Energia. LPEEren bilera

LPEEk eta aliatuek gaur segituko dute negoziatzen ekoizpenaren igoera

Zurrumurruek diote Saudi Arabia eta Errusia ados jarri direla ekoizpena bi milioi upel handitzeko, modu mailakatuan. Arabiar Emirerri Batuak ez daude ados gehikuntza horren banaketarekin

Khurais petrolio ustiategia Arabiako basamortuan, Riadetik 160 kilometrora. HALI HAIDER / EFE.
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Beti da garrantzitsua petrolioaren prezioa, bai hura ekoizten dutenentzat, baita kontsumitzen dutenentzat ere. Inflazioarekin kezka hor dago, lehengai askoren hornikuntza arazoen eta prezio garestien ondorioz datorrena, eta upelaren prezioak eragin itzela izan dezake horretan guztian. Horregatik zen bereziki garrantzitsua LPEEren eta haren aliatuen atzoko bilera. Hala ere, azkenean gaur arte itxaron beharko da jakiteko ea kartelak, Errusiak eta beste aliatuekpetrolio ekoizpena handitzen jarraituko duten ala ez.

Bazirudien dena lotuta zegoela, Saudi Arabia eta Errusia ados zeudela ekoizpena mailaz maila handitzen jarraitzeko. Horren arabera, eguneko 400.000 upel gehiago merkaturatuko lirateke abuztuan, eta hortik aurrera, hilero beste hainbeste gehiago, abenduan bi milioi upeleko gehikuntza iristeko.

Nahikoa?

Baina, dirudienez, beste kontu batzuekin nahastu dira LPEE+ delakoan. Zenbait iturriren arabera, Arabiar Emirerri Batuak, Irak eta Kazakhstan ez daude konforme bakoitzari esleitutako gehikuntzekin, eta presio egiten ari dira, aldaketetarako.

Zaila dirudi horrek erabat oztopatzea ekoizpen gehikuntza; hala ere, ikusi beharko da zer gertatzen den gaur. Dena den, gehikuntza nahikoa ote da prezioak baretzeko? Ezetz dirudi. Bi milioi upeleko hazkundearen zurrumurruekin, petrolio gerokoak %3,7 garestitu ziren New Yorken.

Analisten arabera, merkatuek uste dute igoera horrekin eskaintzak uzkurtuta jarraitzea dela LPPEren eta Errusiaren asmoa, ez dituela bereziki kezkatzen datozen asteetan upela 80 dolarren inguruan edo gora ibiltzeak.

Neurri batean, karteleko herrialdeek eta beste bazkideek zuhur jokatu nahi dutela. Izan ere, pandemia garaiotan ez dago ezer erabat ziurtatuta. Txertoen eta Delta aldaeraren arteko lasterketarekin, baldintzapean dago oraindik herrialde askotako suspertze ekonomikoa.

Irani eta AEBei begira

Ziurgabetasuna pizten duen beste aldagai bat Iran da. Herrialde hori eta AEBak hartu-emanetan hasi dira itun nuklearra berreskuratzeko, eta akordioa iritsiko balute, Iranen gaineko zigorrak bertan behera geratuko lirateke, eta herrialdearen petrolioa atzera normal merkaturatuko litzateke. Praktikoki eguneko bi milioi upelen gehikuntza Iranen itzulerak beteko luke. Balizko akordioak atzeratu egingo luke, halaber, pandemiaren hasieran, 2020ko apirilean kartelak hitzartutako hamar milioi upeleko murrizketaren azkenburuko epea, 2022ko apiriletik abendura. Horrekin legoke lotuta Emirerrien atzoko jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.