Bizkaia Fiskaltzan salatu dute adingabeak «pilatuta» dauzkalako

Elkarrekin Podemosek salaketa bat aurkeztu du diputazioaren aurka. Ohartarazi duenez, bakarrik iritsi diren adingabeentzako Zornotzako zentroak 40 toki ditu, baina 160 gazte daude bertan

Bakarrik iritsi diren etorkin adingabeei lehen harrera egiteko zentroa, Zornotzan, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Elkarrekin Podemosek Bizkaiko Foru Aldundia salatu du Zornotzako adingabeen zentroa «gainezka» dagoelako. Tinixara Guanche legebiltzarkideak eta Eneritz Madariaga batzarkideak atzo aurkeztu zuten salaketa Bizkaiko Fiskaltzan; koalizioaren helburua da Bizkaiko Adingabeen Fiskaltzak hartzea auzia. Espero dute «egoera konpontzeko neurriak» hartuko dituela. Gazteak «pilatuta» daudela salatu dute, eta kontua «oso larria» dela. Azaldu dute zentroak 40 lagunentzako lekua duela, baina orain 160 adingabe inguruk egiten dutela lo han; hau da, egon daitezkeenak halako lau. Gainera, ohartarazi dute 30 gazte inguruk zoruan egiten dutela lo.

Bizkaira senide heldurik gabe iristen diren adingabeei lehen harrera egiteko erabiltzen du Foru aldundiak Zornotzako aterpetxea. Izan ere, haren ardurapean geratzen dira 18 urte bete arte. Zentroan, adingabeen egoera aztertzen dute, eta, gizarte langile eta hezitzaileek erabakitakoaren arabera, adingabeentzako beste egoitzetara bideratzen dituzte. Hala ere, praktikan, Zornotzan egiten duten egonaldia lehen harrerakoa baino luzeagoa izaten da batzuetan. Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailarekin hitz egin zuen BERRIAk atzo, eta erantzun zuten oraingoz ez dutela adierazpenik egingo. Gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordea bilduko da; gai ordenako lehen puntuan, bakarrik iristen diren adingabe etorkinei buruz galdetuko dio EH Bilduk Bizkaiko Diputazioari; Espainiako Gobernuari eskatutako kupoez, zehatzago.

Elkarrekin Podemoseko ordezkariek esan dute fiskaltzara jotzea «azken aukera» izan dela eurentzat. «Beste bide guztiak agortu dira aurretik, baina ez da emaitzarik lortu», azaldu du Madariagak. «Arazoa ez da orain sortu; egiturazkoa da. Eta ez da salatzen den lehen aldia». Gogoratu du EAEko Arartekoak 2005ean ere ohartarazi zuela zer gertatzen ari zen Zornotzako zentroan. Aurtengo txostenean ere berriro aipatu du. 2005ean, ohi baino adingabe gehiago iritsi ziren Bizkaira, eta diputazioaren zentroak gainezka egon ziren. Krisi ekonomikoarekin, behera egin zuen bakarrik iritsitako adingabeen kopuruak, eta aldundiak hainbat zentro itxi zituen, hutsik geratu zirelako. Azken urteetan, berriro egin du gora: bi urtean, laukoiztu egin zen iritsitakoen zenbatekoa. Hala, iazko udazken hasieran, Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailak zazpi zentro berri ireki behar izan zituen.

Madariagaren ustez, egoeraren erantzulea «EAJk egiten duen kudeaketa eskasa» da. «Planifikaziorik eta antolaketarik gabe» ibiltzea egotzi dio Gizarte Ekintza Sailari. «Hau ez da larrialdi egoera baten ondorio. Aurretik jakin dute zer gertatuko zen. Adingabeak ez dira egun batetik bestera iritsi». Ohartarazi du diputazioak «etengabe» urratzen duela Espainiako Adingabeen Babeserako Legea. Horregatik, egon litezkeen erantzukizun penalak aztertzeko eskatu dio fiskalari. «Segurtasun arazoak sor daitezke han dauden ume eta gazteentzat. Eta hezitzaileentzat eragozpena da euren lana behar bezala egiteko». Izan ere, zentroan dauden adingabe guztiek lo egiteko lekua izan dezaten, oheak ipini behar izan dituzte jantokian eta prestakuntza saioak eskaintzeko erabiltzen diren ikasgeletan.

Langileak, gainezka

Hezitzaileen eta adingabeen arteko ratioak ere ez dituzte betetzen. «Baldintza horietan, hezitzaileek ezin dituzte adingabeentzako programak behar bezala garatu. Bizitza proiektuak martxan jartzeko behar duten laguntza gabe geratzen dira; etorkizuna baldintzatzen zaie». Era berean, adingabeengan sortzen den «frustrazioaz» ohartarazi dute. «Erasoak eta abusuak sustatzeko giro egokia sortzen ari da».

Joan den abenduan, hustu egin behar izan zuten Zornotzako egoitza, sute batengatik. Ertzaintzaren arabera, zenbait adingabek su eman zieten koltxoi batzuei, eta hala zabaldu ziren garrak; ez zen lehen aldia. Hezitzailek ohartarazi zuten gazteek «haserrea eta ezinegona» sentitzen dutenean jokatzen dutela horrela. Orduan ere egoitza gainezka zegoela salatu zuten langileen ordezkari sindikalek.

Elkarrekin Podemosek gogoeta piztu nahi du, Zornotzako «pilaketa» konpontzeaz gain. «Etorkin adindunekin egin behar den bezala, adingabeei zer harrera egingo diegun aztertu behar dugu». Espainiako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzeko eskatu dio Madariagak Bizkaiko Diputazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.