Europak azalpenak eskatuko dizkio Espainiari Martxoaren 3ari buruz

Europako Parlamentuak txosten bat galdegingo dio Pedro Sanchezen gobernuari, argitzeko zer egin dezakeen Gasteizko 1976ko gertaeretako biktimen alde. Europako Batzordeari ere zuzenduko zaio

Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinez eta Andoni Txasko, Europako Parlamentuan, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertaerei buruzkoa izan behar zuena zera bihurtu da: Espainiako Estatuak frankismoko krimenak argitzeko garatu dituen eta ez dituen politiken kalitatea neurtzeko saio bat. Europako Parlamentuaren Eskarien Lantaldeak gutun bana bidaliko die Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioari eta Europako Batzordeari, azal dezaten zer egin dezaketen Gasteizko gertaeren biktimen egia, justizia eta ordaina bermatzeko. Madrilek eta Bruselak idatziz erantzun beharko diote eskaera horri. Baina bereziki Espainiako Gobernuak eman beharko ditu azalpenak horri buruz, eta, zeharka bada ere, baita frankismo garaiko krimenak argitzeko neurriei buruz ere, Martxoak 3 Elkarteko kideek plazaratutako kezkei erantzunez.

Lantalde horren aurrean hitz egin dute elkarteko ordezkari Andoni Txaskok —gertaeretan zaurituak— eta Nerea Martinezek —hildako baten senideak—. Martinezek azaldu du Espainiak euren kasua ikertzeko «ate guztiak itxi» egin dizkiela, eta gertaeren arduradunen «zigorgabetasuna» salatu du. «Hartu diren erabakiekin, frankismo garaiko krimenak legitimatzen eta banalizatzen ari dira». Elkarte memorialistak uste du Espainiak bere memoria politikak aztertu behar dituela, eta alderatu eta egokitu egin behar dituela nazioarteko irizpideetara; besteak beste, Memoria Aktibo Bat egitasmo europarrarekin eta Europako Kontseiluaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen gomendioekin. Horiek hala, Martinezek babesa eskatu die Europako erakundeei, frankismo garaiko biktima guztiek ez dezaten jarrai «bigarren mailakoak» izaten, eurek bezala. «Eskandalu bat izango litzateke gauza bera egingo balitz nazismoaren edota beste edozein erregimen faxistaren biktimekin».

1976ko martxoaren 3an Espainiako Polizia tiroz oldartu zitzaion Gasteizko Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan bilduta zegoen langile batzar bati, eta bost pertsona hil eta 150 baino gehiago zauritu zituen. Hilabete batzuk lehenago —1975eko azaroaren 20an— hil zen Franco diktadorea, eta hilabete horietan hark ezarritako erregimenaren aurkako protesta eta langile borroka ugari izan ziren nonahi.

Gasteizko gertaerengatik ez dute inor epaitu, elkarteek eta instituzioek hainbat ahalegin egin dituzten arren, Espainian eta atzerrian; bereziki Argentinan, Maria Servini epailearen eskutik. Kaltetuek 1977ko Espainiako Amnistia Legea izan dute traba nagusia. Besteak beste, Espainiako Justiziak uko egin dio garai hartako arduradun batzuk estraditatzeko eskaerari Argentinan epaituak izan zitezen. Dena den, biktimek argudiatzen dute gertaera horiek eta orduko beste batzuk gizateriaren aurkako krimenak direla eta ezin dutela preskribatu.

Denen babesarekin

Europako Parlamentuaren Eskarien Lantaldeak Madrili eta Bruselari azalduko dizkie Martxoaren 3ko Elkarteko kideen argudioak eta Eskaeren Batzordeko kide batzuenak. Eskaera irekita mantentzea erabaki du, eta, bi erakundeen erantzunen arabera, proposamen bat landu ala ez aztertuko du datozen bileretan.

Talde horretan ordezkaritza duen alderdietako inork ez du aurkako jarrerarik izan. Espainiako PPren ordezkariak esan du bere alderdiak «egia» nahi duela «alde bateko zein besteko biktimentzako». Azpimarratu du, baina, Europako Batasunak ez duela eskumenik gisa horretako gertaerak ikertzeko, eta Espainiak egin duela egin ahal izan duena.

Antzera mintzatu da Europako Batzordeko ordezkaria. Hark, dena den, baliabide «teknikoak» eskaini dizkio Espainiari, justizian eta beste arlo batzuetan «zigorgabetasunaren aurkako politikak» garatzeko. Hitzartzean, Europako Batzordeko kideak ezin izan dio bere emozioei eutsi gogoratzean bere senideetako bat Espainiako Gerran aritu zela.

Eskarien Lantaldeko kide ez den arren, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak ere hitz egin ahal izan du, eta esan egin du Europako Batasunak baduela eskumenik auzia ikertzeko; gogora ekarri ditu horren inguruan Europako Parlamentuak eta nazioarteko beste erakunde batzuek hartutako hainbat erabaki.

Ahal Duguko Xabier Benitok ere izan du hitz egiteko aukera. «Sarraski batek ezin du inoiz preskribatu», azpimarratu du, eta Espainiako Gobernuak frankismoko krimenekin izan duen jarrera salatu. «Zigorgabetasuna desegin behar da, eta, horretarako, derrigorrezkoa da justizia egitea. Hori ere badagokio Europako Batasunari, Espainiak ez badu egin nahi. Zergatik ez da ezer egiten?», kritikatu du.

Martxoaren 3 Elkarteak 2015eko martxoaren 3an aurkeztu zuen parlamentuan agerraldia egiteko eskaria, eta lantaldeak 2015eko abenduan onartu zuen. EAJko Izaskun Bilbao eta EH Bilduko Josu Juaristi europarlamentarien laguntza izan dute horretarako.

Haiez gain, Bruselan izan dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea (EAJ) eta Miren Larrion zinegotzia (EH Bildu) ere, besteak beste, elkarteko kideekin batera. Urtaranek sare sozialetan zabaldutako mezuetan adierazi du Martxoaren 3ko biktimak aintzat hartu behar direla «beste edozein terrorismoren biktimak bezala». «Gure hirian itxi gabe dagoen kapitulu honek egia, justizia eta erreparazioa exijitzen ditu». Alkateak azpimarratu du «memoriaren kultura lantzea» ezinbestekoa dela «bizikidetza eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.