Koronabirusa

«Honaino iritsi gara»

Osakidetzan deitutako hiru greba egunetako lehena egin dute Araban. Azaldu dute «egiturazko arazoak» daudela, eta «premiazko neurriak» hartu behar direla

Sindikatuek deitutako elkarretaratze jendetsuenetakoa izan zen Gasteizko Txagorritxu ospitalearen atarian egindakoa. LAB.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Osasun publikoak pairatzen dituen «sakoneko eta egiturazko arazoetarako» konponbidea eskatzeko, grebara jo zuten atzo Osakidetzako langileek Araban. Ordezkaritza duten sindikatu guztiek egin dute deia: ELA, LAB, SATSE, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta Utese sindikatuek. Lehen greba izan zen atzokoa, Arabakoa; azaroaren 5ean egingo dute Gipuzkoan, eta 12an Bizkaian. Deitzaileen arabera, erantzun «handia» lortu zuen atzoko grebak. Bereziki nabarmendu zuten lehen arretako langile askok babestu zutela deialdia, eta azpikontratetan ere greba egin zutela; garbiketan, esaterako, %100ekoa izan zen lanuztea, sindikatuen esanetan. «Arrakastatsutzat» jo zuten greba, beraz. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, ordea, eragin apalekoa izan zen: Osakidetzako langileen %7k egin zuten bat lanuztearekin —erizainen %10ek, medikuen %9k eta gainerako arloetako langileen %5ek—.

[youtube]https://youtu.be/3tOBtGL7t10[/youtube]

Sindikatuek salatu zuten Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan zirela: larunbatetan egon ohi den langile kopurua ezarri zuten gutxieneko gisa osasun etxeetan.

Lehenengo greba egunaren eragina bereziki sumatu zen Gasteizen. Izan ere, lanuzteak hiriburuko bi osasun zentro ixtea lortu zuen —Olagibel eta San Martin—, langile kopurua gutxitu zen erietxe guztietan, eta kontsulten hitzorduak atzeratu behar izan ziren. Gripearen aurkako txertaketa kanpainari bete-betean eragin zion atzoko lanuzteak; sindikatuek jakinarazi dutenez, txertaketaz arduratzen diren erizainek «dena» gelditu zuten. Izatez, Gasteizen txertaketarako erabiltzen ari diren lekua, Iradier Arena, itxita egon zen atzo egun osoz.

«Osasungintza publikoaren defentsan» elkarretaratze ugari egin zituzten Arabako zentroetan goizean, eta jendetsuenetako bat Txagorritxu ospitalearen atarian egin zuten. Ehunka lagunek bat egin zuten deialdiarekin. Eskuetan afixak erakutsita, erakutsi nahi izan zuten egoerarekin kezkatuta eta haserre daudela. «Honaino iritsi gara». Jesus Oñate LABeko ordezkariak hiru hitzekin laburtu zuen osasun langileen ezinegona eta sumindura. Beren aldarrikapenak ere azaldu zituen: «Osasun sistema publikoaren egiturazko arazoak konponduko dituzten premiazko eta sakoneko neurriak behar ditugu».

Ideia bera azpimarratu zuen Guadalupe Soleto Txagorritxuko ZIU zainketa intentsiboetako unitateko erizainak ere: «Pandemiak larriagotu egin ditu lehendik genituen arazoak, eta orain denak eztanda egin du». Azaldu zuen ZIUetan lan egiten dutenak «psikologikoki eta fisikoki ahituta» daudela, gero eta lan karga handiagoa dutelako eta lan baldintzak okerrera doazelako. Eguneroko lanean erruz nabaritzen ari dira hori guztia: «Bigarren olatuan ari gara surf egiten, atseden hartzeko denborarik gabe». ZIUan gau bat lanean pasatu eta biharamunean lankideek duten aurpegiek dena esaten dute, Soletoren hitzetan: «Ematen du egun batetik bestera urtebete igaro dela. Izugarrizko nekea dugu».

Lan baldintzetan soilik ez, erizainaren esanetan, inbertsio handiagoa egin behar da osasun zentroetako giza baliabideetan eta azpiegitura materialetan. Horrekin lotuta, ezinbestekotzat jo zuen lehen arretako osasun zerbitzua indartzea, birusari oinarritik aurre egiteko: «Jaurlaritzak dio ZIUetan ohe asko ditugula, eta arazorik ez dagoela. Zer esan nahi dute horrekin, jendea larri gaixotzen utziko dutela? Ez al da egokiagoa prebentzioan inbertitzea, hori eragozteko?».

ZIUetako egoera «larria»

Elkarretaratzean bildutako osasun langileen artean agerikoa zen ezinegona eta akidura. Imanol Alcalde larrialdietarako medikuak modu gordinean deskribatu zuen egoera: «Hondamendi aurreko egoera bizi dugu egunez egun, eta horrela izendatu beharko genuke». Haren hitzetan, esaten dena baino «larriagoa» da ZIUetan dagoen egoera: «Ez da esaten koronabirusagatik ospitaleratuta dauden gaixo asko ezin dituztela ZIUetara eraman tokirik ez dagoelako». Txagorritxu erietxeak izan du Araban egoerarik zailena pandemia osoan, eta inguruko eskualde askorentzat erreferentziazko zentroa ere bada. «Horrek guztiak izugarri handitu du ospitalearekiko presioa, bereziki larrialdietan eta ZIUan, eta langileoi oso nekeza egiten ari zaigu lan egitea». Aitortu zuen, halaber, lanarekiko «ilusioa galtzen» ari direla osasun arloko behargin asko.

Zeladoreak ere pairatzen ari dira «muturreko egoera» hori: «Gaizki ari gara pasatzen. Gainera, ez gara tunelean sartu, eta txarrena etortzeko dago». Ruben Gonzalez Burguerak zeladorea da Txagorritxun, eta kezkatuta mintzatu zen: «Protokoloak daude, baina ez dakigu ongi ari garen egiten, eta beldur gara ez ote dugun birusa etxera eramango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.