Kaleko hatsa ofizialtasunari

Manifestazio baterako deia egin du Kontseiluak, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan berma dadila eskatzeko. Urriaren 27an eginen dute, Iruñean. «Irmotasuna» galdegin diete alderdi politikoei
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Behatokiko buru Garbiñe Petriati, atzo, euskalgintzako hainbat kidek lagunduta.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Behatokiko buru Garbiñe Petriati, atzo, euskalgintzako hainbat kidek lagunduta. IÑIGO URIZ / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko irailak 6
«Bada garaia». Kontseiluak uste du iritsi dela ordua euskararen alorrean gauzak «behingoz» aldatzeko. Nafarroan, batez ere. Horregatik, kalera ateratzeko deia luzatu du erakundeak: legealdia bukatu baino lehen, euskararen lege berri baten oinarriak jartzeko eskatuko diete Nafarroako indar politikoei nahiz erakundeei. Urriaren 27an eginen dute manifestazioa, Iruñean, Euskara ofiziala Nafarroa osoan, behingoz lelopean.

«Azpimarratu egin nahi dugu behingoz hori», azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. «Hamarkadak daramatzagu euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen eta zonifikazioak ezarritako bereizkeria salatzen. Nafarroan, bizi diren herriaren arabera aitortzen zaizkie oinarrizko eskubideak euskaldunei, eta iruditzen zaigu egoera bidegabe hori aldatu beharra dagoela».

Kontseiluko kideek uste dute konponbidea berandu datorrela, baina «egoera aldatzeko abagune bat» ikusi dute Nafarroako Legebiltzarrean. Han, Euskararen Batzordea sortu zuten iragan urrian, EH Bilduren ekimenez eta Geroa Bai nahiz Ahal Dugu-ren babesarekin. Batzordearen egitekoa da euskararen lege berri baten zirriborroa prestatzea. Bilbaok berretsi du ofizialtasuna ezartzeko aukera dela. «Euskara Batzordetik ateratzekoa den lege berri horrek hiru irizpide bete beharko ditu ezinbestean: nafarren hizkuntza eskubideak bermatzea, egungo zonifikazioa gainditzea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea».

Hiru puntu horiek aintzat hartzeko eskatu die Kontseiluko buruak Nafarroako indar politikoei: «Hizkuntza eskubideak aitortuko dituen lege berri bat behar dugu. Premiazko helburua da, baina, era berean, egingarria. Aukera honi pasatzen uzten badiogu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu. Bada garaia urteetan eginiko kaltea konpontzeko».

Hortaz, konpromisoa eskatu die Bilbaok alderdiei. Konpromisoa euskararekin, baina baita historikoki aldarrikatu dutenarekin ere. Ezkerrari zeharka eginiko kritika izan da, koalizioa esplizituki aipatu gabe: «2011n , lauko gobernuari eusten dioten alderdi batzuek euskararen ofizialtasuna eskatzen zuten argi eta garbi, konplexurik gabe. Bada, guk eskatzen diegu jarrera horri euts diezaiotela. Oposizioan zeudenean erakusten zuten irmotasuna izan dezatela orain ere, benetako aldaketa lortze aldera».

Proposamen propioa

Kontseiluak, bestalde, proposamen propio bat prestatuko du, «euskararen lege berri batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak azaltzeko». Nafarroako hainbat udalerritan jasotako ekarpenekin ondu dute. «Euskararen batzorde parlamentarioa sortu zenean, guk ere egitasmo bat jarri genuen abian Nafarroako euskaldunen kexuak, eskaerak eta iradokizunak jasotzeko. Herritarrek euskaraz bizi ahal izateko zer arazo dituzten jakin nahi genuen, eta ehunka ekarpen jaso genituen. Horiek oinarritzat hartuta, euskararen lege berri baterako proposamena lantzen ari gara, eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dugu aurki», azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Lauko gobernuari eusten dioten indar politikoekin ere bildu da Kontseilua azken hilabeteetan, bere proposamenak eta eskaerak helarazteko; guztiekin, batekin izan ezik: «Ezkerrak ez du gurekin batzartzeko asmorik erakutsi. 2015. urtetik ari gatzaizkie hitzordu bat eskatzen, eta ez digute ematen. Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu taldeekin bai, haiekin harreman normala daukagu, eta aldebiko bilera ugari egin ditugu. Bilera horietan esandakoak aintzat hartuta, aukera ikusten dugu euskararen legea moldatzeko».

Hirugarrenean, agidanez

Heldu den urriaren 27ko manifestazioa Kontseiluak legealdi honetan antolatutako hirugarrena izanen da. Aurretik, 2015eko apirilean, ekitaldi berezi bat antolatu zuen Anaitasuna kiroldegian, adierazteko aldaketa euskararen alorrera hedatu behar zela. Ekitaldi hark ospakizun izaera ere izan zuen, eta antolatzaileek «indarra hartzeko ariketa» gisa definitu zuten.

Hauteskundeen ostean, UPN agintetik egotzita, Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika «errotik» aldatzeko galdegin zuen Kontseiluak, mahai gainean bide orri zehatz bat jarrita. Lau urrats planteatu zituzten: «Marko juridikoa aldatu; plangintza egin; baliabideak zehaztu, hizkuntzaren normalizazioa gauzatzeko; eta, azkenik, euskararen inguruko orain arteko diskurtso zitalak bazterrean utzi». Ordutik, diskurtsoak aldatu bai, baina, euskara administrazioan arautzeko dekretua kenduta, euskalgintzako hainbat ordezkarik uste dute urrats eraginkor gutxi egin direla.

Euskararen marko juridikoa aldatzeko oztopo nagusia lauko gobernuaren barruan zegoela ikusita, Kontseiluak manifestazioa egin zuen urtebete geroago, 2016ko ekainaren 4an, Bidea eman euskarari lelopean. Milaka pertsona elkartu ziren Iruñean ofizialtasunaren alde, eta Uxue Barkos lehendakariak berak «begi onez» hartu zuen mobilizazioa: beharrezkoa zela, ongi dagoela euskararekiko asmoa kalean erakustea, eta eskertuta dagoela. Parlamentuan, baina, hainbat eztabaida piztu ziren laukoari eusten dioten taldeen artean. Hezkuntzako zerrenda bakarraren karira piztutako polemikak izan zuen oihartzunik handiena. Gauzak horrela, euskaltzaleek gero eta urrunago ikusi zuten euskararen lege berri bat adosteko aukera. Giro horretan heldu zen Kontseiluaren hurrengo deialdia: manifestazio bat egin zuten 2017ko abenduan, «bazterketa ororen kontra».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna