Txile. Presidentetzarako hauteskundeak

Ziklo aldaketa baten atarian

Gabriel Boric ezker aurrerakoiko hautagaia eta Jose Antonio Kast eskuin muturrekoa dira bihar egitekoak diren bozak irabazteko faboritoak. Herrialdea krisi sozial eta ekonomiko betean dago

Pertsona bat botoa hautetsontzian sartzen, Txilen prozesu konstituziogile bat hasteari buruz iazko urrian egindako bozketan. ALBERTO VALDES / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Augusto Pinochet buru zuen diktadura militarra bukatu zenetik (1973-1990), zentro-ezkerreko edo eskuineko koalizioak egon dira gobernuan. Baina ematen du amaitzear dela hiru hamarkada iraun duen ziklo hori. Txileko presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte bihar, eta Apruebo Dignidad koalizioko Gabriel Boric eta Alderdi Errepublikanoko Jose Antonio Kast dira irabazteko faboritoak; hurrenez hurren, herrialdearen ezker aurrerakoiaren ikur gaztea, eta eskuin muturraren hautagaia, politikagintzako beterano bat. Ez dirudi ez batak eta ez besteak bereganatuko dituztenik bozak lehen itzulian irabazteko behar diren botoen %50, baina, azken inkesten arabera, haiek igaroko dira abenduaren 19rako deitzekoak diren bigarren itzulira. Inkestek diote botoen %27 eta %32 artean lortuko dituela Boricek, eta apur bat gutxiago Kastek. Egia da, dena den, Txilen azkeneko urteotan egindako bozei buruzko itaunketek gauza bat adierazi izan dutela, eta emaitzak, gero, dezente urrundu direla.

Ikusi gehiago: Gonzalo Winter. Apruebo Dignidadeko diputatua: «Boricek borondate irmoa du eskaera sozialak lege bihurtzeko»

Zazpi hautagai daude, baina beste bik soilik eduki dezakete aukera bakanen bat ezustekoa emateko. 1990eko hamarraldiaren hasieran demokraziaranzko trantsizioa gidatu zuen Demokraziaren Aldeko Itunaren oinordekoa den Batasun Konstituziogilea zentro-ezkerreko koalizioaren presidentegaia da Yasna Provoste; eta Sebastian Sichel Vamos Chile eskuineko aliantzarena, ofizialismoarena. Biak ala biak, ordea, Boricengandik eta Kastengandik hamabost bat puntura daude inkestetan. Esan daiteke, horrenbestez, ziklo aldaketa baten atarian dagoela herrialdea.

Bi koalizio hegemonikoak ez dira mapa polikotik kanpo geratuko, baina, bozen emaitzetan, nolabait, herritarren artean legitimitatea galdu dutela frogatu ahal izango da. Hori garbi antzean geratu zen 2019ko udazkeneko eztanda sozial transbertsalean.

Nolanahi ere, hauteskundeen atarian handia da zalantzatien saldoa: hautesleen laurdenak, gutxi gorabehera —15 milioi pertsonak dute bozkatzeko eskubidea—. Bozkatzaile horiek alde batera edo bestera desorekatu dezakete balantza.

Eta legitimitatea aipatuta, Txilen bada hauteskundero aintzat hartu beharreko beste aldagai bat: abstentzioa. 2012az geroztik borondatezkoa da botoa ematea, eta ordutik presidentetzarako egindako bozetan parte hartzea ez da %50era heldu.

Eztanda sozialaren ondorengo aurreneko hauteskundeak joan den maiatzean egin zituzten, eta horretan aukeratu zituzten konstituzio berria idazteko batzarreko kideak —oraindik ere diktadura garaikoa dago indarrean—. Koalizio tradizionalen gainbehera sumatu ahal izan zen boz horietan.

Hurrengo urteko martxoan Moneda jauregira iristen den presidenteak, hain zuzen, konstituzio berria ezarri beharko du, 2022ko bigarren erdian egitekoa den bozketan herritarrek batzar konstituziogileak proposatutako testua onartzen baldin badute, behintzat. Gainera, krisi sozial eta ekonomiko betean dago herrialdea, eta COVID-19ak eragindako pandemian asko igo da inflazioa.

Kanpainako azken eguna herenegun izan zen, eta Boricek nabarmendu zuen «aurrerapausoak» emateko beharrezkoa dela «aldaketa bat» ahalbidetzea. Apuebo Dignidad da aliantza bat ezkerreko alderdi berriak, Alderdi Komunista eta gizarte zibileko mugimenduak biltzen dituena, eta Boric du buru. Lan taldeko kide gehienak 40 urtetik beherakoak dira, eta, koalizioko iturrien esanetan, ez da «programatutako zerbait», baizik eta «belaunaldi haustura bati» erantzuten dio. «Guk erakutsi behar dugu gazteak izanagatik badugula herrialdearen kargu egiteko besteko sendotasun politikoa». Legeak hala ezarrita, 35 urte beteta edukitzea beharrezkoa da Txileko presidente izateko, eta Boricek aurten bertan bete ditu. 2018az geroztik da diputatua.

Ikusi gehiago:Jose Antonio Kast, Pinochetek bozkatuko zukeen hautagaia

Koalizioaren presidentegaiak herenegun nabarmendu zuenez, Kast ari da «kaosaren mamua» haizatzen. Adierazi zuen eskuin muturra errepikatzen ari dela Apruebo Dignidad boterera helduz geroz «desastrea» datorrela. «Ez dadila estrategia hori kutsatu».

Kastek duela bi urte sortutako proiektu pertsonalistak ere herenegun egin zuen azken mitina, aberatsen Santiagoko auzo batean. Txile «berreskuratzera» deitu zituen bildutakoak.

Kongresurako bozak

Kongresurako bozak ere egingo dituzte bihar. Berrituko dituzte diputatuen ganberako 155 aulkiak, eta senatuko 50 jarlekuetatik 27. Aurreikuspenek diotenez, Apruebo Dignidadek gora egingo du bi ganberetan, eta Kasten taldea indarrez sartuko da diputatuen ganberan eta senatuan, eskuin tradizionalaren kaltetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.