitzeko lehen lanak. Verter Recycling egin da obraren kargu, eta aurrekontuak eskatu dizkie hiru enpresari

Imanol Magro Eizmendi - Mikel P. Ansa
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Ia sei hilabete behar izan dira, baina hasi dira Zaldibarko zabortegian amildu ziren zakar gehienak bilduko dituen zabortegi berria eraikitzen. Atzo urte erdia bete zen zabortegia jausi zenetik, eta asteartean hasi ziren zakar gehienak hartuko dituen biltegia eraikitzeko lanak. Alboko infografiak erakusten duenez, zabortegiaren ondo-ondoan eraikiko dute biltegi berri hori, jausi zen zabortegiak baino malda txikiagoak dituzten bi ibarretan. Garbiketa lanei ekin diete aste honetan, eta zazpi bat hilabete barru biltegira zakarrak botatzen hastea espero dute.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak hartu ditu bere gain zabortegia egonkortzeko eta desagertutako bi langileak bilatzeko lanak, eta Moyuaren enpresa talde batek egin ditu. Abuztuaren 31n bukatuko dute kontratua. Uztailera arte 13,5 milioi euro gastatu dituzte, eta gero zabortegiaren jabeari eskatuko dizkiote. Orain, Verter Recycling 2002 SM enpresa, jabea, egin da zabortegi berria eraikitzeko lanen kargu. Hiru enpresari eskatu dizkie aurrekontuak: Viuda de Sainzi, Moyuari eta Altuna y Uriari.

Zabortegi berri hori erabat bukatzeko, 20-22 hilabete beharko dituzte —2022ko apiril-ekainerako izango da—, baina zazpi bat hilabete barru hasi ahalko dira hara zakarrak botatzen, biltegia bi fasetan eraikiko baitute. Lehen zatia atondu bezain pronto hasiko dira bertan zakarrak biltzen.

Ez da samurra izan proiektua adostea. Jaurlaritzak martxoaren 3an agindu zuen behin-behineko bi biltegi eraikitzeko, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran bilatzeko lanetan mugitzen ari ziren zakarrak nonbait pilatzeko. Eitzaga-Etxeberri baserriari lur batzuk kenduta, han eraiki zuten aurreneko biltegia, eta hura betetzen aritu dira hilabeteotan. Bigarren biltegia zabortegiaren goiko aldean eraikitzeko asmoa zuen Jaurlaritzak. Verter Recyclingek helegitea jarri zion asmo horri, argudiatuz eremu hori «bereziki gatazkatsua» zela eta ez zela segurua egonkortasun aldetik. Proposatu zuen zabortegi zaharra handitzea, Elgeta (Gipuzkoa) aldeko lurretara; kanpoko zakar gehiago hartzeko aukera ere aipatu zuen proiektu horretan.

Kanpoko zaborrik ez

Jaurlaritzak «ezezko borobila» eman zion proposamen horri, eta amildutako zakarrak eta zabortegikoak soilik hartuko zituen proiektu bat egiteko eskatu zien jabeei. Are gehiago: ustiapenaren bigarren fasean zabortegiaren goiko aldean milaka eta milaka tona zabor pilatzea pentsatzen zuten, eta, orain eremu hori ezegonkorra zela zergatik esaten duten galdetu zion Jaurlaritzak Verterri, kargu hartzeko tonuan.

Beste aukera bat ere aztertu zuen enpresak: Ibur Errekan eraikitzea biltegia, Txaraitxi aldean. Proiektu hori ez da argitaratu, baina lur eremu zabal bat hartuko zukeen, zabortegi zaharraren ekialdera. Atzera bota zuten, ordea, eta, azkenean, enpresak proposatu du bere lur batzuetan eraikitzea biltegi handi bat, zabortegi zaharraren mendebaldera.

Eitzaga-Etxeberri baserriaren lurretan eraikitako aurreneko biltegiaren jarraipena izango da, eta amildutako zabortegiaren ondo-ondoan dago. Zakarra ahalik eta gutxien mugituko dute horrela, eta ingurumen eraginaren ikuspegitik aukerarik onena dela ebatzi dute. Zabortegitik atera gabe egingo dute lana, hortaz. Ibur Errekako industrialdetik izango du sarbide nagusia.

Hartuko duen lur gehiena zabortegiaren jabeena bada ere, uztailean desjabetu dituzte biltegia eraikitzeko behar zituzten lur zati batzuk, eta hango sasiak eta arbolak botatzen hasi dira.Datu bitxia: bere garaian zabortegi izandako eta zigilatutako lur bat izango du azpian zabortegi berriaren zati batek; 1983ko uholdeetako hondakinak bota zituzten han.

Saitec ingeniaritza taldeak egin du proiektua —joan den astean argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian—. Lehen biltegian pilatutako zakarraz aparte, kalkulatzen dute bi langileen bilaketak egiten ari diren eremuetatik beste 340.000 metro kubo zakar mugitu beharko dituztela; eta, horiez aparte, beste 310.000 metro kubo hondakin atera beharko dituzte egonkortzeko. 650.000 metro kubo, guztira. Biltegi berriak edukiera handiagoa izango du: 804.000 metro kubokoa. Jaurlaritzak emandako aginduak hitzez hitz zehazten du bertako zakarrak soilik bota ahal izango dituztela biltegira.

Bete ahala estaliz

Bi fasetan eraikiko eta beteko dute zabortegi berria. Eremuak bi ibar hartzen ditu, eta mendebaldera dagoena hasiko dira prestatzen aurrena. Zakarrak hartzeko moduan jarri orduko, betetzen hasiko dira, erabat itxi arte. Parte hori zigilatutakoan, ekialdeko ibarreko zatia hasiko dira betetzen. Verter Recycling enpresak 180.000 metro kubo lur dauzka pilatuta ekialdeko eremu horretan, nahiz eta legez ezin zituen hor eduki, zabortegiaren eremutik kanpo daudelako. Zabortegiaren mendiari jandako lurrak dira, etorkizunean hura zigilatzeko erabiliko zituenak. Lur horiek mugitu egin beharko dituzte handik, biltegiaren lanekin jarraitu ahal izateko, baina gero estaltzeko erabili ahalko dituzte. Lur horiek mugitu, lurra irazgaiztu, eta betetzen hasiko dira ekialdeko eremua ere. Hondakin metak beren gailurreko mugara iritsi orduko zigilatuz joango dira, mailaka. Euste horma sendo bat ere jarriko diote biltegiari, azpiko aldean. Horma horrek 120 metroko luzera izango du azpian, eta hogei metroko altuera gorenean.

Eraikuntza konplexua da. Ibarrak garbitu eta zulatu ere egin beharko dituzte hasteko. Perimetro osoan eta zabortegi barruan drainatze sistemak ezarri beharko dituzte, irazgaiztu, gasa ateratzeko sistema jarri... Prebentzio neurriak ere hartu beharko dituzte. Esaterako, amiantodun zakarrak egon daitezkeenez, hezetu egingo dituzte, asbesto zuntzik airera joan ez dadin. Suteen aurkako eta lixibiatuak sortzearen aurkako neurriak ere hartuko dituzte.

Obrak 9,3 milioi euroko aurrekontua du. Horri erantsi behar zaio balio erantsiaren zergaren %21 —2,3 milioi euro—, eta eraikitzailearentzako irabaziaren %13—enpresei kontratuetan onartzen zaien irabazi tartea, alegia 1,2 milioi euro gehiago—. Guztira, 13,4 milioi. BERRIAk jakin ahal izan duenez, kasua ikertzen ari den fiskaletako batek epaileari eskatu dio enpresaren kontuak bahitzeko, eta ikusteko dago horrek zer ondorio ekar ditzakeen. Epaileak ez du erabakirik hartu oraindik.

Okerrik ezean, 2022ko udaberrian orbainduko dute Zaldibarko zabortegiko zauria. Baina ez dira lan guztiak bukatuko: jausi zen zabortegiari azken konponbidea eman beharko zaio ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.