Uharteko emakume baten heriotza ikertzen ari dira, hilketa matxista delakoan

Senarra bermerik gabe kartzelan sartzeko agindua eman du Agoizko auzitegiak. Gasteizen, gizon batek emakume bati labanaz eta botila batekin eraso egin dio
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egin zuen Astelehen Lilak elkarteak, iragan uztailaren 30ean, Iruñeko Gazteluko plazan.
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egin zuen Astelehen Lilak elkarteak, iragan uztailaren 30ean, Iruñeko Gazteluko plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko abuztuak 29
Larunbatean aurkitu zuten emakumea, Uharteko bere etxean. Haren senarrak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, 38 urteko andreak, «dutxan erori eta buruan jasotako kolpearengatik, konortea galdu» zuela-eta. Haraino joandako osasun langile eta foruzainek, baina, hainbat zauri antzeman zizkioten emakumeari. «Eraso batekin bateragarriak diren zauriak», Foruzaingoaren arabera. Senarrak ere zauri batzuk zituela sumatu zuten. Konorterik gabe zegoen andrea Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzura eraman zuten anbulantzian. Han hil zen, astelehen arratsaldean, zauriengatik.

Poliziek, berriz, indarkeria matxista kasu bat izan zitekeela susmatuta, galdeketa egin zieten, bai gizonari, bai haren amari, etxe berean bizi baita, eta larunbatean gertatutakoaren lekuko izan zen. Bien kontakizunen artean «kontraesanak» zeudela antzeman zuten foruzainek. Are: gizonaren amak etxe osoa garbitu zuela eta «ikerketa oztopatzen» saiatu zela azaldu dute poliziek. Horren guztiaren argitara, 41 urteko gizona atxilotu zuten larunbatean bertan.

Horren ostean ere, foruzainek ikerketa gehiago egin dituzte, eta, ohar batean jakinarazi dutenez, gizonak maiz ematen zizkion tratu txarrak emazteari. Zehazki, Uharteko udaltzainek bitan atxilotu dute delitu horrengatik.

Astelehenean, Agoizko auzitegira eraman zuten atxilotua, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 2. zenbakiko Epaitegira. Foruzaingoaren ikerketa oinarri gisa hartuta, instrukzio epaileak ebatzi du gizona bermerik gabe kartzelatzea, giza hilketa delitu bat leporatuta. Magistratuaren arabera, «zantzuek frogatzen dute akusatuak eztabaida gogorra izan zuela emaztearekin eta hainbat ukabilkada eman zizkiola gorputzean eta buruan, konorterik gabe utzi arte».

Horrez gain, epaileak uste du akusatuak ihes egiteko arriskua «nabarmena» dela; alde batetik, gizona kamioi gidaria izanda «ederki ezagutzen baititu Europa osoko garraio azpiegiturak eta ihesbideak»; eta, bestetik, frogak suntsitzen saia daitekeelako. Hori dela eta, bermerik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatua ezarri dio.

Hilketaren berri izan eta berehala, mugimendu feminista erantzuna antolatzen hasi zen. Gaur arratsaldean elkarretaratzea eginen dute, Uharten. Astelehen Lilak kolektiboak, berriz, heldu den astelehenerako egin du protesta deialdia. 20:00etan elkartuko dira, Iruñeko Gazteluko plazan.

Hilketa matxistaren hipotesia baieztatzen bada, aurten Euskal Herrian hildako seigarren emakumea izanen litzateke.

Eraso matxista Gasteizen

Gasteizen, berriz, emakume bati labankadaz eraso egin zioten atzo. Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen, 42 urtekoa, indarkeria matxista egotzita. Bizi ziren etxean bertan, gizonak eraso egin zion bikotekide zuen emakumeari, eta, gero, bere burua bota zuen balkoitik, lehen solairutik.

Beste pertsona batek eman zien abisua ertzainei, zaratak eta kolpeak aditzen ari zelako. Poliziak bertaratu zirenean, 42 urteko gizona kalean aurkitu zuten, lurrean botata. Zauriak egin zituen hanketan, bere burua balkoitik bota zuenean.

Ertzainak etxebizitzara igo ziren, eta odoletan aurkitu zuten emakumea; buruan eta bularraldean zituen zauriak, eta jakinarazi zuen gizonak labanaz eta botila batekin eraso ziola. Larrialdi zerbitzuek Txagorritxuko ospitalera eraman zuten, artatzeko. Emakumeak berak salaketa jarri zuen gero.

Gizona, berriz, Santiagoko erietxera eraman zuten. Hanka bat apurtu zuen erorikoan, eta ebakuntza egin beharko diote. Ertzaintzak atxilotuta dauka, han bertan, eta ikerketa abiatu du, erasoaren nondik norakoak argitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna