Urkulluren baldintzak

Lehendakariak estatutu berriaren akordioa «bideragarria» izan dadila eskatu du, eta uste du «aztertu» egin beharko dela EAJk eta EH Bilduk adostutako guztia
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria abuztuaren 28an, Donostian, Miramar jauregian, urte politikoaren hasierako hitzaldian.
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria abuztuaren 28an, Donostian, Miramar jauregian, urte politikoaren hasierako hitzaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko irailak 4
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nahiko luke Eusko Legebiltzarrean adosten ari diren EAErako estatutu politiko eta juridikoak «ahalik eta adostasun handiena» izatea; horretarako, beharrezkotzat jo du «zabaltzea» EAJk eta EH Bilduk berriki edukietan lortutako akordioa, azken testua «bideragarria» izan dadin Madrilekin. «Biderik egingo ez duen testu batekin gelditu nahi badugu, lehendik ere baditugu testuak», gaineratu du atzo Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean.

Herenegun, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak elkarrizketa batean ohartarazi zuen EAJk eta EH Bilduk EAEko estatutu berriaren edukietan lortutako adostasunak ez duela aurrera egingo Gorte Nagusietan. Urkulluri horri buruz galdetu diote Radio Euskadin. Lehendakariak azpimarratu du legebiltzarreko taldeek oraindik «asko» dutela egiteko Autogobernu lantaldean; izan ere, dioenez, estatutua berritzeko lanak «hastapenetan» daude, eta, ondorioz, badago denbora EAJk eta EH Bilduk erdietsitakoa beste taldeei zabaltzeko. «Akordio hobea izango da baldin eta zabalagoa bada». Nabarmendu duenez, «kontsentsuetan» ez ezik «edukietan» ere nahiko luke zabaldu.

Lehendakariaren iritziz, euskal gizarteak eskertuko luke testu artikulatuak «ahalik eta adostasunik zabalena» izatea, eta, besteak beste, garrantzia eman dio testu horretan honako hauek jasota egoteari: aldebikotasuna, botere judizialarekin lotutako alorrak eta eskubide sozial eta zibilen bermea. Urkullu ziur agertu da atal horiek guztiak biltzen dituen akordio batek lekua izan dezakeela Espainiako Konstituzioan.

EAJk eta EH Bilduk edukien alorrean lortu dituzten akordioekin gustura ote dagoen galdetuta, Urkulluk adierazi du «EAJko militantea den heinean» begi onez ikusten duela jeltzaleek adostutakoa, baina lehendakari modura «gizarte osoaren onura» izan behar duela helburu, eta «gehiengoaren eta gutxiengoaren eskubideak bermatu» behar dituela. Hori hala, uste du «aztertu» egin beharko dela bi talde horiek lantaldean hitzartu duten guztia.

Adituen taldea, ostiralean

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldeak ostiral honetan aukeratuko ditu estatutu berriaren testu artikulatua idazten hasiko diren bost adituak. Halaber, Eusko Ikaskuntzak aditu horien esku utzi behar du, irailaren 30a baino lehen, joan den ekainean Bilbon, Donostian eta Gasteizen eginiko herritarren foroetan jasotakoekin landutako txostena. Hortaz, adituak udazken honetan has litezke testu artikulatua idazten, eta aurreikusi da 2019ko ekainerako amaituko dituztela lanak. Gero, legebiltzarreko taldeen arteko eztabaida egongo da.

Dena dela, estatutu berriaren proiektuaz hizketan ari badira ere, oraindik betetzeke dago Gernikakoa (1979), hainbat eskumen falta baitira jasotzeko. Urkulluk transferentzien egutegia zehazteko eskatu dio berriro Espainiako Gobernuari. Lehendakariaren iritziz, Pedro Sanchez gobernuburuak «aukera» bat dauka lan egutegi bat osatzeko. Gogoratu du jadanik 39 urte igaro direla estatutua onartu zenetik, Jaurlaritzak eskuratzeko dituela 37 eskumen eta Eusko Legebiltzarrak eskumen horiek guztiak eskualdatzearen alde bozkatu duela.

Aurrekontu berriak, zail

Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuez ere mintzatu zen Urkullu. Izan ere, gobernuari zaildu egin zaio gehiengo osoa lortzeko falta zaion boto bakarra, PPk ohartarazi baitu ez dela erraza izango aurreko bi urteetako akordioa berriro egitea. Lehendakariak ez du espero aurtengo aurrekontuak luzatzea, eta talde guztiekin «hitz egiten eta negoziatzen» saiatuko da. Nolanahi ere, argi utzi du aurrekontuak luzatzea ez litzakeela «dramatikoa» akordioa ezinezkoa balitz.

EH Bilduk eskua luzatu dio Eusko Jaurlaritzari (EAJ-PSE) kontuak babesteko, baldin eta burujabetzaren eta eskubide sozialen inguruan ondutako akordio bat erdiesten badute. Urkulluk bizkarra eman dio eskaintza horri: «Eraikitzeko ez dago zertan ezer hautsi. Ez naiz jarrera horren aldekoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna