Koronabirusa

Nafarroa, ilunpetik irten ezinik

Kutsatzeen kopuruak eta positibo tasa handiak kezka eragin dute Nafarroan. Arrazoi geografikoak, demografikoak eta sozialak aztertu dituzte adituek

Nafarroa, ilunpetik irten ezinik.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ezinean. Nafarroako osasun arduradunek ez dute lortu COVID-19aren olatua apaltzerik; aitzitik, kutsatzeen kurbak goranzko joera argia marrazten du grafiko guztietan. Argitaratutako azken txosten epidemiologikoaren arabera —urriaren 5etik 11ra arteko asteari dagokiona—, metatutako positiboen tasa 438 da 100.000 biztanleko, eta egunotako datuek ez dute marka hori hobetu. Aitzitik, okerrera egin dute: 423 positibo gehiago igandean, 546 astelehenean, 362 asteartean eta 376 atzo. PCR positiboen tasa %12 da, OME Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatutako muga baino bi aldiz handiagoa.

Eskualdeka, izurriak eraginik handiena Erriberan, Iruñerrian eta Arga-Aragoiko erriberan izan du. Hori dela eta, gaur gauerdian gobernuak konfinatu egingo ditu Zarrakaztelu (4.289 kasu 100.000 biztanleko) eta Cadreita (4.328 kasu, 100.000 biztanleko), eta «gertutik» zaintzen ari da Iruñerriko egoera, Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo azaldu zuenez; ez dute baztertu «neurri zorrotzagoak ezartzeko aukera».

Adituak ez datoz bat izurriak Nafarroan hartu duen tamaina azaltzeko tenorean. Gehienek uste dute «faktore ugari» daudela oinarrian, eta ez duela azalpen errazik. «Ezinezkoa da hazkundea azalduko duen faktore bakar bat nabarmentzea, ertz anitzeko auzia delako», esan du Fernando Dominguez medikuak, aurreko legealdian Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari izan zenak.

Argi utzi du, hala ere, egungo datuek ez dutela «zerikusirik» martxo-apiriletakoekin: «Ez gaude egoera berean, inondik inora ere. Lehen, positibo ematen zuten ia guztiak ziren ospitaleratzeko beharra zuten gaixoak; orain, berriz, asintomatiko asko atzematen ditugu». Nafarroako Gobernuko datuen arabera, izatez, PCR probetan antzemandako positiboen %34 asintomatikoak dira eta, hortaz, ez dute mediku arretarik edo ospitaleratzerik behar.

Hala ere, Dominguezek gaineratu du asintomatikoen kopuruak gora egin ahala, gaixo larriak ere pixkanaka ugaritzen direla: «Nafarroan badugu arazo demografiko bat: erkidegoko biztanleen batez besteko adina oso handia da, eta hori da, hain zuzen, sektorerik zaurgarriena. Asintomatiko gazteak adineko pertsonekin elkartzen diren neurrian etorri ohi dira ospitaleratzeak eta ZIU zerbitzuaren gaineko presioa».

Faktore geografikoak

Demografiaz gainera, Nafarroaren kokapen geografikoak, klimak eta inguruneak birusaren hedatzean «eragin handia» dutela ohartarazi du Dominguezek. Iritzi horrekin bat egin du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko ikerlari Jesus Castillak. Gripearen hedatzearekin alderatu du egungo egoera: «Nafarroan hasi da olatua hazten, baina gauza bertsua gertatzen da gripearekin ere. Normalean, Iberiar penintsulako iparraldean detektatzen dira lehen kasuak, eta handik hedatzen dira penintsula osora».

Gripearen kasuan, lurraldeen arteko aldeak «nabarmenak» izan daitezke: «Herrialde tropikal batean bizi den pertsona batek lau edo bost gripe pasatuko ditu bizitza osoan; Nafarroako biztanle batek, hamarretik gora». Horregatik, Castillak uste du COVID-19aren hazkundeari erreparatu behar zaiola «esparru zabalago baten barruan», eta, seguruenera, Nafarroako egoera «beste erkidego batzuetara» hedatuko dela datozen aste eta hilabeteetan: «Udazken-neguetako giro hotza orokortu ahala, litekeena da gaitza hedatzea inguruko erkidegoetara ere. Izurri global baten aurrean, nekez egonen da libratuko den eskualderik».

«Ez-festen» fenomenoa

Kutsatzeen ugaritzea azaltzeko garaian, «arrazoi sozialak» ere aipatu dituzte adituek, eta faktore bat nabarmendu dute besteen gainetik: herrietako festak. Ofizialki, bertan behera gelditu dira Nafarroako festa guztiak, baina herritar askok izkin egin diote debekuari, parranda eta festa giroa etxabe, taberna eta dantzalekuetara eramanda. «Ez-festen fenomenoa izan da hazkundearen aldagai nagusietako bat», esan du Edurne Egino medikuak. Nafarroako Lehen Arreta zerbitzuko buru izandakoa da Egino; egun, Osasun Kudeaketako teknikaria da Nafarroako Ospitale Gunean.

Haren ustez, gobernuak «askoz lehenago» esku hartu behar zuen, kasuak ugaritzen hasi zirenean. «Mendillorri auzoko agerraldiari, adibidez, nahiko ongi eutsi zitzaion. Kontraesanak kontraesan eta protestak protesta, erabaki egokia izan zen auzoa lehen fasera itzularaztea garaiz egin zelako. Leitzako agerraldian ere ongi jokatu zen, hasieratik baheketa orokor bat eginez, baina gero, Erriberako festetan, bertan behera geratu ziren irizpide horiek».

Eginoren esanetan, «zorroztasuna eta gardentasuna» falta izan zaio asteotan Nafarroako Gobernuari: «Irizpide argiak ezarri, eta horiek gizarteari ongi azaldu behar zaizkio. Zaila da zenbait erabaki hartzea, baina erakundeen ardura da horiek betearaztea».

Nafarroako Gobernuak hartutako azken neurriei dagokionez, berriz, «berandu» iritsi direla uste du Eginok: «Orain, oso bestelako egoeran geundeke Tutera eta Erriberako beste hainbat herri garaiz konfinatu izan balituzte, baina ez zuten hori egin. Azkoien konfinatu zutenerako, milatik gorako positibo tasa zeukaten, eta ordurako berandu zen. Pandemiaren atzetik ibili gara une oro, ez diogu aurrea hartu».

Dominguezen aburuz ere «hanka sartze galanta» izan zen ez-festen kontzeptua orokortzea: «Festak bertan behera gelditu badira, ez dago festarik. Kito. Ezin diegu herritarrei iradoki festak ospatzeko aukera izanen dutela». Hala ere, baikor da, uste baitu orain hartutako neurri murriztaileei esker kutsatzeek «apaltzera» egingo dutela datozen asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.