'Brexit'-ari buruzko akordioa. Itunaren xehetasunak

Zelan esan agur 585 orritan

Erresuma Batuaren irteerarako planarekin, Londresek ahotsa galduko du EBren instituzioetan, baina batasuneko legediaren zati handi bat betetzen jarraituko du. Ziurtatu dute Irlandan mugarik ez izatea

Michel Barnier (ezkerrean) eta Donald Tusk, brexit-aren akordioarekin eskuan, herenegun. OLIVIER HOSLET / EFE.
Jon Fernandez - Iker Aranburu
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Agur bat 585 orritan. Londresek eta Bruselak adostu dutena Erresuma Batuaren irteera da, despedida zer baldintzatan egin eta zenbat denboran luzatu. Lan mardulena, etorkizunean Erresuma Batuak eta Europako Batasunak izango duten merkataritza harremana, oraindik negoziatzen hasteko dago; oraingoz, nahikoa lan badaukate Mantxako kanalaren bi aldeetan agur ordenatu bat adosten.

Hona hemen trantsizio aldiari buruzko 585 orrietan bildutako puntu nagusien laburpena:

NOIZ ARTE LUZATUKO DA TRANTSIZIO EPEA?

Berez, trantsizioa egiteko iraungitze data bat adostu dute: 2020ko abenduaren 31. Baina egun hori iritsi, eta bi aldeek oraindik ez badute lortu merkataritza hitzarmen bat ixtea, gehiago luzatuko da trantsizioa. Hau da, praktikan, amaigabe luza daiteke: bi aldeek behin betiko merkataritza hitzarmena ixten dutenean, orduan amaituko da trantsizio aldia. Hori bai, 2020tik harago luzatzen bada, Londresek EBko aurrekontuetan zati bat ordaintzen jarraitu beharko du, nahiz eta EBk hirugarren herrialde gisa hartu.

Funtsean, trantsizio aldiak haustura gogor eta bat-batekoa saihestuko du. Hortaz, datorren martxoaren 29tik aurrera, Erresuma Batua, ofizialki, Europako Batasuneko instituzioetatik kanpo geratuko da. Hau da, galdu egingo du ahotsa EBko erabakiguneetan, baina EBko legedia betetzen jarraituko du, harik eta trantsizioa amaitu arte.

Bitarteko aro horretan, aldaketa txikiak baino ez dituzte igarriko herritarrek eta negozioek; merkatu batasuneko mugimendu askatasunean aldaketa txikiak baino ez dira izango.

ZER GERTATUKO DAHERRITARREKIN?

Gauzak ez dira asko aldatuko dagoeneko Erresuma Batuan bizi diren EBko hiru milioi lagunentzat, ezta ere EBn bizi diren milioi bat britainiarrentzat. Horiek guztiek eta gertuko senideek («senar-emazteek, seme-alabek, aitona-amonek, bilobek eta harreman luzeko bikotekideek») orain arteko eskubideei eutsiko diete —bizitzeko, lan egiteko, ikasteko—, baita gizarte laguntzak, pentsioak edo osasun arreta jasotzeko ere. Trantsizio epea amaitu aurretik beste aldera bizitzera joan direnei ezarriko zaie.

Behin trantsizioa amaituta, Erresuma Batuan bizi diren europarrek zortzi urtez eskatu ahal izango dute Europako Justizia Auzitegiaren babesa. Estatukide bakoitzaren esku izango da beste eremuko herritarra erregistro ofizial batean sartu ala ez erabakitzea; Londresek dagoeneko esan du EBko herritarrek Erresuma Batuan geratzeko eskaera ofizial bat egin beharko dutela.

ETA ZER GERTATUKO DA DESADOSTASUNAK SORTZEN BADIRA TRANTSIZIOAN?

EBtik ateratzeko akordioa EBren legean oinarrituta dago, «ziurtatzeko irteera modu ordenatu batean gertatzen dela».

Horrek esan nahi du azken hitza EBko Justizia Auzitegiak izango duela, Luxenburgoko auzitegiak. Edonola ere, desadostasun bat sortuz gero, bi aldeak biltzen dituen batzorde misto batek aztertuko du gaia. Horien artean konponbiderik ez badago, arbitratze independentea eskatu ahal izango dute batek zein besteak. Desadostasunak ez badu loturarik EBren legearekin, arbitratzeak izango du azken hitza; batasunaren legearekin zerikusia badu, berriz, Luxenburgoko epaitegiak erabakiko du.

IPAR IRLANDA

Korapilo nagusietako bat da Ipar Irlanda brexit-aren mataza korapilatsuan. Aipamen berezia du akordioan ere: backstop protokoloa deitu diote. Babes neurri bat da, 2021etik aurrera trantsizioa akordiorik barik hautsiko balitz ere Irlandan muga gogorrik ez egoteko. 1998ko bake akordioa kolokan ez jartzea lehentasuna da bi aldeentzat. Beraz, bermatuta geratuko da pertsonen eta produktuen mugimendu askea Irlanda osoan, eta Ipar Irlandak EBko merkatu batasunean jarraituko luke. Protokoloa indarrean sartu beharko balitz, kontrolak ezarri beharko lirateke Britainia Handitik Ipar Irlandara produktuak sartzeko, ziurtatzeko bat egiten dutela EBko irizpideekin.

ADUANA BATASUNA

Brexit zale gogorrenek ez dute nahi aduana mugarik ikusi estatu barruan, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean: Irlandako itsasoan jarri beharko lirateke aduanak, bi ur bazterretako portuetan.

Hori saihesteko, Erresuma Batu osoa sartuko litzateke Europako Batasunaren aduana batasunean, eta ez bakarrik Ipar Irlanda. Hartara, Londresek ez du aduanarik jarri behar izango Irlandako itsasoan.

Aduana batasunarekin, EBren eta Erresuma Batuaren arteko aduanak eta muga zergak saihestuko dira. Joko zelaia argi izateko, EBko legedia onartuko du Erresuma Batuak lehiakortasun araudiari, enpleguarenari, ingurumenari eta zerga sistemari dagokienez. Arrantza aduana batasunetik kanpo geratuko da, Erresuma Batuak ziurtatu arte arrantzale europarrek arrantzatu ahalko dutela haren uretan.

ZENBAT ORDAINDUKO DU ERRESUMA BATUAK?

Itunak ez du kopururik aipatzen, baina Erresuma Batuko Altxorrak kalkulatu du 40.000-45.000 milioi euro izango direla. Horrekin beteko ditu 2014-2020ko aurrekontuko bere ekarpenak —eskubide osoko kide izango balitz bezala—, eta sor daitezkeen gastuak ere bai.

Ordainketa gehienak 2025erako bukatuko dira, baina badira 2064ra arte luzatuko direnak ere —EBko langileen pentsioak—. Diru bat bueltan ere jasoko du Londresek: Europako Banku Zentralaren eta Europako Inbertsio Bankuaren kapitalei egindako ekarpenak, hain zuzen ere.

ZER GERTATUKO DAGIBRALTARREKIN?

Ipar Irlandak erakarri du arreta handien, baina hura ez da Erresuma Batuak Europako Batasunarekin izango duen lurreko muga bakarra: Gibraltarren ere aurrez aurre izango dira Batasuna eta Erresuma Batua.

Espainia hegoaldeko koloniaren eta EBren arteko etorkizuneko harremana ere zehaztu gabe utzi du akordioak, eta Madrilen eta Londresen arteko elkarrizketen ondorio izango dela aipatzen du. Itunak «ahal diren kooperazio mota guztiak» ezartzeko eskatu du. Herritarren eskubideak, zerga sistema, tabakoa, diru zuriketaren eta kontrabandoaren aurkako borroka, ingurumena, arrantza eta polizien arteko elkarlana dira lotu beharreko kontuak. Negoziazio horretan Gibraltarren burujabetza eta burujabetza partekatua negoziatzeko asmoa duela azaldu du Espainiako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.