Oposizioen eredu berria adosteko lanean jarri du arreta Osasun Sailak

Darpon sailburuak aitortu du «argi dagoela» aurtengo lan eskaintzan «zerbaitek» huts egin duela, «berme guztiak» egon arren. Legebiltzarreko oposizioak «erantzulerik» ez egotea kritikatu dio
Jon Darpon Osasun sailburua Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egindako agerraldian, atzo.
Jon Darpon Osasun sailburua Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egindako agerraldian, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jon Rejado -

2018ko urriak 11
Osakidetzako lan eskaintzako iruzur salaketek oposizioen eredua aldatzea bizkortuko dute. Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu du Osasun Saila lanean ari dela eredua berritzeko. «Duela sei hilabete ez nion arazorik ikusten, baina orain lanean ari naiz proposamen berri batean», aitortu zuen Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, atzo. Are, legebiltzar taldeei lankidetza eskatu zien eredua eguneratzeko prozesurako. «Espero dugu aurki anbizio handiko proposamen zirriborro bat izatea».

Osakidetzako oposizioko irregulartasunak ikertzeko prozesuaren berri eman zuen Darponek legebiltzarrean. Aitortu zuen ez dagoela «batere harro» lan eskaintza publikoa nola garatu den. «Berme handienak izan ditu, baina argi dago zerbaitek huts egin duela». «Huts» egin zuen hori antzemateko eta zuzentzeko egindakoak zerrendatu zituen sailburuak: proba guztien azterketa estatistikoa, zortzi ikerketa txosten irekita, diziplina espedienteak tribunaletako zazpi kideri, eta berriz antolatuko dituzten bost azterketa.

Azterketa horien harira, Darponek iragarri zuen urtea amaitu baino lehen egingo dituztela. Are, lan eskaintza horietan egongo diren aldaketak berretsi zituen: bi azterketak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egingo ditu, biak test motakoak izango dira, eta «automatikoki eta anonimoki» zuzenduko dira. Halaber, gaineratu zuen berriz egingo diren azterketa horiek ez dutela baldintzatuko 2019an egingo duten lan eskaintza publikoa.

«Opakutasuna» leporatu

Darponek oso ontzat jo zuen Osasun Sailak eta Osakidetzak egindako lana. Ez, ordea, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk. Gehien entzun zen kritiketako bat «opakutasuna» izan zen, eta gertakarien garrantzia «txikiagotu» izana. Hiru alderdietako kideek Osakidetzako barne ikerketako aktak baliatu zituzten beren kritiken oinarri gisa. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu zuen argudio berak balio duela kategoria batzuen azterketa batzuk berriz egiteko, baita beste batzuk berriro ez egiteko ere. «Nahiko nuke herritar guztiek irakurri ahal izatea gure esku jarri diren akta eta txostenak; burugabekeria da».

Osasun Sailak zenbait eragileri ahalbidetu die ikustea barne ikerketaren dokumentazioa: legebiltzarkideak, arartekoa, sindikatuetako ordezkariak... Dokumentazio horretatik ateratako informazioa xehatu zuten aipatu hiru alderdietako legebiltzarkideek, irregulartasunen nondik norakoak irudikatzeko.

Hamaika «iruzur zantzu»

Legebiltzarkideek barne ikerketan jasotako hamaika «iruzur zantzu» zerrendatu zituzten. Makazagak gaineratu zuen aktetan jasotako horiek «frogak» direla filtrazioak ikertu ahal izateko. «Azterketa errepikatzea ezin da neurri bakarra izan; lan eskaintzan parte hartzen duten asko zigortzen dira egin ez duten zerbaitengatik». Are, salaketak «estali» nahi izatea kritikatu zion sailburuari, «usteldutako sisteman beste ezerk ihes egin ez dezan». Azkenik, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari eskatu zion Darpon sailburua kargugabetzeko.

Maria Jesus Mugika Osakidetzako zuzendariak erantzun zuen erabakiak hartu dituztela hiru ardatz batera aztertuta: aztertu diren kideen salaketak, ikerketen aktak, eta Oviedoko Unibertsitateko aditu batek egin zuen azterketen ikerketa psikometrikoa. «Gure eskumenak heltzen diren lekuraino heldu gara; deliturik egon den aztertzea fiskalaren ardura da». Halaber, gaineratu zuen aurtengo Osakidetzako oposizioetan aurreko lan eskaintzetan baino salaketa gutxiago jaso dituztela, batez beste.

Laura Garrido PPko legebiltzarkideak irregulartasunak argitzeko beharra goratu zuen, «sistema ezbaian» jarri duten jokabideak antzemanez. «Jokabide horiek ezin dira zigorrik gabe geratu, eta ezin da zigorgabetasun sentsaziorik egon».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna