Ikastolek eskolatze batzordeen erabakiekin lotu dute segregazioa

Jatorri atzerritarra duten ikasleak ikastetxeetan modu orekatuan banatzeko neurri zehatzak proposatu ditu Ikastolen Elkarteak. «Irtenbide integralak» adostera deitu ditu eragileak
Ikastolen Elkarteko Artezkaritza kontseiluko kideak, atzo, proposamena aurkezteko agerraldian.
Ikastolen Elkarteko Artezkaritza kontseiluko kideak, atzo, proposamena aurkezteko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko urriak 19
Hona Ikastolen Elkartearen ustez eskola segregazioari aurre egiteko berehala hartu beharreko neurria: hezkuntza eragileek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskolatze batzordeetan parte hartzea. «Atzerriko jatorria duen ikasleria bereziki matrikulazio garaitik kanpo eskolatzen da, eta horien matrikulazioa eskolatze batzordeek egiten dute. Dagokion herrian matrikulazio arazoak dituen ikastetxera bideratzen dute ikaslea ia beti», ohartarazi du Koldo Tellitu federazioko lehendakariak. Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko teknikariak dira gaur egun kide bakarrak. Tellituk uste du eragileek banaketa «orekatuagoa» egingo luketela. Iazko datua ipini du adibide gisa: 4.200 ikasle iritsi ziren matrikula sasoitik kanpo, eta 250 bidali zituzten batzordeek ikastoletara.

Atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea «herri apustua» dela uste du Ikastolen Elkarteak. Nabarmendu dute egoera aztertu eta eragileen artean «irtenbide integralak» adostu behar direla. «Ekimena» hartu nahi izan dute. Horregatik, elkarteko artezkaritza kontseiluko eta zuzendaritzako kideek babestuta, euren proposamena aurkeztu zuten Tellituk berak eta Nekane Artola lehendakariordeak, atzo. Zortzi neurri dira; eskolatze batzordeena da lehena. Baina badute eskaera gehiago ere, eta «horrek besteko garrantzia edo gehiago» dute ikastolentzat. Besteak beste, hizkuntza ereduen sistema kendu eta murgiltze eredua ezartzea nahi dute. «Ez genuke ulertuko [EAEko] Hezkuntza Lege berriak apustu hori ez egitea. Ezinbestekoa da, eta ez bakarrik segregazioa gainditzeko». Tellituk uste du gaztelania hizkuntza hegemonikoa izateak baduela eragina: «Ezin dugu ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleak gizarteratzeko eginbidean hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela».

Orain gainontzeko eragileei azalduko diete euren proposamena. «Batzuetan badirudi mutur bateko eta besteko jarrerak ordezkatzen ditugula, baina segregazioaren kontu honetan dirudien baino gertuago daude eragileon jarrerak», nabarmendu du Tellituk. Esan du zortzi puntuko proposamena taxutzen ibili direnean beste eragileek egindakoak ere irakurri dituztela, eta «espero baino antzekotasun gehiago» topatu dituztela euren artean.

Datua urte batetik bestera aldatu egiten dela esan du Tellituk, baina, batez beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskoletan dauden jatorri atzerritarreko ikasleen %4 eta %5 artean dago ikastoletan matrikulatuta. «Ezin ditugu begiak itxi egungo errealitatearen aurrean», aitortu du Artolak. Hala ere, Tellituk ohartarazi du hiru herrialde historikoetako hiriburuetako egoera hori den arren, zortzi herritan ikastola dela atzerritar gehien dituen ikastetxea. Gehitu du «duela urte batzuk» Gipuzkoan egoera «orekatuagoa» izan zela. «Politika okerren erruz egin du okerrera egoerak». Politika berriak nahi ditu egoera orekatura itzultzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ibai Maruri Bilbao

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna