Altsasuko auzia. Epaiketa

Covitek dio «biktimen egia» entzun dela «behingoz»

Guardia zibilen bertsioa «isildua» egon dela adierazi du elkarteko buruak. Iruñean, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute
Atzo arratsaldean Iruñean eginiko elkarretaratzea.
Atzo arratsaldean Iruñean eginiko elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / FOKU

Joxerra Senar - Berriemaile berezia

2018ko apirilak 18
«Gaur [atzo] da egiaren eguna. Biktimak isilduak egon dira hamasei hilabetez, eta behingoz jakingo dugu zer gertatu zen egun horretan eta ordutik igaro diren hilabeteetan». Hala mintzatu zen atzo ETAren indarkeriaren biktimen Covite elkarteko lehendakari Consuelo Ordoñez, Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean.

Auzian, herri akusazio gisa aurkeztu da Covite. Elkarte horrek Auzitegi Nazionalean jarritako salaketa batek eragin zuen Altsasun jazotakoak terrorismo gisa ikertzea eta epaitzea han. Hori egin zuen Nafarroako Auzitegiak instrukzioa hasi eta gutxira.

Ordoñezek azaldu duenez, beraiek «konbentzituta» daude hori hala dela, eta, legea eskuan, defendatu egin du zortzi gazteentzat 12 eta 62 urte arteko espetxe zigorrak eskatu izana. «Terrorismoarekin loturiko delituentzako zigorrak ez ditugu guk zehazten, legeen egileek baizik», adierazi du Ordoñezek, eta azpimarratu du orain epaileek izango dutela azken hitza. «Covitek eskubide osoa du indarkeria erabiltzen dutenak edo Zigor Kodean tipifikatuta daude delituak egin dituztenak salatzeko. Hori egingo dugu aurrerantzean ere, eta biktimen ondoan egongo gara beti».

Auzipetuen herenegungo deklarazioei buruz, berriz, adierazi du gazteak «gezurretan» aritu zirela. Azpimarratu du haiek eta haien gertukoek urte eta erdi daramatela esanez «tabernako liskar bat» izan zela 2016ko urriaren 15eko gauean gertatutakoa. «Eta orain diote ez zela borrokaldirik ere egon, ez zela ezer gertatu, ez zutela ezer egin, eta ez zirela han egon».

Covitek hasieratik babestu ditu Altsasuko liskarrean zauritutako bi guardia zibilak eta haien bikotekideak. Gazteak atxilotu eta gutxira herri horretan egin zen elkarretaratze batean azaldu ziren, gertatutakoa Euskal Herrian Espainiako polizien aurka dagoen «gorrotoaren» seinale dela salatzeko.

Ordoñezek horixe bera berretsi zuen atzo, eta horrekin loturik salatu zuen Altsasuko guardia zibilek eta ETAren indarkeriaren biktimek oro har euskal erakundeen partetik historikoki jaso duten tratua. «Instituzioen aldetik, Altsasun gertatu da herri honetan egon den terrorismoaren 40 urteko historian gertatu dena».

Covitek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñean. Nafarroako Gobernuak uko egin zion parte hartzeari, haren aurkako mobilizazioa zela argudiatuta. Maria Solana eledunak azaldu duenez, beti babestu dituzte liskarrean zauritutakoak; gogoratu du elkarretaratze batean izan zirela eta Uxue Barkos lehendakariak ospitalean izan zela haiekin. Dena den, azaldu du hori hori «bateragarria» dela larunbatean auzipetuen gurasoek «justizia» eskatzeko eginiko martxa babestearekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna