Jaurlaritzak 28 legegaitatik hiru atera ditu aurrera legegintzaldi erdian

Eusko Jaurlaritzak urte politikoa abiatzeko gobernu kontseilua egingo du gaur, Donostiako Miramar jauregian. EAJ eta PSEren gobernuak programan jasotako lege proiektuen %89 ditu onartzeke

Alfonso Alonso EAEko PPren burua, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea eta Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean.
Alfonso Alonso EAEko PPren burua, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea eta Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean. D. A. / EFE

Iraitz Mateo Gogorza -

2018ko abuztuak 28

Urtero legez, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar jauregian ekingo dio urte politikoari, han egingo baitute aurreneko gobernu kontseilua. Erakundeetako ordezkariek 10:15ean egingo dute argazkia, eta 10:30ean hasiko da bilkura. Ondoren, 11:30ean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak emango ditu xehetasunak Jaurlaritzak urte politikorako dituen asmoei buruz. Berri agentziek Jaurlaritzako iturriak aipatuta zabaldu dutenez, Urkulluren lehentasuna izango da Madrili eskatzea egutegi bat presta dezala 1979ko estatutuan jasota baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenak eskualdatzeko.

EAJk eta PSE-EEk babestutako gobernuak gutxiengoan ekingo dio hastear den urte politikoari. Boto bakarra falta du Eusko Legebiltzarrean gehiengo osoa eskuratzeko, eta aritmetika parlamentario horrek zuzeneko eragina izan du Jaurlaritzaren lege egutegia betetzeko. XI. Legegintzaldiaren (2016-2020) lehenengo erdia igaro da, eta Eusko Legebiltzarrak ez du onartu Eusko Jaurlaritzak agintaldiaren hasieran aurreikusitako legeen %11 ere. Urtero aurrera atera diren aurrekontuen legeak albo batera utzita, Eusko Legebiltzarrak hiru legeri eman die baiezkoa orain arte, eta 25 geratzen dira eztabaidatu eta onartzeko (%89).

Hortaz, lege egutegian jasotako lege proiektuak onartu, ganberara lehenbailehen bidali eta aurrera atera nahi baditu, Urkulluren gobernuak azeleragailua zapaldu beharko du. Horretarako, oposizioko alderdiren baten babesa beharko du ziurrenik. Ekainean onartu ziren Euskadiko Portuen eta Itsas Garraioaren Legea, Lanbide Heziketarena eta Dopinaren aurkako Legearen aldaketa. Hirurak onartu ahal izateko, Jaurlaritzak PPren baiezkoa izan zuen. Lanbide Heziketaren legea EAJk eta PSE-EEk sustatu zuten, eta ez Jaurlaritzak, nahiz eta lege hori aurrera ateratzea jasota duen lege egutegian. Gainera, hasieran EH Bilduren ekimenez eraman zuten lege egitasmoa osoko bilkurara, baina ez zuen aurrera egin, babes faltagatik. Handik gutxira, jeltzaleek eta sozialistek berea erregistratu zuten, eta PPren aldeko botoekin onartu zuten.

Datorren urte politikoan, baina, Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek bide estuagoa izango dute adostasuna lortzeko. Izan ere, EAJk zentsura mozioarekin bat egin ostean Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia kargugabetzeko, PP gero eta urrutiago dute. Bi alderdien arteko desadostasuna agerian geratu zen joan den ekainean, eta litekeena da ondorioen eraginak jasatea datorren irailean. Horrek ez du esan nahi ezinezkoa izango zaienik, baina arreta berezia jarri beharko diete EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen taldeei.

Joan den urte politikoko azken eztabaidan, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforma izan zuten hizpide, eta, orduan, agerian geratu zen Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek orain ez dutela PPren lehengo babesa. EAJk eta PSE-EEk prozesua abiatu nahi zuten lege proposamen baten bidez Eusko Jaurlaritzaren lege proiektu gisa aurkeztu ordez, horrek behar dituen txosten juridiko eta ekonomiko guztiekin—, baina, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ez ezik, PP ere kritiko izan zen estrategia horrekin. Hala, jeltzaleek eta sozialistek ez zutenez gehiengorik bermatu osoko bilkuran aurrera ateratzeko, tramitea etetea erabaki zuten.

Hauteskundeen atarian

Udazkenean eztabaidatuko dira 2019ko aurrekontuak, eta hori izango da Eusko Jaurlaritzak gainditu beharko duen lehen mugarria. Izan ere, EAJk eta PSEk oposizioko alderdiren baten babesa lortu beharko dute kontu publikoak aurrera atera ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak agiri baten bidez adierazi zuen 2018an «aurrekontu estrategikoen bidea» hasi zuela, eta 2019a «emaitzetara zuzentzekoa» izango zela.

Aurrekontuen eztabaidaz gain, hauteskundeak izango dira udaberrian, eta hitzordu hori ere oztopo izan liteke Jaurlaritzarentzat adostasunak lortzeko. Izan ere, foru eta udal bozetan egungo oposizioa gogortu liteke, eta, ondorioz, lege proiektuen eztabaida atzeratu. Hala bada, Jaurlaritza estu ibiliko da lege proiektu guztiak 2019aren bigarren zatian eta 2020an aurrera ateratzeko.

Gobernuaren lege ekoizpena ez ezik, oposizioarena ere ez da oso emankorra izan legealdia hasi zenetik. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk proposatutako lege egitasmo oso gutxi onartu dira, eta onartu direnak ez dira izan munta handikoak. PPren ekimenez aurrera atera dira, besteak beste, EAEko Eskola Kontseiluei eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketari buruzko legeen aldaketak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria