Lehenbiziko espetxealdi iraunkorra Alicia umearen hiltzaileari jarri diote

Arabako Probintzia Auzitegiak espetxealdi iraunkor berrikusgarriarekin zigortu du Gasteizen hamazazpi hileko haurra hil zuen gizona. Ez du frogatutzat jo «gaitasun mentalak urrituta» zeuzkanik

Ibai Maruri Bilbao.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Gasteizen leihotik botata hamazazpi hilabeteko umea hil zuen gizonari espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri dio Arabako Probintzia Auzitegiak. Euskal Herrian zigor hori jartzen den lehen aldia da. Beraz, 25 edo 35 urte barru haren kasua aztertuko dute, eta espetxe zaintzarako epaileak erabakiko du preso jarraitu beharko duen edo ez. Beste zazpi urte eta erdiko zigorra ere ipini diote, umearen ama hiltzen saiatzeagatik. Gizonak berak aitortu zuen haurtxoaren hilketa epaiketan, baina defentsak absoluzioa eskatu zuen, «erotuta» zegoela argudiatuta. Herri epaimahaiak erruduntzat jo zuen hilaren 14an, ez baitzuen frogatutzat jo «gaitasun mentalak urrituta» zeuzkanik. Horregatik, fiskalak eta akusazioek egindako zigor eskaera ontzat eman, eta ezarri egin du orain auzitegiak: espetxealdi iraukor berrikusgarria. Horrez gain, umearen amari eta aitari, hurrenez hurren, 130.000 eta 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dizkie. EAEko Auzitegi Nagusian helegitea jartzeko aukera izango du.

Epaiaren arabera, 2016ko urtarrilaren 24tik 25erako gauean Alicia haurtxoak eta haren ama Gabrielak hiltzailearen etxean egin zuten lo. Emakumeak eta gizonak aste batzuk lehenago ezagutu zuten elkar. Goizaldean, ama-alabak zeuden logelara sartu zen hiltzailea, eta eskuak umearen bularrean ipin zituen. Une hartan esnatu zen ama; gizonaren eskua umearen gainetik kendu zuen, eta gizona kolpeka hasi zitzaion: ukabilkadak eman zizkion, eta lurrera bota zuen iletik tiraka. Ondoren, balkoira eroan zuen arrastaka, eta hilko zuela egin zion mehatxu. Leihoko kristala hautsi zuen kolpe batez, eta kristal zati bat lepoan sartu zion. Une hartan umea esnatu zen, eta gerturatu egin zen. Gizonak hartu egin zuen, eta leihoko zulotik bota, epaiaren arabera, hiltzeko asmoarekin.

Zigortutako gizonak ontzat zuen kontakizuna, baina esan zuen «sufritzen duen eromenagatik gaizkiaren hazia ikusi» zuela umearengan. Buruko osasunaren inguruko hainbat azterketa egin zioten, defentsak eta akusazioek eskatuta. Epaiaren arabera, herri epaimahaiak «sinesgarritasun tekniko handiagoa» aitortu zien peritu ofizialek egindako txostenei. «Batzuetan diskurtso mistiko eta exoterikoa» zeukala ondorioztatu zuten Fiskaltzarentzat azterketa egin zuten psikiatrek, baina ez zioten atzeman «joera psikotikorik»; adituon ustez, diskurtso horren helburua «zigorra arintzea izan zitekeen».

Gizonak beti ukatu du andrea hiltzen saiatu zela. Baina, epaiaren arabera, «hainbat frogak baieztatzen dute» asmo hori zuela. Besteak beste, epaiketan deklaratu zuten ertzain biren testigantza nabarmendu du: gizona atxilotu zutenean biak hil zituela aitortu zien, emakumea ere hilda zegoela uste zuelako. Umearen amak epaiketan azaldu zuen berak sexu harremanak izateari uko egin ziolako egin ziela eraso gizonak.

Erasoa Galdakaon

Bizkaian, emakume batek salatu du Galdakaoko jaietan bortxatu zutela. Ertzaintzaren arabera, irailaren 16an izan zen erasoa; ustezko erasotzailea identifikatuta dago, epailearen zitazioaren zain. Bilboko Zaintza Epaitegiak sexu eraso delitua egotzi dio. Galdakaoko Udaleko talde guztiek aho batez salatu dute erasoa. Mugimendu feministak protestara deitu du gaurko: 20:00etan, Galdakaoko Iturriondo plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.