Koronabirusa

Nafarroak ohartarazi du erietxeetan martxoko egoeraren atarian daudela

Hegoaldean ia 2.000 positibo agertu dira, orain arte atzemandako gehien; ZIUek inoiz baino gaixo gehiago dauzkate: 140. Sagarduik «indartsu» ikusten du Osakidetza, «tentsioa» duela aitortu arren

Nafarroak ohartarazi du erietxeetan martxoko egoeraren atarian daudela.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Positiboen gorakadak ez du etenik. Beste behin, inoizko kopururik handiena erregistratu da Hego Euskal Herrian: 1.962 kasuren berri eman zuten atzo, aurreko egunean baino 185 gehiagorena. Guztira, 20.810 proba egin zituzten, eta egindako testen %9,4k eman zuten positibo. Hamalau eguneko intzidentzia tasak ere gora egin du lurralde guztietan, eta ospitaleetan nabaria da gaixoen gorakadaren eragina: 825 lagun daude erietxean; haietako 140, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean. Nafarroako Gobernuak ohartarazi du egoera «oso larria» dela.

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak azaldu du gainkarga dagoela: «Egoera sanitarioa eta epidemiologikoa oso kezkagarria da, eta osasun sisteman eragina izaten ari da». Gobernuak erabaki du osasun etxe batzuk asteburuan ere zabaltzea, lehen arretako zerbitzua emateko eta koronabirusaren jarraipena egiteko: Iruñeko Mendillorri eta Ermitagaña auzoetako zentroak irekiko dituzte, eta Antsoaingoa.

Nafarroako Ospitale Guneko egoerarekin kezkatuta daude. «Egoera muturrera ari da iristen», ohartarazi du zentroko zuzendari Alfredo Martinezek. Hasi dira berrantolaketak egiten, beste zerbitzu batzuetako langileak koronabirusa duten gaixoak artatzen; ebakuntza batzuk atzeratu dituzte. «Martxo erdialdeko erietxeratu kopurura iristen ari gara».

Hain zuzen, Nafarroan egoera makurra da azken asteetan. Lurralde horretan 637 positibo atzeman zituzten atzoko datuetan, eta intzidentzia tasak ere milako langa gainditua dauka: hamalau egunean, 100.000 biztanleko 1.113 positibo atzeman dituzte. Bizkaiko egoera ere okertuz joan da azken astean. Jadanik gainditu du 100.000 biztanleko 500 positiboren langa, erreferentzia gisa hartu ohi dena: hamalau egunetan 523 positiboko tasa du. Gainera, Bilbo ere multzo horretan sartu da, 519ko tasarekin. Areago, atzoko datuetan Bizkaian izan da positibo gehien: 605, hain zuzen.

Gipuzkoan ere gora doaz datuak etengabe: beste 570 positibo erregistratu dituzte, eta intzidentzia tasa 876koa da. Araban, beste 140 positibo jaso zituzten atzo, baina intzidentzia tasaren datuak apalagoak dira, 500etik behera baitago: 416. Halere, herrialde horretan ere nabarmen egin du gora.

Beste sei hildako

Kutsatutako pertsonen gorakadaren ondorioz, ospitaleetan ere egoera larriagotzen ari da. 825 pertsona daude ospitaleratuta, eta ZIUetan inoizko ospitaleratu gehien erregistratu da beste behin ere: 140 pertsona. Gainera, Nafarroan lau pertsona hil dira, eta zahar etxeetan ere izan dira heriotzak: Donostiako Lamorous zahar etxean adineko pertsona bat hil da, eta Araban, beste egoiliar bat.

Neurri murriztaileak indarrean dira Euskal Herri osoan, eta espero dute datozen egunetan horien eragina sumatzen hastea kutsatze datuetan. Nolanahi ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aitortu du egoera «larria» dela, eta ez du baztertu neurri gehiago ere hartzea; esaterako, gaueko aisialdia, ariketa fisikoa eta kirol jarduerak gehiago mugatzea, eta konfinamendu «zorrotzagoa» abiatzea. Hala ere, azpimarratu du gaur-gaurkoz ez dutela buruan herritarrak berriro etxean konfinatzea: «Azken alternatiba da dena ixtea eta herritarrak konfinatzea». Osasun zerbitzuaren egoerari dagokionez, Gotzone Sagardui sailburuak ez du Nafarroako Gobernuaren gisako mezurik eman: «tentsioa» dagoela aitortu du, baina esan du Osakidetza «indartsu» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.