4/2014 sumarioa. Akordioa. Gorka Zabala Cia

«Dirudienez, pertsonalki, bukatu da; politikoki, ez da ezer amaitu»

Atxiloaldiko torturek «sekulako zauriak» eragin dizkiela salatu du Zabalak, eta azaldu akordioaren aukera «azken fase txiki honetan» izan dutela: «Poza sentitzen dut orain, baina poz erretenitu bat».

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Madril
2016ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Oraindik akordioa barneratu ezinda zegoen Gorka Zabala Cia (Zizur, Nafarroa, 1977), Espainiako Auzitegi Nazionaletik atera berritan. «Egia da? Ez da egia?». Babesa ematera joandako senide eta lagunen besarkada eta irribarreek baietz adierazten zuten, egia dela. Ez dutela berriz espetxera joan beharko. Pixkanaka, baina aurrera begiratu ahal izango dute orain.

Akordioaren ondoren, nolako sentipenak dituzu?

Arraroa da. Oraindik asimilatu egin behar dut. Arraroa izan da dena, akordioaren aukera azken fase txiki honetako kontua izan da. Oso gaizki geneukan kontua. Hasi ginen gaizki, atxiloaldia izan zen oso bortitza, oso gogorra. Horrek sekulako zauriak utzi zituen, eta espetxean zaila da horri aurre egitea.

Urte eta erdi ingururen ondoren atera zineten.

Kalean, horri heldu behar izan genion. Nik, adibidez, laguntza psikologikoa behar izan nuen. Hori gainditzeko bidean ginela, beste guztia hurbiltzen hasi zen: epaiketa, sekulako zurrunbiloa. Bagenekien epaiketan berriz dena atera beharko genuela kanpora, zauri guztiak berriro irekiko zirela. Nahiz eta ona den berez halako gauzak adieraztea, osasun aldetik eta psikologikoki, gauza bat da zure lanketa pertsonala egitea, eta beste bat hori epaitegian egitea.

Akordioaren aukera agertu aurretik, zer espero zenuten epaiketatik?

Hasieratik esan ziguten epaimahai oso txarra egokitu zitzaigula, okerrenetarikoa, eta horrek perspektiba oso txarra jartzen zuen. Joaten zara ahal den moduan prestatuz. Nik, adibidez, familia bat izan dut tarte horretan. Beti bizimodua eraikitzen ari zara, baina ezin eraikiz benetan; epe luzera begira, beti galdera horrekin. Ezin epe luzera begiratu.

Horrela, gaurko egunera heldu gara. Dirudienez, bukatu da, maila pertsonalean; politikoki, ez da ezer amaitu. Maiatzean beste bederatzi euskal herritar epaituko dituzte, gure aurretik egoera beretik pasatutakoak gainera. Hau ez da amaitu. Pertsonalki, blokeo moduko bat sentitzen dut orain, poz bat, baina poz erretenitua-edo. Egia da? Ez da egia?

Eta orain, zer? Ez da erraza izango guztia barneratu eta aurrera egitea, ez?

Bai, denbora beharko dugu berriz. Pertsonalki, eta militante gisa ere, ate bat irekitzen da berriz aurrera jarraitzeko. Denborarekin. Gero, argi dagoena da akordioaren aukera mahai gainean izan dugun arren, horrek ez duela kentzen guk bizi izan duguna, ezta beste haimaika euskal herritarrek sufritu dutena ere. Ezin da ahaztu hori. Hemen ez baita justiziarik egin, ez gurekin, Euskal Herriarekin. Gure xedea da jarraitzea norabide horretan. Entzun nahi gaituenak entzungo gaitu, entzun nahi ez gaituenak ez gaitu entzungo. Argi dagoena da konponbidearen ildoan kokatu nahi bada hau, soluzioak eman behar direla. Eta akordio hau izan liteke modu bat konponbiderantz urratsak egiteko, baina beste alor horretan, Euskal Herriak pairatzen dituen errepresio mota horietan guztietan, konponbideak eta soluzioak behar dira.

Zer litzateke zuentzat erreparazioa?

Hitz egiten dugunean erreparazioaz, ez gara ari ez diruari ez txorakeria horiei buruz. Guk nahi duguna da bermea, berriz gerta ez dadin. Eta aitortza bat: noiz edo noiz estatuak onartu beharko du zer egin duen sistematikoki, eta bermeak beharko dira hori berriro ez errepikatzeko. Eta horrek esan nahi du salbuespenezko legedi hori guztia bertan behera uztea, inkomunikazioa amaitzea. Bide horretan kokatzen dugu hau guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.